Makineria atzerakoiaren diskurtsoak eta harrabotsak beldurtzen hasteko beste entzuten dira azken boladan. Etsipena edo idealizatutako iragan ezezagun baten nostalgia medio, gizartearen zentroa geroz eta eskumarago dago. Horra hor erreakzioa egiten ari den bidea. Eta, hala ere, konfrontazioak eta markatzeak erreakzioari hegoak ematen dizkiola uste dute batzuek. Edo hori nahi dute pentsatu. Ez du hegorik behar, ordea, bere bidean ibiltzeko gai den lokomotorrak.
Estatuak kontrol soziala handitzeko beharra duela, okupazioa arazo sozial bat dela, jatorri zehatz bateko biztanleak mehatxua direla, tradizioaren izenean emakumeari rol azpiratu bat eman behar zaiola edo antzeko ideiak haztea eta horien arabera jardutea ohiko bihurtzea da erreakzioaren hedapena, eta bere kea gizarteko maila guztiak kontaminatzen ari da. Ia ohitzen hasiak garen ideia eta jarrera misogino, aporofobo eta arrazista horiek ez dira inkonformismoaren eta politikoki ez-zuzena denaren beharra dutenen moda hutsa. Erreakzioaren hedapenak baditu bere arrazoi historikoak, eta baditu prozesu historiko handiek izan ohi dituzten eragile kontzienteak. Berritutako faxismoa da erreakzioaren gorakadaren diseinu-lanak eta iniziatibak daramatzana, bai erreakzioa zabaltzeko, bai bere fruituak jasotzen saiatzeko ere.
Horrenbestez, alderdi guztiek sekuritismoaren erretorika erosten dutenean, besteak beste faxistek egindako lanak fruituak eman dituelako da. Segurtasun-enpresen edo Poliziako sektore ultren presio-taldeek; desokupazio-enpresek; LQNTCDDren gisako kaleko talde ekintzaileek; koordinatutako troll armadek, erositako influencer-ek eta algoritmoak moldatzen dituzten enpresariek; Frente Obrero, NĂșcleo Nacional, Devenir Europeo, Vox eta kontaezinak diren beste hainbat talde politiko eta kulturalek; horiek guztiek gorputza ematen diote faxismoari. XX. mendeko iruditegi ia mistikoa gaindituta, gaur egungo depresio garaiaren beharretara eguneratzen den faxismo berri bat eratzen dute.
Faxismoak nazio, historia edo garai bakoitzaren arabera ibilbide propioak sortzen ditu bere asmorik behinena betetzeko: depresio garai bateko klase-kontraesanak desitxuratzea eta masa nazionalen estatuarekiko dependentzia eta fideltasuna bermatzea indar erreakzionarioak batuz eta indartuz, eta hori estatu-aparatu barrutik edo kanpotik egin dezake. Faxismoa da, beraz, erreakzioaren gorakada sortzen eta gidatzen duen agente kontzientea, eta gorputz kolektiboak dauzka. Eskuadrista-lana egiten du, finantziazio-lana, gobernantza-lana, aktibismoa eta, nola ez, lan ideologikoa; aspaldi konturatu baitzen masen ideologia moldatzeko propagandak eta komunikazioak daukan garrantziaz.
Kapitalismoaren lur gainean zimendatzen diren faxismoaren errailek gidatzen dute erreakzioaren trena. Ikusmena geroz eta gehiago iluntzen duen keak zapuztu egin nahi ditu kapitalarekiko oposizioan egongo den mugimendu internazional berri bat sortzeko baldintzak. Bere gurdira igota ez da lokomotorra geldituko, eta talka zuzenera bideratutako makineria propioa sortu behar du proletalgoak; erraldoia eta konplexua. Ziur nago urte berria hasteko GKSk deitutako mobilizazioak bide horretan pieza bat baino gehiago eskainiko dituela.