(Itzulpena)
Antonio Gramsci aipatuz emango diot hasiera azalpen honi: “zaharra oraindik hil ez denean eta berria jaiotzeke dagoenean gertatzen da krisia”. Galdera egokiak egitean datza auziak: zer da deuseztatu beharreko zahar hori eta berreraiki beharreko berria? Zer utzi behar dugu alde batera berri hori loratu dadin? Zein paper jokatzen dute hemen klase sozialek eta botereak? Testu honetan botere harremanak klase borrokaren praktikan nola jokatzen duten ikusten saiatuko naiz. Horretarako, aurrez, eta laburki bada ere, klasearen ulerkera eta botereari buruzko zehaztasun batzuk emango ditut.
Lehenik eta behin, ezin dugu klase kontzeptua soilik bere alderdi ekonomikora determinatu. Horrek klasea ekoizpen harremanetan bakarrik kokatzea ekarriko luke, lan prozesu eta ekoizpen bitartekoekiko ondoz ondoko posizioan. Ikuskera horrek klase kontzeptualizaziotik kanpo utziko lituzke ikasleak, etxekoandreak, pentsionistak… Bertan ekoizpeneko harreman sozialen subjektuak lan banaketa sozialaren (lan produktibo-erreproduktiboa, esku lana-lan intelektuala) eta kapitalaren pertsonifikazio direla erreparatu behar dugu. Pertsonifikazio izanik, ekoizpenezko harreman sozialekiko posizio zehatz batean eusten diote beren buruari. Horregatik, klaseaz hitz egitean, politiko eta ideologikoarekiko harremana ere kontuan izan behar dugu; esaterako, harreman sozialak ukigabe mantentzen dituen azpiegitura multzo baten gotorleku errepresibo edo/eta ideologiko den edo ez. Horrekin honakoa argitu nahi da, kapitala harreman soziala bada eta helburua klase bako gizarte bat bada, pertsonifikazio horiek eraisteak soilik ez lukeela horrelakorik ekarriko, antolakunde «komunista» ugarik ikusarazi nahi duten bezala: nazionalizazioa, industrializazioa…
Bestalde, botere harremanak sarritan harreman interpertsonaletara mugatzen dira (1), prozesu indibidual batera, ekoizpeneko harreman sozialetatik kanpo aurkezten direnak, eta horrenbestez, klaseetan banatutako gizartetik kanpo. Ikuskera horren arabera, botere harremana banakoen arteko botere praktika izango litzateke, klase harremanetatik bereizita azaldu beharrekoa, eta zentzu horretan, amaigabeko dikotomiak sortzen dituzte: heldua/gaztea; aita/alaba; adiskidetasun harremanak… Jarrera horiek aipaturiko autoritate egoerak modu autonomoan konpontzen jartzen dute arreta, egoerok dituzten ezaugarri pertsonalengatik. Modu horretan, alde batera uzten dituzte antagonikoak diren klase sozialetan banatutako gizarte batean askotariko superestrukturak sortzen dituzten baldintza sozialak (familia, hezkuntza…).
Okerreko ulerkera eta ekonomiko eta politikoaren arteko bereizketa erradikalek ezaugarritzen dituzte analisi horiek. Analisi horietan botere harremanak politikoa den hori eratuko luke eta klase harremanak ekonomikoa. Eta, esplizituago ikusi nahi badugu, ekonomikoak –horretara murrizten dute klase soziala– lan produktiboa osatuko luke. Horrenbestez, botere harremanak klase kontraesanen aurkakotasun modura ikusten dituzte, eta horretarako inplizituki botere harreman horiek klaseetatik kanpo existitzen direla ikusarazten dituzte, hots, azken horietatik independenteak direla, eta funtsean, klase borrokarekiko paraleloa den analisi partikular bat eskatzen dutela. Horretatik guztitik, marxismoa ez dela botere harremanen problematikak artikulatzeko gai izan eta ez duela horrelakorik bilatu ondorioztatzen dute; baina egiaz, posiziook dira marxismoa bere osotasunean ulertzen ez dutenak.
Kontua ez da harreman horiek existitzen direla ez identifikatzea, baizik eta ulertzea botere harreman horiek nola kristalizatzen duten klase sozial baten gaitasuna kapitalaren askotariko pertsonifikazioetan bere ideologia txertatzeko. Hain zuzen, bere interes objektiboak gauzatzeko eta harreman sozial kapitalistak legitimatzeko. Hori dela eta, klase harremanak botere harremanak direla esan daiteke eta alderantziz, botere harremanak klase harremanak direla.
Hemen argi ikusten da harreman sozialak bere horretan mantentzearen aldeko praktiken eta horien eraldaketaren aldekoen arteko kontraesana. Hori, nagusiki, klase interes eta botere interesei dagokie. Sozialdemokraziak, boterea politikoa den horrekin lotzen duenean, boterea parlamentarismora murrizten du. Horregatik, euren zerumuga erreformista legislazio burgesera aplikatzea lortzen ez dutenean, eskuak garbitzen dituzte, langile klaseari hitzemandako asmoak lortzeko herriaren babes handiagoa behar dutela esanez. Parlamentuetan langile klasearen Troiako zaldia direla erakutsi behar dute eta proletalgoaren interesak babesten dituztela, nahiz eta egiaz, burgesiaren baitako «langile-ordezkari» modura funtzionatu politikoki. Baina, arestian ikusi dugun bezala, botere harremanen eta klase harremanen artean existitzen den dialektikak paper bikoitza izatera behartzen ditu derrigor: Estatu kapitalistaren tresna bat dira eta beren biziraupen eta legitimitatea ziurtatzen dituzte, baina, aldi berean, koiunturan, erradikaltasun itxura aurkeztu behar dute; bestela esanda, mundu zaharra eraldatzeari uko egiten badiote ere, berau hobetzeko nahia erakutsi behar dute.
Koiunturan, hots, praktika politikoak lur hartzen duen une zehatzean, ikus daitezke ondoen sozialdemokraziaren bi aurpegiak. Une honetan oportunismoa loratzen ari da eta disimulurik gabe azaltzen da. Ez da ahaztu behar praktika politikoak uneoro klase borrokaren eremuan gauzatzen direla, eta klase interesak eta haren praktikak, bai esparru ekonomikoan zein politikoan, interes objektiboak direla. Ez da portaera batzuk izateko motibazio kontua, hau da, alde batera utzi beharrekoa da zentzu moralista-boluntarista. Hain justu, oportunismoak hortik koiunturazko egoera bat probestea espero du –langile klasearen baitan ideologia dominantearen krisia gertatzen denean–, indar korrelazio kuantitatiboan bere burua benetako alternatiba modura aurkeztu ahal izateko (2). Hori ez dugu proiektu emantzipatzailearen indarren gorakada ekarriko lukeen modu mekaniko batean ikusi behar. Maiz ikus daiteke langile klasearen sektore batzuen gaitasunen gorakada puntual bat, baina gorakada hori proletalgoa ezinbestean desmobilizaziora zuzentzen duen espontaneismora orientatzen da. Koiunturan, antolakunde sozialdemokratek eta eragile espontaneoek beren erradikaltasuna gazte masen espontaneismora mugatzen dute; estrategiarik gabeko koiunturazko ekintza zuzen solteetara bideratzen dituzte gazteak, eta hala, sektore horren infantilizazioa inposatzen dute.
Sarritan, sindikatu eta alderdiek beren afiliatu eta boz-emaileei emandako hitzak betetzen ez dituztela ikusirik, joera langile klasearen traidore direla erakusten saiatzea izaten da. Baina langile klasearen traidoreak al dira benetan? Edo, proletalgoaren baitan, kosmobisio kapitalistaren transmisio uhala besterik ez dira? Beste modu batera esanda, traidore hitzak euren agindu elektoralak betetzeko gaitasun ezari egiten dio erreferentzia, baina, ongizate Estatua –beren ideal gorena– lortzeko gai izanda ere, ez ote lukete euren erreformekin klaserik gabeko gizarte baten sorkuntza helburu duen antolakunde independente bat oztopatuko? Posizio komunistetatik, lelo horrek ez ote luke balizko basakeria bat, kutsu sozialagoko basakeria, internazionalismo proletario oroz gabetua, onartzea ekarriko? Ez ote ginateke hemen, burgesiaren ezkerreko hegalaren proiektu politikoa onartzen ari?
Horrenbestez, proletalgoak diskurtso politiko dominantearen formetan bizi ditu bere izate politikoaren baldintzak. Horrek esan nahi du haien frustrazio eta ikuspegi eraldatzailea, sektore kontzienteenetan, burgesiaren pentsamendu marko berean dagoela. Eta horrek, aldi berean, proletalgoaren –eta beren interesak defendatzen dituztela dioten antolakundeen– ideologia politikoa klase dominantearen diskurtsoen gainean kalkatuta dagoela. Argi dago ideologia dominante hori hainbat modutan agertu daitekeela: ez du bere burua diskurtso dominantearekin agertzen, baizik eta diskurtso dominante hori bere aurkakoa balitz bezala erakusten dio langile klaseari, adibidez, beste mota bateko demokrazia politikoa posible den eta guztia ustezko «Estatu neutro» baten kudeaketan oinarritzen den ikuspegia.
Programa horiek ez dira politikoki gizarte berri bat sortzeaz arduratzen; kontrara, alde guztietatik zaharra dena mantentzea exijitzen zaio, aldi berean berritua eta zaharkitua dena, eta horrekin, gizarte burujabe bat helburu duen proiektu politikoa kondenatzen du.
1. R. Dahl-en ikus daiteke boterea fenomeno «interpertsonal» modura, modu mekaniko batean datorren bezala definitzen duena “A pertsona baten boterea B pertsonarengan, Bk Aren interbentziorik gabe egingo ez lukeen zerbait egiteko Ak duen gaitasuna da”. Weberren eragina ere ikus dezakegu indibidualismoan, tipo idealen inguruko ikusmoldeetan.
2. Parlamentarismo formal eta erradikalaren arteko dualitatea kasu konkretuetan ikus genezake: EH Bilduk Estatuko aurrekontuak babesten dituenean eta Ernai gazte antolakundea babes horrek dakarren ondorioen aurka agertzen denean. Edo Covidaren kudeaketari dagokion oportunismoan, kudeaketa hori haiek onartutakoa izanda. Baita Podemosek etxegabetzeen aurka dagoela dioeean, horiek burutzen dituen gobernuko partaide izanda...