Gezurra dirudien arren, orain dela bi urte "herritarrek osasun-zerbitzuekin duten harremanean" izan beharreko "aldaketa kulturalari" buruz hitz egiten zuen pertsona berak amaitu du Gasteizko ospitale pribatu bateko zuzendari medikoa izaten. EAJk ustelkeriaren uretan egiten du igeri, eta gainera ez du ezkutatu beharrik. Norbaiti EAEko Osasun sailburu ohia nor izan zen ahaztu bazaio ere, bere unerik onenetan, herritarrei adierazi zien normalizatu egin behar zela osasun-zerbitzu bat jasotzeko gehiagotan mugitu behar izatea, eta onartu egin behar zutela anbulatorio batzuetan erizainak soilik egotea edo zentro batzuk opor garaian itxita egotea. Hori bai, agian, hurrengo urteetan gertatuko zen desegite kategorikoaren inguruan hitz egiteko zintzotasunaren saria eman behar genioke.
Denok jakin arren politikari profesionalak nola mugitzen diren osasungintzaren inguruko postu erabakigarriak betetzeko, izan zuzendaritza medikoetan, osasun publikoan edo azken horrek azpikontratatutako enpresetan, akats bat izango litzateke Sagardui EAEko desegitearen eta kolapso sanitarioaren arduradun bakartzat hartzea. Izan ere, alderdi politiko guztiak daude Europa mailako finantziazio-interesen arabera mugatuta, eta akats bat izango litzateke pentsatzea bizitzen ari garen osasun-krisia geldi dezaketela, momentu honetan ez baita lehentasunezkoa osasun-aurrekontua handitzea. Azken horren erakusle da Sagarduik alde egin izana baina denak berdin jarraitzea.
Nahiz eta, gaur egun, hainbat alderdi politiko saiatzen diren euren aurpegia zuritzen osasun-proposamen berrien bidez, tentuz ibili behar gara. Adibidez, aurreko hilabetean Donostian itxitako Etengabeko Arreta Gunearen aurrean, zentroa berriz irekiko dutela jakinarazi dute. Baina zein balditzatan? Dirudienez, EAG zaharrari izena aldatu diote eta "erizaintzako errefortzu puntua" izango da orain, osasun-zentro bat mediku gabe uzteak ekar ditzakeen arriskuekin. Beste adibide interesgarri bat litzateke Nafarroako Osasunaren Legearen aurreproiektua. Azken horrek, mediku faltaren arazoari aurre egiteko, langileen mugikortasuna eta malgutasuna handitzeko asmoa dauka, langileak lan-pertsonal bihurtuz, baina beharrezkoa den arreta emateko langileak falta direla konpondu gabe. Horretarako, Osasunbidea eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua enpresa-erakunde publiko bihurtzea planteatu du Nafarroako Gobernuak. Eta azken adibide bezala, zer esanik ez Osakidetzako Osasun Itunaren inguruan, oraindik ere informazio gehiago izateko zain baikaude.
Egoera honek guztiak agerian uzten du normalizazio kulturalerako norabidea, osasungintza beste termino batzuetan ulertzeko; Sagarduik aurretik iragarri bezala, eta bera gabe ere ezartzen ari diren bezala. Jadadik ez gaitu harritzen medikuarenera joaten garen bakoitzean familia-mediku ezberdin batek gu artatzea, edo nolabait ulertu egiten dugu urtebeteko itxaron-zerrenda kirurgiko bat egotea interbentzio bat behar dugunean, aipatu izan ditugun beste mila adibideren artean. Beraz, ezinbestekoa da ulertzea osasun-sistemaren egiturazko kolapsoa krisiaren ondorio bat dela eta politikari profesionalek honetan guztian betetzen duten rola. Hortaz unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa izango ez den osasungintza normalizatzeko inposizioaren aurrean, jarrera kritikoa izan behar dugu.