Deialdi garrantzitsua daukagu larunbatean Bilbon eta Iruñean: gerraren eta faxismoaren gorakadaren aurkako aldarriek Euskal Herriko kaleak hartzeko unea izango da. Mendebaldeko agintariek gerrara garamatzatela inoiz baino argiago ikus genezake azken boladan, eta gerraren eta austeritatearen agenda martxan dago honezkero. Eskalada belikoa eta Europaren militarizazioa nabariak dira, eta oligarkia atlantistaren irabazien eta interesen baitan sortutako guda aitzakiatzat hartuta, badirudi justifikatuta dagoela gastu militarra areagotzea. Beldurraren propaganda hedatzen eta gerraren ideia normalizatzen duten bitartean, langileon poltsikoak husten eta murrizketak egiten ari dira, baita langileria eskubide sozialik eta politikorik gabe uzten ere.
Horrekin batera, abian da Mendebaldeko blokeak aho batez hitzartutako agenda erreakzionarioa, eskuin muturrari eta faxismoari ateak parez pare ireki dizkiona, eta desideologizazio eta despolitizazio garai honetan aise hazteko arriskua izan dezakeena. Gure kontzientzian eragin eta garai batean zilegi ez ziren ideiak lerroburu bilakatu dira, bai eta praktika politikoak ere. Ultraeskuineratze-prozesu horretan, ideia erreakzionarioz blaitutako kultura alienante batean hazteko eta hezteko arriskua daukagu gazteok, eta urgentziaz erantzun behar diogu horri.
Lehen lerroa hartu beharra daukagu faxismoaren eta gerraren aurkako borrokan. Ultraeskuineratze-prozesuari aurre egin, subjektu aktibo bilakatu, kaleak hartu eta borroka egin behar dugu; borrokaren aldeko aldarria lau haizetara hedatu eta kontzientzia borrokalaria eraiki behar dugu pasibotasunaren kontra. Despolitizazioaren aurka, antolatzearen aldeko apustua egin behar dugu; kultura alienantearen aurka, aukera erreal bilakatu behar dugu milaka gaztek bestelako kultura politiko bat eraikitzea. Erakutsi dezagun dena ez dela erreakzioa eta, Euskal Herrian, agenda erreakzionarioaren kontra, milaka gaztek egiten dugula apustu borroka, konpromiso eta antolakuntza politikoaren alde. Larunbatean, kaleak hartuko ditugu.