Lehen zatian, ikusi dugu nola osatu ziren Ukrainar nazioa eta Estatua; eta ikusi ditugu baita ere Lenin eta Stalin berauek defendatzen –ez erasotzen, askotan esan den moduan-. Bigarren zati honetan argudio gehiago bilduko ditugu.
Zer diote iraultzaren garaikideek? Bere azkeneko lanetako batean, 1918an, Rosa Luxemburgek Errusiako Iraultza aztertzen zuen (lanak izenburu hori dauka, Errusiar Iraultza); batez ere honen akatsak –egia da gerora orduan “akats” deitu zituen batzuetan atzera egingo zuela, adibidez Asanblada Konstituziogilea ixtea leporatu zien boltxebikeei, baina alemaniar iraultzan zehar antzeko Asanblada baten kontra paratu zen-. Horietako bat autodeterminazioaren ingurukoa zen: eskuzabalegi jokatzea leporatu zien boltxebikeei, hala “alemaniar inperialistei bidea zabalduz” (kontutan izan behar da Luxemburgek lan hori idazterakoan Ukraina alemaniarrek okupatuta zela). Baina Ukrainaren kasuan haratago joan zen: boltxebikeei “ukrainar nazioa, ordura arte Xevtxenkoren poemetan eta nazionalista erromantikoen partidatxo baten amets atzerakoietan soilik existitzen zena asmatzea” leporatzen zien, Ukrainaren sorkuntza “Leninen jolas” gisa definituz.
Beraz, Luxemburgek irizten zuena alde batera, argi dagoena da boltxebikeek ukrainar nazionalitatea garatzea gertakari moduan jartzen zuela –eta horregatik kargu hartzen ziela-. Oker zebilen Luxemburg? Goazen gauza pare bat ikustera: 1918ko otsailean, Donetsk hirian, bertako sobietek, Fiodor “Artiom” Sergeiev buru; Donets-Krivoi Rog Sobietar Errepublika aldarrikatu zuten, Don eta Krivoi Rog haranen artean, hots, Ukrainako eta Ekialde eta Erdialdean (Dnieperretik ekialderako lurretan). Gogoratuko duzue, aurreneko zatian esan baitut, orduan Kieven gorriak zeudela boterean; hots, ez zela independentzia “ideologiko” bat izan, “nortasunezkoa” baizik. Esan dezakegu Iraultzaren erdian eta Guda Zibilaren hasieran hartutako erabaki bat izan zela, eta agian ordezkari askok ez zutela oso garbi inguruabarrek nora eramango zutela, orduan mugak zein egitura politikoak oso aldakorrak eta probisionalak zirela eta baliteke hausnarketa handirik ez izatea; baina garbi dagoena da orduan nolabaiteko sentimendu “donbasstar” bat bazegoela. Zer erantzun zuten Moskutik? Ez zutela Errepublika hori aintzatesten eta Ukrainar Sobietar Errepublikaren barne hartzen zutela Donbass. Moskuko Gobernu boltxebikearen erabaki hau giltzarria izan zen ordura arte ur biren artean zeuden lur donbasstarrak (eta baita gaurko Ukraina hegoaldea) Ukrainaruntz bira zitezen, Kieven inguruko esferan gera zitezen. Are gehiago, 1919an, alemaniar okupazioa bukatzerakoan, zenbait komunista donbasstarrek (Artiom Sergeievek, adibidez) Donbasseko Alderdi Komunista sortzeko Kongresu bat antolatu zuten. Kasu honetan, Errusiako Alderdi Boltxebikearen Antolakuntza Batzordeko (Orgburo) buru Stalin izan zen ezezkoa eman ziena: donbasstar komunistek Ukrainako Alderdi Komunistan antolatu behar zuten. Hots, garaiko errusiar boltxebikeek Ukrainaren aldeko apustua egin zuten.
Ez Lenini ez Stalini, eta ezta ere Luxemburgi sinesten ez badiegu, beste pertsonai bat ekar dezakegu, adibidez, Mikhailo Hruxevski, ukrainar historialari eta politikaria, artikulu honen aurreneko atalean ezagutu genuena. Atal hori irakurri duzuenek dakizuen bezala, Ukrainako Errepublika Nazionaleko lehendakari izan zen. Errepublika hau erortzean erbestera joan zen, eta urte batzuk geroago, Kievera itzuli zen. Kievera itzuli zenean, historialari eta politikari nazionalista handiak zera esan zuen: “Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista hau nik fundatzen lagundu nuen Ukrainako Errepublika Nazionalaren oso antzekoa da”. Eta hala izan zen: Ukrainar Errepublika Sozialista berria izan zen lehen aldiz ukrainera ofizial jarri zuena; hau da, komunikabideetako, administrazioko, pasaporteetako, liburuetako, zinemarako eta hainbaterako hizkuntza (20 hamarkada bukaeran, 28 milioi liburu-ale editatu ziren ukraineraz, 1939an; 84 milioi). Ukrainera batua bera ere (eta denok dakigu zein garrantzitsua izan zen euskara batua euskararentzat), Ukrainan sobietarrean standarizatu zen, Mikola Skripnik zuzendari boltxebikea buru zela.
Sobietar Estatua, edo behintzat Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista, Estatu ukrainartzailea izan zen, ez errusiartzailea. Beheko mapan ikus dezakegu zein zen 1925ko mapa etnikoa. Egungo datuekin (edo hobe esanda, 1991ko datuekin) konpara dezakegu. Leonid Kutxma, Ukraina independenteko lehendakaria izan zenak (1994-2004) modu esanguratsuan Ukraina ez da Errusia izenburua jarri zion liburuan esan zuen “20 eta 30 hamarkadetako komunisten politikarik gabe, ez zatekeen egun ukrainar herri bereizirik egongo”. Hizkuntzalaritzan eta soziolinguistikan garrantzia handia ematen zaio gizarte batek modernitatera salto egiteko une historikoan hizkuntza gordetzeko aukera izateari eta modernitatera hizkuntza galdu gabe iragateari. Errusiako zein Ukrainako lurrak modernizazioan garai sobietarrean zehar sartu ziren; imajina dezakegu komunistek errusieraren –Estatu-hizkuntzaren- antza handia zuen hizkuntza hau “errusieraren aldaera” gisa tratatuko balute, edo ordura arte hartzen zen moduan “baserriko hizkuntza” izatearen mugetatik aterako ez balute.
Ukrainako etnien mapa 1925an. Ikusten dugun bezala, errusiar populazioa oraindik handia zen Ukrainan, batez ere Malorossia ez ziren lurretan eta baita Malorossia barruko hirietan (Kiev, Jekaterinoslav-Dnipropetrovsk, Zhitomir). 80 hamarkadan ordea, lur edo hiri horietan populazioaren gehiengoak “ukrainartzat” jotzen zuen bere burua. Honek gezurtatu egiten du SESBk Ukrainan “errusiartzea” egin zuenik.
Beste puntu bat, Holodomor izan zen. Hain zuzen ere, gosetea (ez zena probokatutakoa, eta ez zena ukrainarren kontrakoa; SESBko eskualde askotan gertatu baitzen hirien eta landaguneen arteko borroka ekonomikoaren produktu gisa) Ukraina Ekialdean sufritu zuten batez ere (Halitxina eta Volinia egun hain nazionalistak diren eskualdeak ez ziren orduan Ukrainaren parte)[1]. Zenbaitek bazioten Donbassen “ukrainarrez hustu eta jende berria Errusiarik ekartzeko” baliatu zutela sobietar agintariek, “errusiar kolonizazioaren” erretolikara joz. Berriz ere, datuek ez dute hori frogatzen: Hennadi Jefimenko ukrainar historiagilearen arabera, 30 hamarkadan, soilik 20.000 pertsona joan ziren Errusiako Errepublika Sobietarretik Ukrainar Errepublika Sobietarrera bizitzera (askoz gehiago joan ziren Siberiako hiri berrietara).
Bestalde, II Mundu Gudan, bost milioi eta erdi ukrainarrek hartu zuten parte Armada Gorrian; eta beste hainbat ehunka milak partisano gorrietan. II Mundu Guda Holodomor ustezkoa gertatu eta urte batzuetara hasi zen, arraroa halako “genozidio” bat jaso duen herri batek halako guda-ahalegina egitea ustez “masakratu” duen Estatuaren alde –Holokaustoarekin parekatzen dutenentzat, galdera bat, zenbat judutarrek borrokatu zuten III Reicharen indarretan?-. Alemaniaren kolaboratzaile izan ziren ukrainar nazionalistekin parte hartu zutenak askoz gutxiago izan ziren, egun –Maidanaren ondorioz- haien ondorengoek egungo “Ukrainaren” ideia beren egiten duten, eta beren arabera moldatzen duten arren. Honakoak agian zerikusia izango du Ukrainaren eta ukrainarren parte batek, hain zuzen ere SESBen testuinguruan ukrainartutakoak, Maidanaren ostean euren hizkuntzarekiko, euren sentimenduekiko, kultuarekiko edo ondare eta oroimen historikoarekiko erasoen ostean (II Mundu Gudako faxisten errehabilitazioa eta sobietar soldaduen estatuak botatzea adibidez) Ukraina berriaz ezer ez jakin nahi izatea, Aleksei Albu odessarrak BERRIAn esan zuen moduan.
Stepan Bandera, II Mundu Gudan kolaborazionista faxisten burua izan zena, KGBk 1959an hil zuen. Estatu sobietarrak –edozein kontestu barne- hil zuen azken ukrainar nazionalista izan zen. 80 eta 90ko mobilizazioetan ez zen hildako bat bera ere egon Ukrainan, ez talka bortitzik; Ukraina SESBtik bereziarazi zuena orduko Alderdiko zein Estatuko elite burokratizatuen moldatze-maniobrak izan ziren, ez “herri mobilizazioak” (independentzia osteko lehen hauteskundeetan, Parlamentuan komunistek eta lehendakaritzarako komunista ohiek irabazten zuten; ez “beren helburua lortu berri” zuten nazionalistek). Hots, sozialismotik kapitalismoranzko trantsizio-prozesuaren emaitza izan zen Ukrainaren independentzia; prozesu horren ekintzarik ezagunena, 1991ko abenduko akordioa, Errusiako, Ukrainako eta Bielorrusiako presidenteen artekoa, herritarren bizkar inori galdetu gabe SESB desegintzat eman zutela akordatu zutenekoa izan zen. Kontuan izan behar da 1991ko martxoko SESB iraunaraztearen inguruko erreferendumean ukrainar gehienek SESB mantentzearen alde egin zuela.
1991ko SESBen disoluzioaren ostean, Ukraina independente bat aurkitu genuen, ikusten dugun moduan, oso historia ezberdina zuten lurraldeak batuz. Elite berriek, alderdi batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago, ukrainar nazionalismoa eta honen alderik gogorrenak erabili zituzten egoera berria zilegiztatzeko; honen buru –Maidango kolpearen aurretik- Viktor Justxenkoren agintaldia izan zen, non Stepan Bandera eta bestelako kolaborazionista batzuk “Ukrainako Heroi” izendatu zituzten. Hala ere, Maidanaren aurretik, herriaren gehiengoa honek ezarri zuen ideologiaren aurka zegoen, Ivan Katxanovskik erakutsi bezala[2]; logikoa da Maidanak –kanpo laguntzaz- ideologia hau bortxaz inposatzen badu, jende asko kontra agertu daitekeela.
Beraz, hemen idatzitakoak irakurrita, ondorio hauek ditugu: a) ez dela izan “nazio garbi” baten kontrako “dominazio stalinistarik”; b) Ukrainaren parte bat, hain zuzen ukrainartasunari sobietar testuinguruan, edo sobietar erabakiei esker atxiki zitzaiola; eta d) parte honek Estatu-kolpe bati erreakzionatzea gauza oso normala izan zela, barne-faktoreak izan zirela matxinarazi zituztenak. Guda hau ez da Errusiak Ukraina “inbaditu” edo “kontrolatu” nahi izan zuelako, baizik eta Estatu-kolpe faxistoide batek ukrainarren parte bat baztertzen duen Ukrainaren ideia bat inposatu nahi izan duelako.
[1] 2010ean Viktor Justxenko mendebalzale liberalaren pean, Ukrainako Zerbitzu Sekretuek Holodomorrarengatik egin zuten “ikerketa” baten ondorioz, zazpi sobietar agintariri kausa penalak zabaldu zizkieten. Hauek Stalin, Viatxeslav Molotov, Pavel Postixev, Stanislav Kosior, Hrihori Petrovski, Lazar Kaganovitx eta Vlas Txubar izan ziren. Kuriosoa da, zazpi hauetatik azken lauak “ukrainarzale” bezala ikusiak zeudela sobietar politikan.
[2] Esan beharra dago Ivan Katxanovski ez dela komunista eta ziur asko ez dituela artikulu honen egilearen iritzi asko partekatzen. Gizon hau famatua egin zen Maidango tiroketen ikerketagatik: berak frogatu zuen 2014ko otsailaren 20 eta 21eko egunetan manifestarien aurkako tiro gehienak Maidango mugimenduak kontrolatutako eraikinetatik bota zituztela, mugimendu honen aldeko militanteek edo mugimendu honek kontratatutako mertzenarioek jaurti zituztela, hain zuzen ere Estatu-kolpea zilegiztatuko zukeen “shock” delako bat bilatzeko