AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Irakasle-ikasketek frustrazio handia sortu izan didate bertan daramatzadan hiru urteetan, eta horren huskeria edo azaleko izaera arrazoitzeko gako batzuk ematen saiatuko naiz, neure burua ikasketa horien beharrezkotasunean berresten badut ere, ulertuz, betiere, hau ez dela figura konkretuekiko (irakasle edo ikasgai bakoitzarekiko) eraso zuzena izango, egiturazko arazo baten isla baizik.

Behin baino gehiagotan entzun izan dugu irakasle-ikasketetako ikasleok Lehen Hezkuntzan (LH) irakasten den edukia ikasten dugula, eta batzuetan nik ere sentsazio hori izan dudala esango nuke. Askotan, ikasgaiaren didaktika ikasi ordez, ikasgai horretako edukia besterik ez dugu lantzen, eta maiz infantilizatu egin izan gaituzte maila horretako jarduerak egitera mugatuta (inolako zentzu pedagogikorik gabe, eta landu nahi diren irakaspenak era abstraktu eta azaleko batean jorratuz, errealitatean horiek aplikatzeko eta kritikoki lantzeko helburu gabe). Horren arrazoi nagusia hezkuntzaren inguruko ikerketa falta dela esango nuke; egungo gizarte kapitalistan hezkuntzari ematen zaion garrantzi ezaren isla. Izan ere, hezkuntza burgesaren helburu bakarra, irabazien legeari jarraikiz, gizarte eta esplotazio kapitalistari baliagarriak eta adeitsuak zaizkion langileak heztea da, pertsonen garapenean edo ongizatean inongo interesik jarri gabe (hala azaleratzen dute azkenaldian ikasleen artean areagotu eta orokortu diren osasun mentaleko arazoek ere).

Logika kapitalista horren barruan ere, aipagarria iruditzen zait praktiken amarrua. «Etorkizuneko egoeran kokatzeko eta kasu errealetatik abiatutako ikasketak jasotzeko aukera» gisara saltzen digute, horren atzean dagoen esplotazioa apainduz, bigarren irakasle batek beteko lukeen lan bera egiten baitugu (dauden ikasle-ratioekin maiz ezinbesteko zaie hori), baina soldatarik gabe. Aipatu gabe doa hori lan prekarizaturen batekin konbinatu behar izaten dugula (eguneroko bizitzari aurre egiteko) eta antolatzeko muga nabarmenak dakartzala (irakasle baten lanaldi bera betetzeak dakarren lan-kargaren ondorioz).

Kapitalismoaren kontrako adierazpen gisara saltzen dizkiguten «Eskola Inklusiboaren Oinarriak» eta tankerako ikasgaiak ere baditugu, balio batzuk transmititze aldera sortu omen direnak. Horien inguruan, baina, ez dira egon daitezkeen proposamen ezberdinak aurkezten; genero-berdintasunaz hitz egitean, esaterako, aukera instituzionala proposatzen da irtenbide bakartzat (martxoaren 8an adibidez), eta gainontzeko mugimenduen proposamenak sistematikoki alboratzen dira. Gainera, askotan irakasleek euren autoritatea erabiltzen dute ikasle-mugimenduen jarduna gutxiesteko, eta ez dute inolako interesik erakusten horiekiko.

Eta, alternatiba errealekiko interes faltarekin batera, aipatu beharrekoa da errepresioak jokatzen duen papera ere. Izan ere, errepresioak lotura zuzena du hezkuntzarekin, eta bi eratan norabideratu genezake haren erreprodukzioa: batetik, Unibertsitatean bertan jasotzen duguna legoke, eta bestetik, gure heziketa prozesuaren bidez garatu beharko genukeen figuraren izaera autoritarioa.

Alde batetik, unibertsitatean (EHUn bederen) hausnarketaren eta kritikotasunaren garrantzia behin baino gehiagotan azpimarratu badigute ere, zentzu osoa galtzen du instituzio hau bera, bere jokabideen bitartez,  kontraesanean sartzen bada bultzatu nahi omen duen jarrera horrekin. Izan ere, hezkuntza-sistemarekiko kritikoak izan gaitezen eskatzen digute, eta hala baldin bagara (proiektu politiko koherente batean, gainera), gure jarduna kriminalizatzen dute. Horren adibide argia da euskal eskola nazionala helburu duen Ikasle Abertzaleak erakundearen zein kanpusetako langile-sektoreen baldintzak hobetzera bidean sorturiko Unibertsitateko Indar Batasunaren kontrako errepresio sistematikoa.

Bestalde, Mattin Aranburuk Moldekatu eta ahokatu izeneko 26. Artekan idatzitako errepresioaren inguruko argipena ekarri nahiko nuke gogora: «Lehen Hezkuntzan ondorengo etapetako errepresiorako oinarri ideologiko-kultural batzuk ezartzen direla gogoratu behar da, ikasleen otzantzea eta figura autoritarioen aitortza kasu. Etapa horrek, beraz, oinarri konduktual horiek ezartzeko funtzioa izango du errepresioari dagokionez». Horri jarraikiz, ulertu behar dugu irakaslearen rolak maiz figura autoritarioaren funtzioa betetzen duela, beraz, etorkizuneko irakasleok badugula ardura bat esku artean: ikasleen kritikotasuna lantzea eta beraien ikasketa prozesua errazteko ahalik eta bidelagun erosoenak izatea, larderia alboratuta.

Finean, hezkuntza nagusiki soziala da, duen helburua etorkizuneko langileak gizarte kapitalistan txertatzea baita. Hortaz, guk ikasleak egungo gizartearen hutsez kontzientziatzeko erabili behar dugu hezkuntza, antolatzeko beharra erakutsita, gizarte kapitalista batetik gizarte komunista batera igarotzeko pauso bat emanda. Hala, eskolak ikasleak beste norabide batean hezi eta antolatzeko funtzioa hartuko du, elkartasun balioen baitan. Era berean, irakasle-ikasketetako ikasleok kritikoki jokatu beharko dugu ikasten dugun horrekiko (gainerako ikasketetan egin beharko litzatekeen gisara), eta hezkuntza aldatzeko konpromiso erreala hartu, eskolatik haratago.

EZ DAGO IRUZKINIK