Aldekoa ezartzen dute EITBko buru eta ez zaigu geratzen haserre zeinuak eta keinuak antzeztea besterik, bagenekielako ezarriko zutela, baina ezin dugulako gure gain hartu gaitzidura ez antzeztu izana. Kazetaritzako El Correo-UPV/EHU Masterraren harira Nekane Balluerka errektoreak lasai asko dio egunkari horren eta Unibertsitatearen arteko harremana «emankorra» izaten ari dela, kazetariek behar dutena «kultura» dela eta «kazetaritzak errealitatea islatzen duela» (sic!). «Txostenean errealitatea desitxuratzea da errealitateari buruzko egiazko txostena», idatzi zuen Karl Krausek zoli. Errealitate sistematikoki desitxuratua da, ez EITBn edo El Correon bakarrik, komunikabideetan dagoen errealitate gordina eta, nola ez, gertatzen ari denaren erretratu ustez fidelak erretratugilea salatzen du maiz. Baina ez da errealitatearen desitxuratzea (edo desitxuratzea errealitate gisa) zuzendaritzan urlia edo berendia egotearen emaitza soil; desitxuratzea litzateke hori esatea ere.
Asalduzko garaiak bizi gaitu, batzuetan ezin azalduzko irudi duena ia. Hain sentitzen gara une historikoak gaindituta, ezen kosta egiten baitzaigu gertatzen ari denaren errepresentazio koherente bat eraikitzen pentsamenduan. Arrazoietako bat da ziurrenik komunikabideek eta kultur industriak baldintzatzen digutela inguratzen gaituenaren eta testuinguru horretan gu geu garenaren gaineko kontzientzia praktikoa. Gaur egun, egitate ukaezina dirudi informazioaren industriak, daukan zentralitatea eta nonahikotasuna medio, gure hautemate-gaitasunean bertan ere esku hartzen duela; izan ere, oro har ez ditugu gertakizunak, besteak beste sozialak, hautematen haren bitartez ez bada. Gainera, ihesa ezinezko edo aski zail bilakatzen du gaurkotasunaren ekoizle eta kontsumitzaile moten tipifikazio eta klasifikazio oso bat egoteak, gutxi gorabehera politika instituzionalean ordezkari eta ordezkatuekin gertatzen den modura. Gizakia gai estatistiko bihurtua: eman iezazkidazu datu beharrezkoak eta nahikoak (errenta, bizitokia, adina, generoa etab.) eta aldagaien gurutzaketak esango dit hor nonbait nork hornitzen zaituen errealitatez.
Ia salbuespenik gabe, egunkariek eta telebistako albistegi guztiek pandemiaren eta krisi ekonomikoaren artean ezarri duten kausalitate-harremanak, esaterako, kontraesan biologikoa aurkezten du miseria materialaren eragile eta erantzule bakar gisa, superprodukzio zinematografikoetan lehenagotik iradokitzen hasia zirenaren ildotik. Bestela esanda, iradokitzen digu izaera ekologiko-biologikoko gatazka batek soilik ekar dezakeela eredu sozioekonomiko honen hondamendia. Egiturazko ekoizpen-krisia, politika finantzario oldarkorra, Kapitalaren talka bere muga historikoen kontra eta abar (gai honi buruz, ikus Kolitzaren artikulua uztaileko Arteka-n) sistematikoki isilarazi izan dira espazio mediatikoan. Eta hori guztiek egin dute, ia salbuespenik gabe, bizi zuzendaria iturripean zein bizi sotoan. Kanten eskematismoak subjektuari egozten zion eginkizuna zen mundu hautemangaia arrazoimen hutsaren oinarrizko kontzeptuei a priori erreferitzea, eta Theodor Adornok dio kulturaren eta informazioaren industriak, hain justu, eginkizun hori lapurtu diotela subjektuari. Horien zerbitzu behinena da kontsumitzailea oinarrizko kategoria batzuez hornitzea. Berri partikular bakoitzaren mezu orokorra beti da berbera: kapitalismoaren guztiahaltasuna.
Bestalde, informazioaren eta kulturaren industriek badauzkate edo eragiten dituzte, beste askoren artean, azpimarratu gurako nituzkeen gaitz bereizgarri bi, etikarengatiko gerraren edo kultur politika komunistaren ikuspegitik oso kontuan izatekoak biak, eta horrez gain, oraingotasun handikoak: pobreziaren kriminalizazioa eta aspirazionismoaren sustapena proletariotzaren kultur blokean.
Gizarte ero honek berezkoa du aberastasun pribatuaren ekoizpen etengabea, baina jarraitutasun berberaz, haren oinarrian dauden dramatis personae kontrajarriak berrizkatu behar ditu horretarako: protagonista eta antagonista. Gizarte ero honek ezin du, gainera, etengabe pertsonaia antagoniko berbera geroago eta eskala handiagoan ekoitzi besterik egin. Pertsonaia hori, esan gabe doa, proletarioa da. Baina, paradoxikoki, kapitalak bere produktu bizidun honi egozten dio daukan izaera tragikoaren erantzukizun osoa bere komunikabideen bitartez. Motzean esateko, gizartea antolatzeko modu historiko honetan, haren gaitz endemikoak direnak outsider susmagarri egonkortasun-galarazle batengan proiektatzen dira. Hiritartasunaren fikzioak, merkantzia-jabeen arteko berdintasunarenak, pentsamendu forma sozialki baliodunek (eta hortaz, Marxek zioen gisan, objektiboek) finean, proletarioa hybriserako edo neurrigabekeriarako joera ezin eutsizkoa duen izaki irrazional eta errudun gisa hautemana izatera kondenatzen dute klase-gizartean. Okupazioaren aurkako ofentsiba mediatikoa ikusi besterik ez dago.
Oso arriskutsua iruditzen zait errealitatearen analisi materialistatik izpirik ere ez duen ulermen-marko sozialdemokrata hedatua, zeinaren arabera jokabide neurrigabea eta deliturako makurtasuna gidatzen dituena kulturarik eza den. Egoera materiala zenbat eta kaskarrago izan, orduan eta handiagoa bihurtu da telebistako tertulietan zein sare sozialetan ezjakintasuna gatazka-giroaren kausa gisa aurkezten duen intelektualismo morala. Kulturaren adiera elitistaren arabera euskal literatura irakurri eta hiriko hornigarriak ez puskatzea baita kultura. Proletarioak argindarra pintxatzen du, ordea. Proletarioak eraikinak okupatzen ditu. Proletarioak Spotify pirateatzen du. Proletarioak balkoitik salto egiten du, proletarioak... Eta lazturaren muturrean, neurrigabekeria honen pertsonifikazio behinena etorkin ilegala da, marko geografiko jakin batean existitzea bera baitu delitu eta erru (Donostiako Infernu auzoan bada adibide on bat). Eta indar errepresiboek ematen diote merezitako zigorra, nemesia. Horrela, gertakarien erretrasmisio mediatikoak efektu katartikoak bilatzen ditu: bulkada baxuen garbiketa eta zapalduen otzantasuna.
Baina afera ez da hemen bukatzen. Izan ere, krisi kapitalistaren testuinguruan –bidenabar, uko egin ezinezko abiapuntu teoriko eta praktikoa dena edozein iraultzaile kontsekuenterentzat– pertsonaia tragiko honentzat, zamatzen duen errua garbitzea, zorra kitatzea, Sisiforen lana bilakatzen da. Pobrezia zor infinitu gisa. Tragedia genero moduan ezinezko egiten duena ez da jada Nietzschek zioen sen aristokratikoaren, distantzia-pathosaren, gainbehera: elementu tragikoa desagertu da errealitatea bera delako, komunikabideek erretransmititzen duten forman, katartikoa. Beldurra handia da. Beldurra eta miseria morala. Eta miseria epistemologikoa.
Hala eta guztiz ere, txanpon tragiko honen ifrentzuan fartsa handi bat dago: kultur bloke proletarioaren iruditerian etengabe txertatzen den aspirazionismoa, eta horretan entretenimenduaren industria eta publizitatea daude nagusi. Klase-kontzientziaren eta kontzientzia historikoaren eragozpen behinena da proletariotzaren lerroetan erdi mailako klaseko zein burgesiako balizko kide bilakatzeko desira eraiki bezain ezinezkoa, norbere zilborkeria elikatzen duena. John Steinbeckek AEBri buruz bere sasoian idatzi zuen: «Suposatzen dut arazoa zela ez geneukala proletariorik bere burua hala onartzen zuenik. Guztiak ziren aldi baterako lotsatutako kapitalistak». «Voy a pillarme un Ferrari para vacilar por el ghetto» kantatzen zuen duela ez asko PXXR GVNGek. Mundu-ikuskera eta etika kapitalisten egokitze, perfekzionamendu eta indartze etengabea. Jazz musika gorrotatzen zuen Frankfurteko juduak ere bazioen: eskaintzen digutena ez dela Italia, haren existentziaren froga ikusgarria baizik. Zaindu ditzagun geure independentzia ideologikoa, geure komunikabideak eta etika komunista, altxor handia dira eta.