Hondamendi momentuetan, izaten dira protokolozko jarraibide batzuk: guztiok elkarrekin goazelako mezuak, hondamenak guztioi eragiten digulako atsekabe-mezuak. Kaliforniako sute izugarrietan, gutxienez bost lagun hil dira eta ehunka milakak egin behar izan dute ihes, segurtasun bakar batekin: zeukaten guztia galdu dutela. Ez da hori kexu diren beste batzuen egoera.
Badirudi sua Olinporen gaina bezain urrun dagoen Hollywoodeko muinoetara ere iritsi dela, literalki, eta asko dira euren etxeak (etxetzarrak!) galdu dituztelako kexu diren izarrak. Paris Hiltonek dio "bihotza hautsirik" daukala Malibuko familia-etxea galdu duelako, eta inork jasan beharko ez lukeen zerbait dela norbere etxea sutan ikustea. Baina tira, enpatia gutxi senti nezake jabe erraldoi batekin: inor gutxik edukiko du Hiltonek sentitutakoa sentitzeko aukera minimo bat ere, inor gutxik edukiko duelako inoiz (auskalo zenbagarren) luxuzko etxe bat.
Egunerokoaren parte diren hamaika eremutan nahiz ezohikoagoak diren egoeretan, hondamendi "naturaletan" kasu, joera izaten da parte eta pertsona guztiak berdintzen saiatzea; klase-izaerak markatzen duen arrakala eta banaketa oro ezkutatzea. Baina ez da berdina sute baten aurrean, adibidez, batzuek edo besteek duten aukera euren burua, pertsona maiteak edo oinarrizkoenak diren bizi-bitartekoak babesteko; ez da berdina babesteko daukatena, galtzeko daukatena. Ez dira berdinak beldurrak eta minak, ez sute baten aurrean ez egunerokoari aurre egitean.
Sarri diogu ezin adiskidetuzkoak direla klase-interesak, eta gatazka horrek markatzen du gure egunerokoa bizi-arlo orotan. Ezin ukatu milioidunen luxuzko etxeak sutan ikusteak edo "heroi" ezezagun batek osasun-aseguruekin espekulatzen zuen handiki bat tiroz hil izanak baduela bere xarma eta baduela justiziatik, baina ezein hondamen naturalek edo ezein ekintza etsi isolatuk ez dute etengo sistema kapitalistaren etorria eta betikotzea. Horren kontrako antolakuntza politikoak baino ezin dezake halakorik lortu. Galtzeko gutxi daukagunok, dena dugu irabazteko.