AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Itaiak adierazi berri du emakume langileon antolakuntzan beste pauso bat emateko erabakia hartu duela. Izan ere, azken urte hauetan emakumeon auzia zertan den aztertu eta haren testuinguruan gertatzen den zapalkuntza gainditzeko tesiak zabaltzeko lanean aritu ondoren, beharrezkotzat jo du lekuan leku tesi horien arabera gaitasunak antolatzen hasteko jauzia ematea. Hurrengo lerroetan, antolakunde berriak egingo duen lanaren beraren izaeraz gain, aldaketa horren garrantzia zertan den azaltzen saiatuko naiz. Horretarako, orain artean idatzitakoei jarraikiz, batez ere hurrengo ideian jarriko dut arreta: zapalkuntza desberdinen kontrako borrokek zergatik galdegiten duten klase batasun estrategiko bat marko sozial kapitalista gainditu ahal izateko, eta zehatzago, emakumeon auzia programa sozialistaren barnean lantzeak zer gaitasun artikula ditzakeen.

Askotan errepikatu izan dugu emakume langilearen zapalkuntza gainditzeko beharrezkoa dela kapitalismoa gainditzea. Horrek ez du esan nahi lehentasuna han edo hemen jartzea, ezta zapalkuntzak hierarkizatzea ere, ezpada historiaren irakurketa materialista egitea. Engelsek[1] zioen gizartearen garapenean elkarrekiko tentsio kontrajarrian garatzen diren bi faktorek eragiten dutela, alde batetik, gizakiaren erreprodukzio beharrek (familia instituzio garrantzitsuena izanik) eta, bestetik, bizitzeko bitartekoen ekoizpenak (ekoizpen indarren garapenak determinatuta). Tentsio horretan, ekoizpen indarren garapenak emakumea ekoizpen sozialean sartzeko baldintzak jarri ditu eta emakumea familia instituzio burgesaren zeregin isolatzaileetatik askatzeko baldintzak garatu dira, eta bide horretan bere emantzipaziorako baldintzak ezarri dira.

Horrek emakume langilea jada bere kateetatik askatzea posible dela pentsatzera eraman gaitzake, hau da, posible duela, besteak beste, ekoizpen gaitasunen garapenaren bidez familia burgesean esleitu zaion lekutik aldentzea, lan merkatuan gizonezkoen baldintza berberekin sartzea edo programa ideologikoen bidez indarkeria matxista legitimatzen duen ideologiarekin behin betirako amaitzea, eta hori guztia, sistema kapitalista gainditzeko beharrik izan gabe. Horrenbestez, batek baino gehiagok pentsa dezake emakumea aske izan litekeela kapitalismoan eta, horretarako, ez dagoela hura gainditzera begirako estrategiarik martxan jarri beharrik, hots, nahikoa dela programa feminista bat abiaraztearekin.

Akats analitiko horretan jausi ez gaitezen, ordea, orain arte esandakoak tentuz hartu behar ditugu, eta elkarrekin aztertu beharrekoa da zer baldintza dauden emakumearen emantzipaziorako eta egungo errealitate kapitalistan zer egoera konkretu duen emakumeak. Are gehiago, baldintzak eta errealitatea bat ez datozela ulertzeko determinantea izango da ikustea kapitalismoan ekoizpen indarren garapena ez dagoela gizakiaren beharrizanak asetzeari begira, etekin kapitalista handitzeari begira baizik. Eta horrela ulertuko dugu, gaur egunean, sistema kapitalistan sexuen araberako desberdintasun sozialak kapitalarentzako zentzua izaten jarraitzen duela, hau da, kapitala maila altuenean balorizatzeko funtzioa betetzen duela emakume langileok modu pribatuan egiten ditugun lanen bidez kapitalari langileen erreprodukziorako beharrezkoak diren zenbait lanen kostua aurreztuz eta mekanismo anitzen bidez bere lan indarra debaluatuta egotea zilegiztatuz. Hortaz, aurrerapen teknikoari eskerrak kontraesan sexuala lanaren banaketan elementu determinantea izan ez dadin baldintzak egon badauden arren, kapitalaren erreprodukzioak berak, emakume langileon gaineko zapalkuntza erreproduzitzen duela ohartuko gara.

Ezein programa ez da emakume langilea askatasun bidean jartzeko gai izango, baldin eta ez badauka marko sozial kapitalista osorik gainditzera begira indarrak metatzeko gaitasunik. Sinplean, sistema kapitalistari berezkoak zaizkiolako dominazioa eta zapalkuntza. Hala ere, posible da gizarte kapitalistan latente dirauen hura askatzea, hau da, gizakien arteko kooperazio librerako potentzialitatea garatzea, baina soilik klase sozialak abolitzen badira. Eta beraz, beharrezkoa da garapen soziala muturrera eraman eta klase gizartea gainditzeko bide orri bat, horixe baita emakume langileon askatasunerako indar eraldatzaile bakarra.

Eta zeregin honetan baino ezingo dugu ulertu Itaiaren hautu politikoa; hain justu, testuinguru ekonomikoa zein politikoa kontuan hartuta antolakuntza politiko sozialistaren hautua egin du, eta horretarako bere burua emakume langileon babesa antolatzeko hautuan berretsi du. Alegia, indarrak metatzera begirako programa sozialista baten barnean lan egingo duela aurreratu du, eta baldintzak sortuko dituela emakumeak prozesu sozialistara batu daitezen. Izan ere, emakume langileon zapalkuntzaren erroa erasotzeko gaitasuna eskuratzea helburu izanda, klase gizartearekin bukatu ahal izateko garrantzitsua da zapalkuntza guztien kontrako borrokak batasun estrategikoan artikulatzen asmatzea. Izan ere, proletalgoak beharrezkoa du, klase bezala jardun ahal izateko, burgesiaren gainontzeko espresio organizatibo guztietatik independentziaz, gaitasunak antolatu eta alderdi propioa eratzea. Aurreratu duenez, antolakundeak bi aspektutan egingo dio ekarpena prozesu honi: emakume langileon bizi baldintzak hobetzera begirako borrokak abiatuz eta antolakuntza sozialistari ekarpena egingo dion jardunaren bitartez.

Laburbilduz, Itaiak egin berri duena gaitasunak gizakiaren baliabide eta ekoizpen indarrak gizadiaren mesedetan antolatuta egongo diren gizarte antolakuntza berri batera bidean antolatzera begirako hautua da. Langileriaren botere propioa eratzeko indarrak metatzeko hautua da, eta beraz, emakume langileon emantzipaziorantz bidean garrantzi handiko pausua. Antolatu beharreko gaitasunak baditugu, eta badaukagu antolatzeko gaitasuna. Orain, garapen sozialak bere potentzia aska dezan, geure esku dago indarrak nora bideratu; edonola ere, erabakigarria izango da.  


[1] Engels (1884) El origen de la familia, la propiedad privada y el Estado.