Azken urteetan hartu ditudan hainbat erabakiren ondorioz, nire
egunerokotasuna herriko zein Euskal Herriko hainbat gazterekin elkarbanatzea
egokitu zait. Izan ere, gaztetxearekiko gertutasunak horretara eraman nau:
urtez urte errealitate ezberdinak bizi izan ondoren, jendearen gorabehera
konstanteak, batzuk lana, besteak erasmus...baina gaztetxeak hor jarraitu du.
Esparru honetan, azken urteetan, belaunaldi aldaketa gordin bati loturik,
militantzia eredua transformatu eta finkatzen doala dirudi.
Denbora gutxi pasa dela iruditu arren, 80. hamarkadan jaiotzea tokatu zitzaigunon errealitate kulturala eta indartsu datorren subjektibitate berria, guztiz ezberdinak direla esatera ausartzen naiz. Milaka elementu mahai gaineratu ahal izango banituzke ere, gaurkoan, garrantzitsuenak direnen gaineko hausnarketa sorta bat burutzera mugatuko naiz.
Lehenik eta behin, ondoren emango dudan azalpen baten aurrerapen gisa,
egungo gazteen formakuntza gradu eta era berean duten prekarietate maila aipatu
nahiko nituzke. Egun, hainbat gradu eta master dituzten gazteak denbora
laburreko lan prekarioak onartzera behartuta daude. Honek, militantziari
dagokionez, klase kontzientzia garatzeko baldintza materialekin aurkitzeko
aukerak jartzearekin batera, jasotako jakintza eta esfortzurako gaitasunak
militantziara bideratzeko denbora gehiago ematen die.
Kontrara, gure belaunaldia krisi arteko gorakadaren belaunaldia izan zen:
milurteko berriaren hasieran erdi eta goi mailako ikasketak ziren nagusi eta,
lehenago edo beranduago, nahi zuen gazteak lan “eroso” bat aurki zezakeen,
soldatapeko lanaren dinamikak irenstearekin bat “akomodatuz”, kaleko jergan
esan ohi dugun moduan. Gurea, jarraikortasunaren
belaunaldia zela esango nuke zentzu guztietan: 80. hamarkadako punkiak, 80.
hamarkadako barrikadak, istiluak, “intsumisoak” eta erresistentzia borrokak
miresten genituen, askotan imitazio merkeetan eroriz… Oharkabean eta jada
emanik zeuden eztabaida politikoen marko teoriko mugatuarekiko jarraikortasun
itsuan, ongi izate estatuak eskainitako pozoia irensten gindoazen tantaz tanta.
Gaur egun argi esan dezakegu gure zein gure aurreko belaunaldiak, 60.
hamarkadan abiaturiko borroka ziklo indartsu haren porrota onartu behar izan
duela. Milurteko berriaren sarreran, gure bizi baldintzen “gorakadak” zein
uneko mundu mailako egoera politikoak, gure garaiko diskurtso antagonikoaren
zilegitasuna zapuzten zuela zirudien. Bitartean, borrokak utzitako egoera
tamalgarria zen inguruan genuena, sekulako desgastea eta, izan ginen guztia izanda “ezer” lortu ez bazen, momentu haietako
baldintzak gainditzeko ezintasuna onartzeak zekarren etsipen orokortua
sentitzen hasi ginen pixkanaka.
Esan beharrik ez dago, errepresioaren gurpilak ezker abertzalearen espresio
ezberdinak zapaldu zituela gehien. Borrokaren duintasun, elkartasun eta
enpatizazioak, familia politiko baten batasuna garatzea ekarri zuen hamarkadaz
hamarkada. Familia politiko kolpatua bezain zaildua, indartsua eta duina. Ezin
baita ukatu gure aurreko belaunaldiek (eta aurreko hamarkadan zein
honetan gureak ere bai) bizi izandako errealitatearen gordintasuna. Sarekadak, torturak,
ilegalizazioak, espetxe politika jasangaitza, erailketak, deklarazioak,
makroprozesuak... Acción-represión-acción
eskema zaharrek ez zuten ordea jada funtzionalitaterik: Estatuaren inpunitate
gradua intentsifikatzen zihoan kaleko borroken intentsitate galerarekin batera.
Honen aurrean, planteamendu politiko zaharrek
bere muga jo zutenaren sentsazio orokortua zabaldu zen. “Garai berriak”, baina
segi borrokan: “Estrategia” aldaketa eta bide “demokratikoen” aldeko apustua,
erreformismoaren errezeta zaharra medizina garaikidez mozorrotua. Garaian
batzuek errefusatu baina beste batzuek ilusioz irentsitako errezeta. V.
Asanbladan jada diagnostikatua zegoen “no obstante” famatuaren egikaritzea ate
joka, historikoki ezker abertzalearen parte izan ziren frakzio erreformisten
garaipena besterik ez zen “estrategia berria”, borrokan inork baino gehiago egin izanagatik irabazitako zilegitasuna zuten
figura politikoen gidaritza pean orkestatutako mugimendua.
Aurrez azaldu dudanak hemen hartzen du zentzua: Euskal Herrian, milurteko
berriarekin garatzen zihoan errealitate sozialari eta sortzen ari zen
subjektibitate akomodatu eta despolitikoari ez zitzaion asko kostatu aldaketa
hau asimilatzea. Izan ere, borrokaren nekeari eta zigor sistematikoari gehitu
behar zaio belaunaldi gazteena ere (historikoki sektorerik borrokalariena)
kapitalaren gurpilean biraka genbiltzala: epe motzeko ongi izatearen amarruan
eroriak, Europa zein munduko indar “ezkertiarren” bilakaera
posmodernizatzailearen diskurtsoa irentsiz, ikasteko edo “jarraitzeko” balio
zigun erreferentziazko mugimendu iraultzailerik gabe...
Ez dago hau ukatuko duenik. Sinestezina da garai hartan nola izan zen
posible tamainako bilakaera ideologikoa gure herrietan eta fenomeno honen
dimentsio zein abiadura: Borroka armatuaren eta ekintza zuzenaren
ezinbestekotasunaren paradigmatik, konfrontaziorik gabe dena lortu ahal izango
genuela asimilatzera pasa ginen urte gutxian. Gaur lasai esan dezakegu ideiak berriak erabaki taktiko gisa saltzen ziren arren, estrategia berri bat marrazten zutela: Errepresioak
ekarritako min eta desgaste orokortuak errepikatu ezin zirenez, burgesiaren
biolentzia estrukturala soilik onartzera eramaten gintuen bakearen inguruko
diskurtsoak plazaratu ziren eta, Herri Mugimendua, lehen lerroko aktibo
antagonista eta protagonista izatetik, estatu mailako alderdi erreformista
baten gidaritza eta burokrazia onartzera pasa zen.
Ez nuke gaizki ulertua izaterik nahi: nire iritziz ere ziklo politikoaren
eta borroka moldeen agorpena nabaria zen eta sufrimendua jasanezina. Aldaketa
beharrezkoa zen. Baina ondare politikoa biziberritzeko eta baldintza
geopolitiko berrietara egokitzeko hauturik ez zen egin, sozialismoaren
eraikuntza esperientzia historikoen indargune eta ahulezien ikerketa
sistematikoarena, klase borrokaren kontzeptualizazioarena… Finean, “borroka instituzionala, masa borroka eta
borroka ideologikoa” osotasunean eta modu ordenatuan egikaritzeko
baldintzak sortzearen aldeko apusturik ez zenez, ondorioak epe motzean ordaindu
ziren.
Izan ere, denbora gutxian demokrazia burges baina aurrerakoi bat aldarrikatzera, estatu burges bat izateko lokatz instituzionalean murgiltzera,
konfrontazio zuzenean amaitu ahal ziren mobilizazioetatik, kolore eta
besarkaden dinamika baketsuak soilik onartzera, Amnistia aldarrikatzetik, giza
eskubideen defentsan sakontzera.... eta askoz gehiago onartzera pasa ginen. Ilusioa
sortu zen, baina ez zuen asko iraun.
Errealitatearen zaplastekoak gogorrak izaten dira horrelakoetan. Apustu
honen mugak erakusten zituzten adibide ugari agertu ziren: Greziak irakatsi
zigun estatu burges baten esku hartze soilak ez duela traiziorako baino balio eta, herrialde katalanek, bide baketsu eta
demokratikoen bitartez estatua bera lortzeko lehia burgesa ere ez dela onartua.
Zer esanik ez azken astean ikusi duguna: batasun nazionala ezinezkoa da klase
antagonismoa dagoen lekuan. Guzti hau, Europaren kapital
akumulazio dinamika berrien ezintasunaren ondorioak pairatzen hasiak garenean,
hau da, mundu mailako langile klasearen proletarizazio orokortua bete betean
bizi dugun garaiotan. Perspektiban jarrita, ireki ziren fronte guztiek
amildegirako norabidea zutela esan dezakegu. Honen ondorioak azkarregi
pairatzen hasiak gara. Baina dena ez dago galduta.
Testuinguru honetan sartu dute muturra gazte belaunaldiek. Krisiaren seme
alabek: proletarioen programa politikoaren defendatzaileek, analista, teoriko,
kritiko eta, bereziki, politikoek. Agerikoa da Europa mailako mobilizazio tinko
ezberdin ia guztietan belaunaldi gazteenak direla lehen lerroa hartu dutenak.
Gehienean, Katalunian kasu, helburu estrategikorik gabe, klase politiko
agintariarekiko kontrakotasuna eta gorrotoa leherketa espontaneoetan agerian
utziz.
Euskal Herrian ordea, herri mugimenduak izan zezakeen potentzia
desartikulatuta eta despolitizatuta edo antolakuntza eraginkorrerako
erramintarik gabe agortuta, eztabaida estrategikoak sozializatzen eta
errealitate berri bat gauzatzeko gaitasunak garatzen doazen gazte langileak
dira lehen lerro hori hartu dutenak. Gazte antolatuak, ez espontaneoak.
Luzerako etorri dira. Herri honetako mugimendu iraultzailearen testigua hartuz,
hartutako erabaki eta porroten inguruko ondorio finduak ateratzeko formakuntza
etengabean dabiltzan gazteak. Lehertzeko arriskuan dagoen munduaren
berregituraketa orokortuari erantzun ahal izateko lehen haziak landatu nahirik
dabiltzanak. Langile klase formatua, askoren desitxuraketek honen gaitasun
erreala ezkutatu nahi izan arren.
Adibidez, eta hein haundi batean Ikasle Abertzaleakek (IA) eginiko lan
etengabearen ondorioz, ikasketa altuak dituen langile ugari ditugu egungo militantzia sozialistaren
adierazpenetan: erizainak, historialariak, filosofoak, medikuak, ingeniariak…
Baina beste asko gara, testuinguruak piztutako interesagatik, unibertsitate bat
IAk antolatutako herri eskoletan soilik zapaldu dugun militanteak. Hala, egun
gazteek eskuragarri jarri dizkigute gure garaian pentsaezinak ziren
eztabaidetarako elementuak eta langile mugimenduaren espresio ezberdinek
hartutako erabakien inguruko irakurketak, mintegietan, hitzaldi ezberdinetan,
formakuntza kanpainetan, euskarri honetan bertan.... praktikak iraultzaileak
teoria iraultzailea behar duela ikasi dugu. Baita hautu iraultzaileak dituen
inplikazioak ere.
Izan ere, egungo mugimendu iraultzailea (ez erradikaltasun abstraktuaren
defendatzaile gisa baizik eta gizarte ordena berri baten antolatzaile gisa
ulertua) sektore guztietatik erasotua izaten ari da, mahai gainean jarri dituen
elementuek dakartzaten inplikazioen ondorioz. Asimilaturiko kontzientzia
burgesaren begietan behatza sartu izanak, aipatutako familia politikoko
elementu erreakzionarioenak paper oso larria jokatzera eraman dituela esango
nuke etenik gabeko eraso hauen aurrean. Eztabaida politiko zintzoetatik urrun,
infantilizazioa, mespretxua, desitxuraketa eta erridikulizazioa sistematikoa da
Euskal Herriko txoko ezberdinetan. “Ezker” mugimenduaren tentakulu
instituzional guztiak aktibatuak izan dira lan hori burutzeko, gazte ameslarien
desgastea eta porrota bilatuz: akusazio eta demonizazio pertsonaletatik hasi
eta proiektu eta ekintza guztien boikot kanpainekin jarraituz, antolatzeko
ezinbestekoak dituzten egoitzak lapurtzeraino.
Argi dago presio sozial ikaragarria jarri dela martxan mugimendu
sozialistari babesa adieraztea zailtzeko. Zintzoak izan gaitezen: oso jende
gutxi da 90. hamarkada aurretik jaio eta publikoki pauso hori emateko gaitasuna
azaldu duena. Belaunaldi akonplejatuak gara, dena eman dutenen hatsa lepatzean somatzen dugunak eta bustitzeak arazoak soilik ekarriko
dizkigula sinesten dugu (familian, herriko tabernan, kuadrillan....).
Mehatxuaren biktima izan eta jarraikortasunaren
argudioan erori ohi gara, erosotasun horretan ildo sozialistako espresio
ezberdinen aurkako lana elikatu besterik egiten ez dugun bitartean. Blokeoa
nabarmena da.
Argi utzi nahi dut, guk ezagutu dugula gure ingurukoen inplikazioa, eta
egin den borroka guztiaren jakitun garela. Memoriaren eramaileak gara: beti
egongo gara borrokalari izan diren militanteei eskertuak. Beti esango dut,
guztiz ulergarria dela, urteetan dena eman izanagatik, jasan behar izandako
sufrimendu guztiagatik, borroka maila pertsonalean albo batera utzi nahi
izatea. Ohorerik haundiena, beraz, mundua aldatzea posible zela sinetsita
borrokatu duten horientzat.
Baina mundu berri baten ezinbestekotasunean eta aukeran sinesten jarraitzen
dugunoi, orain besaulkitik hitz egiten diguten erreferentzia historiko horietatik eta euren
jokamoldeetatik urruntzea dagokigu. Egun gazteen etengabeko lana babestea eta
elikatzen laguntzea besterik ez daukagu. Kritika
politikoa ongi etorria den espazioetan sakontzea. Egoismo eta
harropuzkeriak baztertu eta jakintza eta ekintza kolektiboaren zuzentarauak
barneratu eta garatzen laguntzea. Guzti hau etorkizunean borroka molde
eraginkorrak garatu ahal izateko aurrebaldintza delako. Esna gaitezen
lozorrotik.
Hau hasi besterik ez da egin. Belaunaldi berrietan subjektibitate berri bat
garatu da jada: presio forma gogorrenei frente egiten ikasi dute gazte
gaztetatik eta gure belaunaldientzat erreferentzia ziren gertuko figura politikoek eta euren jarraitzaileek zilegitasun guztia galdu dute azken urteetako
gertaera ezberdinen ondorioz. Gazte hauetako batek behin esan zidan moduan;
“Estatuak jokaldi biribila egin zuen. Mugimendu iraultzaile bat demokratizatu
eta sortu ahal ziren mugimendu iraultzaileak itzaltzeko agente bilakatu.
Horrela ez dago poliziaren beharrik.” Asko urrundu dira gazteak guretzat “eredugarriak”
ziren horiengandik eta, pixkanaka, baita gu ere.
Guzti hau mahai gainean jarrita, gure eta aurreko belaunaldietan geratzen diren argi izpiak, nekatu baina ilusionatuak, jarraikortasunaren presioetatik askatzeko garaia iritsi dela aldarrikatu nahi dut. Ez dagokigu zain egotea. Hausturaren garaia iritsi da. Garai zailak dira, adorea behar da, baina Negu Gorriak ez gaitzala itxoiten harrapatu. Konpromiso militanteak eraikitzen duen subjektibitateaz eta horrek sortzen duen pertenentzia sentimenduaren ordezkaezintasunaz mintzo ziren gure garaiko hiru militante Gazte Sozialiston Topagunean. Berreraiki dezagun bada eta egin dezagun politika: Antolatu gaitezen eta borroka dezagun.