Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialista sortu dute

Urrats berri bat egin eta Emakumeon Antolakunde Sozialista sortu dute Itaiako kideek. "Emakume langileon babesa antolatzeko hautua" berretsi dute, "antolakuntza politiko sozialista" helduleku hartuta. "Klase kontzientzia garatuz", Itaiak martxan jarriko ditu "gure bizi baldintza eta baldintza estrategikoak hobetzeko borroka prozesua eta lan ideologikoa".
Argazki Nagusia
2020ko urriaren 20a
"Zapalkuntzarik gabeko gizartearen eraikuntzaren bidean, emakume langileon askapena gorpuztea" helburu, Emakumeon Antolakunde Sozialista bezala aurkeztu du bere burua gaur Itaiak. Horren berri emateko zabaldutako adierazpenean azaldu bezala, helburu hori lortu ahal izateko, beharrezkotzat jo dute "emakume langileak jasaten duen zapalkuntza zehatz bakoitza identifikatzea eta horrek egitura ekonomiko kapitalistaren baitan zein funtzio betetzen duen" aztertzea, "modu horretara, zapalkuntzari aurre egiteko bitarteko politikoak garatuz".

Egungo testuinguruari erreferentzia eginez, "osasun krisialdiak atzeraldi ekonomikoa bizkortzea" eragin duela azpimarratu dute, eta horrekin, "emakume langileon bizi baldintzak modu agerikoan kaltetu direla". Beraz, garai ilunak etorriko direla eta Itaiak "antolakuntza politiko sozialistarako hautua" egin duela adierazi dute.

Itaiaren sorreratik bi urte pasatu ostean, antolakuntza forma berria hartzearekin batera, "eskualdez eskualde emakume langileon babesa antolatzeko erabakia" hartu dutela diote argitaratutako adierazpenean. Izan ere, "emakume langileon emantzipazio erreala antolatzeko aukera bakarra harreman eredu sozialistaren eraikuntza izango dela" azaldu dute.

Klase kontzientziaren garapenari dagokionez, jakinarazi dute "emakume langileon bizi baldintzak eta baldintza estrategikoak hobetzera begirako borroka prozesua eta lan ideologikoa" abiatuko dituztela.