Ingurukoaz ohartzen hasi ginenerako bazirudien dena oker zihoala. Urtetan eta etengabe entzun izan dugu ezerk ez duela funtzionatzen, dena akabatuta egongo balitz bezala ez dagoela dagoeneko zinezko baliorik duen ezer, edo, are okerrago, halakorik inoiz egon bada, gu jaio aurretikoetan egon dela. Hala entzun izan dugu, eta zer esanik ez munduaren euskal bazter honetan. Gazte samarretatik kulturaren eta artearen gaiak izan ditugu tema, eta hor ere berdintsu: hasieratik entzun izan dugu jada ez dela apenas ezer interesgarririk edo –hitz lausoegi hori– apurtzailerik egiten eremu artistikoan, gazte-jendea erdi lo bezala dagoela, ez dagoela taxuzko eztabaidarik eta kritikarik kultur munduan. Jakina, hein batean egia da nolabaiteko susmo hori edo, hobe esanda, ulergarria da: giro politikoarekin du zerikusi zuzena, nik uste, subjektu iraultzaile oro integratu izanarekin, aurrera begirako proiektu historikoaren galerarekin. Baina, dena dela, garbi dago «jada ez dago ezer» eta «egon baldin bada, jada pasatu da» bezalakoak, zintzotasun politikoz eginiko kritikak ez badira, fikzio erreakzionarioak baizik ez direla. Hona iritsi nahi dut: iruditzen zait garai interesgarriak direla Euskal Herriko kultur panoraman, eten politiko-kulturalak suposatu dituen galerak ezin neurtuzkoak badira ere, uste dut aukera ireki dezakeela proposamen berrientzat, eta gertatzen ari direla dagoeneko hainbat problematizazio eta eztabaida, proposamen horietako askoren artikulazio politikoaren auziak oraindik ezbaian jarraitzen badu ere.
Eztabaidagai interesgarri horietako batzuk Basilika proiektutik datoz. Pasa den udaberrian eman zioten kultur munduko zenbait pertsona ezagunek hasiera proiektuari eta ordutik kulturari eta arteari lotutako esparru desberdinei buruzko podcastak argitaratu dituzte. «Sakoneta» podcasta egin zait interesgarrienetakoa niri, Jon Urzelaik eta Kepa Matxainek gidatua, oraingoz bi saiotan heldu diete estetikari eta arte-ekoizpenari buruzkoei. Besteak beste, artearen merkantilizazioaren fenomenoa, berrikuntza estetikorako aukerak eta mugak, arte politikoaren gaia eta abar jorratu dituzte, eta estimatzen da gaiei heltzeko aspalditxoan ikusten ez zen modu landu eta zaindua. Sarean daude entzungai.
Azken saioan arte-kritikaren gaiari heldu diote, Terry Eagletonen The Function of Criticism (“Kritikaren funtzioa”, 1984) liburua hizpide hartuta. Asko hitz egin izan da kritikak Euskal Herriko kultur egoeran betetzen duen eta bete lezakeen lekuaz: sarritan galdetu izan da zinezko arte-kritikarik ba ote dagoen gurean, egiten direnak ez ote diren erreseinak edo kronikak kritikak bainoago, artelanen alde onak soilik aipatzen direlako eta negatiboaz ez delako txintik esaten. Badirudi datuek ere hala erakusten dutela: saioan bertan aipatzen da Ibon Egaña ikerlariak 2015ean publikatu zuen Izan gabe denaz liburua, non ondorioztatzen baita hogeita hamar urtetan euskarazko prentsako kritiken % 84 ikaragarri bat izan zela positiboa.
«Sakoneta» saioak, ordea, harago joatea bilatzen du, arte-kritikaren adiera zabalago batez hitz egin nahi du, kritikaz instituzio gisa. Eagletonen aipatutako liburuan barrena, gogoratzen dute nola kritika-instituzioaren agerpena gizarte burgesaren sorreran bertan kokatu behar den, artea ere mezenasgoaren paradigmatik merkatuarenera pasatzen denean, hain justu. XVII. eta XVIII. mendeetan, burgesia iraultzaileak espazio bat bereganatzen du hedabide propio eta abarretan mundu zaharraren kritika egiteko. Ondo aipatzen dute «Sakoneta»koek nola bihurtzen den kritika estatu absolutistaren aurkako arma, baina, era berean, baita ordurako hegemonikoa zen moral burgesaren zaindari ere. Gizarte burgesaren garapenarekin eta klase-borroka agerikoago egitearekin bat hartzen du kritikak kutsu politikoagoa, eta moralaren zaindari izatea, finean, proletalgo gorakorraren aurkako arma publiko bihurtzen da. Gaur egunera salto eginda, Eagletonek ez dio kritikari funtzio garaikide garbirik topatzen: kultur industriaren erreprodukziorako dispositiboa da gehienera, edo mundu akademikoko auzi pribatu bat bestela. Funtzio tradizionalera itzuli beharraz mintzo da idazle ingelesa: garai batean estatu absolutistari kontra egiteko funtzioa bazeukan, estatu burgesaren aurka egin behar luke gaur kritikak, bertan galduko ez bada.
Horraino Eagletonenak. Arrazoiarekin galdetzen dute «Sakoneta»koek ez ote den funtzio handiegia estatu burgesari kontra egitearena eta nola egin ote daitekeen halakorik. Mundu garaikideko artearen merkantilizazioak kezkatuta, formaren gaineko eztabaidetara mugitzea proposatzen dute haiek, beste testu batzuk gogora ekarrita. Esaterako, eduki hutsaren arabera interpretatu beharrean, arte kontuetan zentzumenetara itzuli beharra aipatzen dute, kritikariak edukiari buruzkoak formari buruzkoetan disolbatu beharko lituzkeela. Antzeko bidetik doaz duela pare bat hilabeteko «Moderno» izeneko saioan ere: kapitalismo aurreratuan, zinezko berrikuntza eta haustura artistikorako dagoen aukera murritzaz dihardute. Urzelairen eta Matxainen iritziz, artearen zeregina «sistema kuestionatzean» datza, eta hori formaren auzia da. Formari erreparatu behar dio artistak batik bat, konbentzioei eta ezarritako arau formalei iskin egin, dagoeneko integratuta ez dagoen zerbait sortzeko. Artistari subjektu kritikoaren izaera aitortzen zaio nolabait, merkatuak ezarritako arau formalak ulertu eta gainditu behar dituen norbanakoa da, konbentzioez harago berrituko badu.
Finean, «Sakoneta»koek –Adornoren bidetik– artista eta artelana ipintzen dituzte sistemarekin parez pare, hori da «bi indar handien arteko tentsioa»: zu zaude merkatuaren aurka, eta berrikuntzarako aukerarik baldin badago, tentsio horretan ikusten dute. Jakina, berehala aipatzen dute, halaber, izatez sistemak bere barruan hainbat berrikuntza formal integratzeko gaitasuna erakutsi izan duela, eta galdetzen dute nola saihestu ote daitekeen hori. Eagletonek berak erantzuten die, The Ideology of the Aesthetic (“Estetikaren ideologia”, 1990) liburutik: «Zenbat idealismo dagoen arteak, bere kabuz, asimilazio orori aurre egin diezaiokeela pentsatze horretan! Apropiazioaren auziak politikarekin du zerikusia eta ez kulturarekin (...). Beraiek irabaziz gero, agintzen jarraitzen dute, eta ez dago zalantzarik ez dela ezertxo egongo printzipioz neutralizatu eta xurgatu ezin dezaketenik. Zuk irabazten baduzu, haiek ezingo dute ezer berenganatu (...). Burgesiak asimila ezin dezakeen gauza bakarra bere porrot politikoa da».
Eagletonen aipuak auziaren muinera garamatzalakoan nago. Askotan izaten den sentipena da: adostasun zabala egon daiteke analisian –esaterako, kapitalismo aurreratuak artearen merkantilizazioan eta degradazioan izan ditzakeen ondorio lazgarrietan–, baina aterabideetan daude desadostasunak. Desadostasun horiek, funtsean, politikaren lehentasunaren araberakoak dira, nik uste: Eagletonek «liberalismo-humanista» deitzen dion posizioak, artearengan duen gehiegizko konfiantzatik, uste du arteak berak konpon ditzakeela bere arazoak; posizio marxistak, aldiz, politikaren lehentasuna galdegiten du, beti jakin izan baitu botere materiala botere materialaren bidez baino ez daitekeela garaitu. Eagletonek berak marxista kontsekuente izatea erakutsi izan du urtetan, eta ondotxo daki arte-kritikari «estatu burgesaren aurka egiteko» funtzioa ipintzen dionean kritika politikoaz ari dela, hainbatetan defendatu izan duen bezala. Hain justu, Walter Benjamin or Towards a Revolutionary Criticism (“Benjamin edo kritika iraultzaile baterantz”, 1981) liburuan, dio «kultur teoria marxistaren eginbeharrak politikak ipintzen ditu[ela]»; ez dagoela, alegia, diziplina politikorik gabeko kritika marxistarik. «“Kritikari marxista”ren eginbehar nagusia», dio, «masen emantzipazio kulturala gidatzea eta hartan aktiboki parte hartzea da. Idazle-lantegiak, artista estudioak eta antzerki popularra antolatzea; kultur eta hezkuntza aparatuak eraldatzea; diseinu publikoan eta arkitekturan aritzea; eguneroko bizitzaz arduratzea, diskurtso publikotik hasi eta “kontsumo domestikoraino”».
Nik ere halaxe uste dut: kapitalismoaren gaineko analisi egoki batek aterabide politiko eraginkor bat eskatzen du nahitaez. Uste dut posizio politiko sozialistak aukerak irekitzen dituela –baita Euskal Herrian ere– kritikak bere zinezko funtzioa berreskuratu dezan: bere proiektua zintzotasun politikoan oinarritzen delako, euskal kultur panoraman nagusi den batasun nazionalaren ideia efektiboki zalantzan jarri dezakeelako eta, batik bat, metodo marxistaren erabilera eraginkorra bultza dezakeelako. Hala bihur liteke kritika arma politiko gizartearen emantzipazioaren bidean, zeinaren bidez soilik izango baita posible arte-ekoizpenaren garapen askea. Arteak ezin ditzake bere arazoak bere kabuz konpondu: gizarte kapitalista bera da arazoa eta haren gaindipena borroka ekonomiko, politiko eta kultural sozialistaren bidetik baino ez da etorriko. Izan ere, Eagletonen liburuan aipatzen den Walter Benjaminek zioen bezala, «borroka iraultzailea ez baita jokatzen kapitalismoaren eta espirituaren artean, kapitalismoaren eta proletalgoaren artean baizik».