AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Behin baino gehiagotan aipatu da burgesiaren garaipen politiko-kulturala dagoela XX. mendeak utzitako ezaugarrien artean. Hain zuzen, XXI. mendean kapitalismoaren hegemonia kultural batez hitz egin daiteke. Eta hegemonikoa den ikuskera horri erantzuten diote erabat gaur egungo sozializazio prozesuek, masan kontsumitzen dugun kulturak eta, baita mundua ulertzeko eta bertan jarduteko dugun azaleko erak ere. Hau da, egun gure bizitzako aspektu oro kategoria burgesen pean antolatzeaz gain, burgesiaren garaipen politiko-kultural horren ondorio da gure pentsamendua ere optika burgesaren arabera artikulatzea, kosmobisio oso bat kontrajartzen ez bazaio behintzat. Hala, horren adierazle da askatasunaz ari garenean askatasun indibidualaz aritzea, edo eskubideez jardutean horiek betetzeko baldintza errealei ez erreparatzea; norberaren arazoei irtenbide indibidualak bilatzea edo apolitikotasun orokortua bezainbeste.

Aurreko ikuspuntuan aipatu nuen sexualitatearen alorrean gertatu den aldaketa kulturala, ekoizpen eta erreprodukzio modu kapitalistaren berrikuntzen ondorio dela, batez ere. Gainera, hegemonikoa den mundu-ikuskera burgesaren arabera interpretatzen denez orokorrean, sexualitateak gizartean eta eguneroko harremanetan hartu duen izugarrizko presentzia sexu askatasunaren terminoetan ulertzen da gehienbat, eta ez zaio erreparatzen hark erreproduzitzen duen egoerari. Autonomiaren kontzeptualizazioa eta errealizazioa ere norberak bere gorputzarekiko duen kontrolean ulertzen da oro har, eta, horrenbestez, eduki sexualak ekoitzi eta kontsumitzeko merkatuan zein merkatutik kanpo zabaldu diren aukerak bakoitzaren autonomiaren termino horietan aztertzen dira. 

Testu honetan, masa kultura hipersexualizatu baten aurrean gaudela baieztatzeaz gain, argudiatu nahiko nuke hipersexualizazioa, askatasun indibidualen eszenatoki bat ahalbidetzetik urrun, geure zapalkuntzan sakontzen duen fenomeno bat dela, eta berdin-berdin betikotzen duela emakumeok objektu sexual garelako iruditeria, formaz aldatu edo elementu inklusiboak sartu nahi izan arren. Horrekin loturan, alor honetan proiektu erreformistaren bozgoragailu diren proposamen politiko feministek gizarte burgesaren aspektu kultural bakoitza modu isolatuan eta gizarte burgesaren zimenduak erauzi gabe aldatu daitekeela uste dutenez (hipersexualizazioa zapaltzaile izatetik ahalduntzaile izatera eraldatu daitekeela pentsatuta esaterako), egoera hau iraultzeko duten ezintasuna seinalatu nahiko nuke.

Emakumeon irudi sexualizatua geure zapalkuntzarako erreminta izatea ez da gaurko kontua, pornografiak eta prostituzioak, nahiz eta kapitalismoan aldaketa esanguratsuak jasan, leku garrantzitsua bete baitute aspalditik; sekula ez da, ordea, haren kontsumo zein ekoizpena gaur bezain eskuragarri eta zabaldua egon. Gazteon artean hain hedatuta dagoen Instagram edo TikTokari begiratu bat ematea besterik ez dago eduki erotikoek betetzen duten lekuaz ohartzeko. Are, arreta berezia merezi du Only Fansen fenomenoak: 2019tik 2020ra artean bakarrik sei aldiz hazi zen erabiltzaile kopurua: osotara 120 milioira iritsi zen. Esanguratsua da horien artean % 1ek baino gutxiagok igotzen dituela bere argazki eta bideoak, besteak beste sexualak, eta gainontzekoak kontsumitzaileak liratekeela. Only Fansen fenomenoak eztabaida handia sortu du, eta bereziki autonomiaren terminoetan ebatzi da: aldekoek argudiatzen dute edukiak sortzen dituenak bere gorputzarekiko kontrol osoa daukala eta nahi duen edukia berak erabakitako prezioan saldu dezakeela, edota ekoizlea edonor izan daitekeenez, hipersexualitatea gorputz normatiboetatik gorputz ez-normatiboetara hedatzeko aukerak ematen dituela, esanez bezala: hipersexualizazioa, bai, baina guztiontzat! Horrelakoak eta “dibertigarria da” tankerakoak entzun ahal izan genituen iragan urtean  Klakek gaiari eskainitako saioan, adibidez. Alde batetik, argumentuon atzean dagoen ikuskeran, emakumeon boteretze edo ahalduntzeari buruzko auzia erabat termino indibidualetan jasotzen da, gure bizitzak eta, baita, gure sexualitatea dominatzeko boterea daukana ahal guztiez gabetzeko ezinbestekotasuna ebatzi gabe, hau da, burgesiari gure bizitzen gaineko kontrola disputatzeko beharrari muzin eginez. Bestetik, hipersexualizazioak emakume gazte gehienen bizitzetara arazo larriak dakartzan honetan, haren apologia egitea, egiten den terminoetan eginda ere, zinez da arriskutsua.

Izan ere, hipersexualizazioa egungo ezaugarri kultural bilakatzeko tresneria martxan dago (enpresa estetikoak, pornografia, sare sozialetako influencer andana, eszena musikal guztiz sexualizatua, etab.) eta hori ez da inolaz ere kapitalismoaren dinamika orokorretik kanpoko auzia eta, beraz, burgesiaren dominazioaren logikaren baitan aztertzea dagokigu, hots, erantzuten dieten interesak aztertu eta sortzen dituen ondorio sozialei erreparatuta. Kontsumitzen dugun kultura hipesexualizatuak, alde batetik, zabaltzen ari den industria sexuala osatzen duten enpresa handien, eta bestetik, horretaz baliatzen diren norbanako burgesen poltsikoak puzteko eta haien boterea handitzeko balio du, eta horrek aldi berean, bide ematen dio emakume proletarioen gaineko esplotazio basatiari.

Baina horretaz gain, betetzen du bestelako funtzio politikorik ere, hain zuzen, ideologia burgesaren eta indarkeriaren normalizazioarena eta proletalgoaren despolitizazioarena. La isla de las tentaciones adibide ilustratzailea izan daiteke horretarako. Gisa honetako ekoizpenek, indarkeria normalizatuz, hura hedatzeko marko berri bat irekitzen dute. 3 milioi ikusle izatera[ii] iritsi den reality show horretan  agertzen diren harremanek indibidualismoa, hipersexualitatea, errespetu falta, bortizkeria eta abar erakusten dute eta, aldi berean, ikusleei besteen bizitzako aspektu hutsaletan harrapaturik eusten die. Horrek belaunaldi berriengan ondorio latzak dituela ikus dezakegu. Izan ere, bortizkeria oinarri duen eduki sexuala gero eta eskuragarriago egoteak eta gero eta gazteagotatik kontsumitzeak gazteek duten indarkeriaren gaineko iruditerian eragiten du: belaunaldi gazteenetan dago indarkeria matxista estrukturalki jadanik existitzen ez delako ustea zabalduen, nahiz eta, paradoxikoa irudi arren, indarkeria eta jazarpen sexuala gazteen artean areagotzen ari den. UNICEFek orain gutxi estatu espainiarreko 11 eta 18 urte bitarteko 41.509 gazterekin eginiko ikerketaren[iii] arabera nerabeen % 11,4k bere buruaren eduki erotiko edo sexualak bidaltzeko presioa jasan du eta % 3,7ri mehatxu egin diote bere eduki sexuala zabaltzearekin.

Eszenatoki askatzaile baterako aukerak ematetik urrun, aipatutako aldaketak mendekotasun burgesa handitzen du. Sare sozialak proletalgoa idiotizatuta mantentzeko tresnak dira, eta funtzio despolitizatzailea dute karaktere politiko gisa. Eta ezaugarri askoren artean, hipersexualizazio horrek ere betetzen du despolitizazio horretan lekurik: kanon estetiko eta estereotipoak betetzearen presioa handitzen dute, emakume langile asko eta askoren lehentasuna influencer direlakoek erakusten duten bizitza eredua erreproduzitzea (gorputzarekiko obsesioa, kontsumo estetiko handia, …) bihurtzen da, emakume langileon bizi ereduak, era berean, espektatiba hori betetzeko erroko zailtasunak izan arren. Gainera, norbere irudiari lehentasuna ematen zaion sare horietan, ideologia burgesari berezkoa zaion indibidualismoa areagotzen da. Horrela, zurrunbilo horretan harrapatuta, zaildu egiten da kontzientzia politiko askatzailea garatzea. Hori gutxi balitz, are gehiago zailtzen da kontua eszenatoki sexualizatu eta indibidualizatzaile hori bera kontzientzia askatzailea garatzeko potentzial gisa adierazten bada. Izan ere, “kultura feminista” delakoa, ideologia burgesarekiko hausturan (eta hortik kanpoko subertsibitate gisa) adierazteko saiakera egiten den arren, azkenerako, ideologia burgesaren beste adierazpen bat gehiago baino ez da.

Kasurik onenean, interpretazio feministek identifikatzen dute gaurko gizartea gero eta sexualizatuago dagoela, emakume langileok garela kultura sexual horren objektu behinena eta iruditeria horrek emakume langileon bizi ereduan ondorio lazgarriak dituela. Aitzitik, kostata garatzen dute norbere erabakitzeko eskubidetik eta askatasun indibidualaren markoaz haragoko horren guztiaren kritika politikoa; ondorioz, kapitalismoaren dinamikatik aparteko auzi gisara lantzen dute. Kasurik arriskutsuenean, ekoizpen kapitalistaren beharrei erantzuten dien eta emakume langileak azpiratuta mantentzeko funtzioa betetzen duten kultur adierazpenen apropiazio bat aldarrikatzen dute, horien izaera dominantea borondateak edo onarpen ezak soilik determinatuko balu bezala. Horren adibide da feminismoaren izenean  «borondatez» eta «nahieran» norbere burua hipersexualizatzearena, zer eta gizarteak emakumeoi objektu sexual izatearen zama ezartzen digun honetan.

Baina, sexualitatea politizatu egin dela esan bagenezake, hurrengo zentzuan izango da: ideologia burgesaren zabalpenerako erreminta bilakatu delako, eta ez, lau haizetara zabaltzea hain gustuko den eran, guztion askatasunerako esparru estrategiko bihurtu delako. Esan bezala, masa-kulturak interbentzio kulturalerako gaitasuna handia dauka, aipatutakoez gain, espektatibak eta norbere bizitzaren proiekzioak barru-barruraino sartzeko ahalmena daukalako. Era berean, horri gure gorputzen hipersexualizazioa emakumeon zapalkuntzan sakontzeko arma kultural bilakatu dela gehitu behar diogu. Ez dut esan nahi sexualitatearen alorrean egin diren aldaketa guztiak kaltegarriak izan direnik; izan ere, tabuak kalte handiak ekarri izan dizkio hamaika emakumeri. Auzia zinez da konplexua, eta ez da nire asmoa sinplifikazio hutsaletan erortzea, nahiz eta artikuluaren luzerak ez didan nahi adina sakontzeko aukera ematen. Baina, sexualitatea modu askean bizi ahal izatea eta zapalkuntzetarako iturri ez izatea badugu helburu, eztabaidaren muina eta, beraz, ahalduntzearen auzia, norbanakoetatik kolektibora desplazatu nahiko nuke behintzat, ahalduntze terminoen edo askatasunaren inguruko auziaren desplazamendu bat gertatzen ari baita askatasun indibidualetara.

Boteretzea termino politikoetan soilik egin daiteke, hau da, gure bizitzen gaineko kontrola erauziz burgesiari. Baina politikarako aukerak geroz eta urrutiago gelditzen dira, klase kontzientzia garatzeko ezintasuna eta proletalgo babesgabea ekoizten dituen eszenatoki honetan. Horregatik, komunistontzat masa kultura hipersexualizatuarekin eta hori elikatzen duten instituzio zein agente burgesekin amaitzeko antolakuntza politikoa garatzea beharrezkoa den bezala, ezinbestekoa da, burgesiari hegemonia kulturala disputatzea, hori betikotzen laguntzen duten proposamen politikoen kritika zorrotzetik abiatuz, besteak beste.

EZ DAGO IRUZKINIK