ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano 

Azken urteetan hartu ditudan hainbat erabakiren ondorioz, nire egunerokotasuna herriko zein Euskal Herriko hainbat gazterekin elkarbanatzea egokitu zait. Izan ere, gaztetxearekiko gertutasunak horretara eraman nau: urtez urte errealitate ezberdinak bizi izan ondoren, jendearen gorabehera konstanteak, batzuk lana, besteak erasmus...baina gaztetxeak hor jarraitu du. Esparru honetan, azken urteetan, belaunaldi aldaketa gordin bati loturik, militantzia eredua transformatu eta finkatzen doala dirudi.

Denbora gutxi pasa dela iruditu arren, 80. hamarkadan jaiotzea tokatu zitzaigunon errealitate kulturala eta indartsu datorren subjektibitate berria, guztiz ezberdinak direla esatera ausartzen naiz. Milaka elementu mahai gaineratu ahal izango banituzke ere, gaurkoan, garrantzitsuenak direnen gaineko hausnarketa sorta bat burutzera mugatuko naiz.

Lehenik eta behin, ondoren emango dudan azalpen baten aurrerapen gisa, egungo gazteen formakuntza gradu eta era berean duten prekarietate maila aipatu nahiko nituzke. Egun, hainbat gradu eta master dituzten gazteak denbora laburreko lan prekarioak onartzera behartuta daude. Honek, militantziari dagokionez, klase kontzientzia garatzeko baldintza materialekin aurkitzeko aukerak jartzearekin batera, jasotako jakintza eta esfortzurako gaitasunak militantziara bideratzeko denbora gehiago ematen die.

Kontrara, gure belaunaldia krisi arteko gorakadaren belaunaldia izan zen: milurteko berriaren hasieran erdi eta goi mailako ikasketak ziren nagusi eta, lehenago edo beranduago, nahi zuen gazteak lan “eroso” bat aurki zezakeen, soldatapeko lanaren dinamikak irenstearekin bat “akomodatuz”, kaleko jergan esan ohi dugun moduan. Gurea, jarraikortasunaren belaunaldia zela esango nuke zentzu guztietan: 80. hamarkadako punkiak, 80. hamarkadako barrikadak, istiluak, “intsumisoak” eta erresistentzia borrokak miresten genituen, askotan imitazio merkeetan eroriz… Oharkabean eta jada emanik zeuden eztabaida politikoen marko teoriko mugatuarekiko jarraikortasun itsuan, ongi izate estatuak eskainitako pozoia irensten gindoazen tantaz tanta.

Gaur egun argi esan dezakegu gure zein gure aurreko belaunaldiak, 60. hamarkadan abiaturiko borroka ziklo indartsu haren porrota onartu behar izan duela. Milurteko berriaren sarreran, gure bizi baldintzen “gorakadak” zein uneko mundu mailako egoera politikoak, gure garaiko diskurtso antagonikoaren zilegitasuna zapuzten zuela zirudien. Bitartean, borrokak utzitako egoera tamalgarria zen inguruan genuena, sekulako desgastea eta, izan ginen guztia izanda “ezer” lortu ez bazen, momentu haietako baldintzak gainditzeko ezintasuna onartzeak zekarren etsipen orokortua sentitzen hasi ginen pixkanaka.

Esan beharrik ez dago, errepresioaren gurpilak ezker abertzalearen espresio ezberdinak zapaldu zituela gehien. Borrokaren duintasun, elkartasun eta enpatizazioak, familia politiko baten batasuna garatzea ekarri zuen hamarkadaz hamarkada. Familia politiko kolpatua bezain zaildua, indartsua eta duina. Ezin baita ukatu gure aurreko belaunaldiek (eta aurreko hamarkadan zein honetan gureak ere bai) bizi izandako errealitatearen gordintasuna. Sarekadak, torturak, ilegalizazioak, espetxe politika jasangaitza, erailketak, deklarazioak, makroprozesuak... Acción-represión-acción eskema zaharrek ez zuten ordea jada funtzionalitaterik: Estatuaren inpunitate gradua intentsifikatzen zihoan kaleko borroken intentsitate galerarekin batera.

Honen aurrean, planteamendu politiko zaharrek bere muga jo zutenaren sentsazio orokortua zabaldu zen. “Garai berriak”, baina segi borrokan: “Estrategia” aldaketa eta bide “demokratikoen” aldeko apustua, erreformismoaren errezeta zaharra medizina garaikidez mozorrotua. Garaian batzuek errefusatu baina beste batzuek ilusioz irentsitako errezeta. V. Asanbladan jada diagnostikatua zegoen “no obstante” famatuaren egikaritzea ate joka, historikoki ezker abertzalearen parte izan ziren frakzio erreformisten garaipena besterik ez zen “estrategia berria”, borrokan inork baino gehiago egin izanagatik irabazitako zilegitasuna zuten figura politikoen gidaritza pean orkestatutako mugimendua.

Aurrez azaldu dudanak hemen hartzen du zentzua: Euskal Herrian, milurteko berriarekin garatzen zihoan errealitate sozialari eta sortzen ari zen subjektibitate akomodatu eta despolitikoari ez zitzaion asko kostatu aldaketa hau asimilatzea. Izan ere, borrokaren nekeari eta zigor sistematikoari gehitu behar zaio belaunaldi gazteena ere (historikoki sektorerik borrokalariena) kapitalaren gurpilean biraka genbiltzala: epe motzeko ongi izatearen amarruan eroriak, Europa zein munduko indar “ezkertiarren” bilakaera posmodernizatzailearen diskurtsoa irentsiz, ikasteko edo “jarraitzeko” balio zigun erreferentziazko mugimendu iraultzailerik gabe...

Ez dago hau ukatuko duenik. Sinestezina da garai hartan nola izan zen posible tamainako bilakaera ideologikoa gure herrietan eta fenomeno honen dimentsio zein abiadura: Borroka armatuaren eta ekintza zuzenaren ezinbestekotasunaren paradigmatik, konfrontaziorik gabe dena lortu ahal izango genuela asimilatzera pasa ginen urte gutxian. Gaur lasai esan dezakegu ideiak berriak erabaki taktiko gisa saltzen ziren arren, estrategia berri bat marrazten zutela: Errepresioak ekarritako min eta desgaste orokortuak errepikatu ezin zirenez, burgesiaren biolentzia estrukturala soilik onartzera eramaten gintuen bakearen inguruko diskurtsoak plazaratu ziren eta, Herri Mugimendua, lehen lerroko aktibo antagonista eta protagonista izatetik, estatu mailako alderdi erreformista baten gidaritza eta burokrazia onartzera pasa zen.

Ez nuke gaizki ulertua izaterik nahi: nire iritziz ere ziklo politikoaren eta borroka moldeen agorpena nabaria zen eta sufrimendua jasanezina. Aldaketa beharrezkoa zen. Baina ondare politikoa biziberritzeko eta baldintza geopolitiko berrietara egokitzeko hauturik ez zen egin, sozialismoaren eraikuntza esperientzia historikoen indargune eta ahulezien ikerketa sistematikoarena, klase borrokaren kontzeptualizazioarena… Finean, “borroka instituzionala, masa borroka eta borroka ideologikoa” osotasunean eta modu ordenatuan egikaritzeko baldintzak sortzearen aldeko apusturik ez zenez, ondorioak epe motzean ordaindu ziren.

Izan ere, denbora gutxian demokrazia burges baina aurrerakoi bat aldarrikatzera, estatu burges bat izateko lokatz instituzionalean murgiltzera, konfrontazio zuzenean amaitu ahal ziren mobilizazioetatik, kolore eta besarkaden dinamika baketsuak soilik onartzera, Amnistia aldarrikatzetik, giza eskubideen defentsan sakontzera.... eta askoz gehiago onartzera pasa ginen. Ilusioa sortu zen, baina ez zuen asko iraun.

Errealitatearen zaplastekoak gogorrak izaten dira horrelakoetan. Apustu honen mugak erakusten zituzten adibide ugari agertu ziren: Greziak irakatsi zigun estatu burges baten esku hartze soilak ez duela traiziorako baino balio eta, herrialde katalanek, bide baketsu eta demokratikoen bitartez estatua bera lortzeko lehia burgesa ere ez dela onartua. Zer esanik ez azken astean ikusi duguna: batasun nazionala ezinezkoa da klase antagonismoa dagoen lekuan. Guzti hau, Europaren kapital akumulazio dinamika berrien ezintasunaren ondorioak pairatzen hasiak garenean, hau da, mundu mailako langile klasearen proletarizazio orokortua bete betean bizi dugun garaiotan. Perspektiban jarrita, ireki ziren fronte guztiek amildegirako norabidea zutela esan dezakegu. Honen ondorioak azkarregi pairatzen hasiak gara. Baina dena ez dago galduta.

Testuinguru honetan sartu dute muturra gazte belaunaldiek. Krisiaren seme alabek: proletarioen programa politikoaren defendatzaileek, analista, teoriko, kritiko eta, bereziki, politikoek. Agerikoa da Europa mailako mobilizazio tinko ezberdin ia guztietan belaunaldi gazteenak direla lehen lerroa hartu dutenak. Gehienean, Katalunian kasu, helburu estrategikorik gabe, klase politiko agintariarekiko kontrakotasuna eta gorrotoa leherketa espontaneoetan agerian utziz.

Euskal Herrian ordea, herri mugimenduak izan zezakeen potentzia desartikulatuta eta despolitizatuta edo antolakuntza eraginkorrerako erramintarik gabe agortuta, eztabaida estrategikoak sozializatzen eta errealitate berri bat gauzatzeko gaitasunak garatzen doazen gazte langileak dira lehen lerro hori hartu dutenak. Gazte antolatuak, ez espontaneoak. Luzerako etorri dira. Herri honetako mugimendu iraultzailearen testigua hartuz, hartutako erabaki eta porroten inguruko ondorio finduak ateratzeko formakuntza etengabean dabiltzan gazteak. Lehertzeko arriskuan dagoen munduaren berregituraketa orokortuari erantzun ahal izateko lehen haziak landatu nahirik dabiltzanak. Langile klase formatua, askoren desitxuraketek honen gaitasun erreala ezkutatu nahi izan arren.

Adibidez, eta hein haundi batean Ikasle Abertzaleakek (IA) eginiko lan etengabearen ondorioz, ikasketa altuak dituen langile ugari  ditugu egungo militantzia sozialistaren adierazpenetan: erizainak, historialariak, filosofoak, medikuak, ingeniariak… Baina beste asko gara, testuinguruak piztutako interesagatik, unibertsitate bat IAk antolatutako herri eskoletan soilik zapaldu dugun militanteak. Hala, egun gazteek eskuragarri jarri dizkigute gure garaian pentsaezinak ziren eztabaidetarako elementuak eta langile mugimenduaren espresio ezberdinek hartutako erabakien inguruko irakurketak, mintegietan, hitzaldi ezberdinetan, formakuntza kanpainetan, euskarri honetan bertan.... praktikak iraultzaileak teoria iraultzailea behar duela ikasi dugu. Baita hautu iraultzaileak dituen inplikazioak ere.

Izan ere, egungo mugimendu iraultzailea (ez erradikaltasun abstraktuaren defendatzaile gisa baizik eta gizarte ordena berri baten antolatzaile gisa ulertua) sektore guztietatik erasotua izaten ari da, mahai gainean jarri dituen elementuek dakartzaten inplikazioen ondorioz. Asimilaturiko kontzientzia burgesaren begietan behatza sartu izanak, aipatutako familia politikoko elementu erreakzionarioenak paper oso larria jokatzera eraman dituela esango nuke etenik gabeko eraso hauen aurrean. Eztabaida politiko zintzoetatik urrun, infantilizazioa, mespretxua, desitxuraketa eta erridikulizazioa sistematikoa da Euskal Herriko txoko ezberdinetan. “Ezker” mugimenduaren tentakulu instituzional guztiak aktibatuak izan dira lan hori burutzeko, gazte ameslarien desgastea eta porrota bilatuz: akusazio eta demonizazio pertsonaletatik hasi eta proiektu eta ekintza guztien boikot kanpainekin jarraituz, antolatzeko ezinbestekoak dituzten egoitzak lapurtzeraino.

Argi dago presio sozial ikaragarria jarri dela martxan mugimendu sozialistari babesa adieraztea zailtzeko. Zintzoak izan gaitezen: oso jende gutxi da 90. hamarkada aurretik jaio eta publikoki pauso hori emateko gaitasuna azaldu duena. Belaunaldi akonplejatuak gara, dena eman dutenen hatsa lepatzean somatzen dugunak eta bustitzeak arazoak soilik ekarriko dizkigula sinesten dugu (familian, herriko tabernan, kuadrillan....). Mehatxuaren biktima izan eta jarraikortasunaren argudioan erori ohi gara, erosotasun horretan ildo sozialistako espresio ezberdinen aurkako lana elikatu besterik egiten ez dugun bitartean. Blokeoa nabarmena da.

Argi utzi nahi dut, guk ezagutu dugula gure ingurukoen inplikazioa, eta egin den borroka guztiaren jakitun garela. Memoriaren eramaileak gara: beti egongo gara borrokalari izan diren militanteei eskertuak. Beti esango dut, guztiz ulergarria dela, urteetan dena eman izanagatik, jasan behar izandako sufrimendu guztiagatik, borroka maila pertsonalean albo batera utzi nahi izatea. Ohorerik haundiena, beraz, mundua aldatzea posible zela sinetsita borrokatu duten horientzat.

Baina mundu berri baten ezinbestekotasunean eta aukeran sinesten jarraitzen dugunoi, orain besaulkitik hitz egiten diguten erreferentzia historiko horietatik eta euren jokamoldeetatik urruntzea dagokigu. Egun gazteen etengabeko lana babestea eta elikatzen laguntzea besterik ez daukagu. Kritika politikoa ongi etorria den espazioetan sakontzea. Egoismo eta harropuzkeriak baztertu eta jakintza eta ekintza kolektiboaren zuzentarauak barneratu eta garatzen laguntzea. Guzti hau etorkizunean borroka molde eraginkorrak garatu ahal izateko aurrebaldintza delako. Esna gaitezen lozorrotik.

Hau hasi besterik ez da egin. Belaunaldi berrietan subjektibitate berri bat garatu da jada: presio forma gogorrenei frente egiten ikasi dute gazte gaztetatik eta gure belaunaldientzat erreferentzia ziren gertuko figura politikoek eta euren jarraitzaileek zilegitasun guztia galdu dute azken urteetako gertaera ezberdinen ondorioz. Gazte hauetako batek behin esan zidan moduan; “Estatuak jokaldi biribila egin zuen. Mugimendu iraultzaile bat demokratizatu eta sortu ahal ziren mugimendu iraultzaileak itzaltzeko agente bilakatu. Horrela ez dago poliziaren beharrik.” Asko urrundu dira gazteak guretzat “eredugarriak” ziren horiengandik eta, pixkanaka, baita gu ere.

Guzti hau mahai gainean jarrita, gure eta aurreko belaunaldietan geratzen diren argi izpiak, nekatu baina ilusionatuak, jarraikortasunaren presioetatik askatzeko garaia iritsi dela aldarrikatu nahi dut. Ez dagokigu zain egotea. Hausturaren garaia iritsi da. Garai zailak dira, adorea behar da, baina Negu Gorriak ez gaitzala itxoiten harrapatu. Konpromiso militanteak eraikitzen duen subjektibitateaz eta horrek sortzen duen pertenentzia sentimenduaren ordezkaezintasunaz mintzo ziren gure garaiko hiru militante Gazte Sozialiston Topagunean. Berreraiki dezagun bada eta egin dezagun politika: Antolatu gaitezen eta borroka dezagun.