(Itzulpena)
Testu honen helburua bi kontzepturen inguruko zirriborroa egitea da. Bi kontzeptuok esan nahi ezberdinak jaso izan dituzte historian zehar, eta garrantzi handiagoa edo txikiagoa izan dute. Kontzeptuok izan bitez «autogestio» eta «langile-kontrol».
«Autogestioa», kontzeptu komunista gisan
Bat. «Autogestio» izendapena nahaspila eta indeterminazioz darabilgu gehientsuenetan; izan ere «autogestionatu» gisan ulertzen dugu edozein kolektibo edo proiektu, baldin eta horiek beren ekinbidea modu autonomo batean gestionatzeko helburua badute. Autonomia hori, bada, guztiz formala da. Kontzeptu horren baitan uler ditzakegu, esaterako, forma independentean (inoren kanpo-laguntzarik gabe) kudeatzen diren kolektibo asanblearioak, bai eta edozein kooperatiba ere, baldin eta horiek beren produktuen produkzio- eta zirkulazio-zikloa beren gain hartzen badute[1].
Bi. Autogestioa, hala ere, bere baitan duen determinazio politiko antagonistaren arabera ulertzen badugu, bi adarkadura edo ulerkera ezberdinetan bereiziko litzateke:
1. Autogestioa proletalgoaren antolakuntza positiboaren fundamentu gisa, ekinbide komunistaren helburu unibertsal gisa.
2. Autogestioa ukazio kapitalistaren aurkako berehalako erreakzio gisa.
Hiru. Autogestioaren kontzepzio edo ulerkera hegemonikoa
bigarrena litzateke. Bigarren kontzepzio honek hegemonizatzen du, egun, desjabetzearen
esanahia. Ulerkera honetatik eratortzen dira ustez askatzaileak direla-eta
prozesu sozial kapitalistari uko egin eta kanpotik eta modu paraleloan harreman
sozial berriak garatzeko anbizioa duten askotariko proiektuak. Marxek
idatziriko «Luis Bonaparteren lainotearen hemezortzia» (espainolez, El dieciocho de brumario de Luis Bonaparte)
liburutik hartutako pasarte bat, honatx, aurkitu dudan eran:
«En parte, él (el proletariado) se abandona a
experimentos doctrinales, bancos de cambio y asociaciones obreras, es decir, a
un movimiento en el que renuncia a transformar el viejo mundo con los grandes
medios colectivos que le son propios, y busca más bien conseguir la
propia emancipación a espaldas de la sociedad, de manera particular dentro de
los límites de sus mezquinas condiciones de existencia, con lo que va
necesariamente al fracaso»[2]
Lau. Tradizio politiko komunistaren arabera, ordea, autogestioa honela definituko genuke: prozesu sozialean gertatzen den bereganatze
pribatuaren abolizioa, hau da, proletalgoak bere dituen bitarteko
kolektiboen apropiazioa.
Bost. Bereganatze pribatuaz ari garenean, ez diogu aginte kapitalistak
prozesu sozialaren gainean duen aginte gaitasunari soilik egiten erreferentzia.
Bereganatze-pribatuaren esperientzia osoari buruz ari gara hemen: ekoizpenaren
antolakuntza, alde batetik, eta bestetik exekuzioa, banatzen badira, ez da
autogestio komunistaren printzipio unibertsala gauzatuko, gizartearen gaineko
banaketak bere horretan iraungo duelako. Autogestio komunistak proletalgoaren
kudeaketa zuzena esan nahi du, eta proletalgoa izango du klase unibertsal eta
gizadi.
Autogestioa eta langile-kontrola
Sei. Egia da autogestioaz mintza gaitezkeela marko teoriko eta
kontzeptual marxista bat bide hartuta. Hala ere, horrek proletalgoak prozesu
sozialaren kudeaketa hori nola egin behar duen aurretiaz determinatzen hastea
esan nahi badu, akatsa egingo genuke eta idealismoan eroriko ginateke. Autogestio
kontzeptuaren posibilitate kondizioa gizartearen antolakuntza komunista da, eta
honek premisa argi bat dauka: lurraldearen gaineko kontrol zuzena.
Zazpi. Gizarte burgesaren eta aginte kapitalistaren hegemoniaren azpian,
kapitalak determinatzen ditu harreman sozialak, hain zuzen, kapital-metaketaren
printzipioak, horrexek ezaugarritzen baitu aberastasunaren ekoizpen soziala. Kontrol
proletarioaren logika historikoa lanaren prozesu sozialak kontrol
kapitalistatik askatu eta proletalgoaren esku jartzean oinarritzen da, eta proletalgoa
hartzen da klase iraultzailetzat.
Zortzi.
Langile-kontrolak esan nahi du langilea dela zerbaiten kontrola konkistatzen
duena: «zerbait» hori izan liteke, bai bizi-eremu baten kontrola, edota baita jarduera
konkretu baten gaineko kontrola ere. Proletarioarentzat, etxe bat okupatzea
langile-kontroleko eginkizuna da, janaria, arropa edota patinete elektriko bat
lapurtzea izan daitezkeen bezalatsu. Langileak kasu hauetan egiten duena zera
da: zuzenean erabilera-balioa duten ondasunez jabetzen da, eta kapitalaren
zirkulazioa ohikoa etenarazten du. Zentzu horretan bakarrik esan daiteke «langile-kontrola»
kontzeptu politikoa dela, kasu horietan ulertzen baita klase kapitalistaren eta
proletalgoaren arteko indar korrelazioaren tentsioan oinarritzen dela.
Bederatzi. «Kontrola», dominazio
zein gainjartze ahalmen bat den heinean, kontrol totala edota kontrol partziala
izan daiteke. Langile-kontrola kontrol absolutua izango da langileak
kapitalaren prozesu guzia kanpo-interferentziarik gabe kontrolatzen duenean.
Kontrol partziala izango da, berriz, aginte kapitalistari kapitalaren kudeaketa
horretan estrategikoa den funtzio bat osten baldin bazaio. Esaterako: proletalgoak
ekoizpen prozesuaren inguruko erabaki zuzenak hartzeko ahalmena badu, esan
dezakegu kontrol totala duela. Bestalde, gure ahalmena enpresa jakin bateko
langileen lan-baldintzak baldintzatzeko modukoa besterik ez baldin bada, esan
dezakegu langile kontrol partzialaz ari garela.[3]
Hamar.
Langile-kontrolak bizi-eremu guziak hartzen ditu. Antolakuntzarik gabeko
langile-kontrolak, ordea, ez. Langile-kontrola zera da: kapitalistaren eta proletalgoaren
arteko indar-korrelazioaren emaitza positiboa. Mundu kapitalista gizartearen
maila guztietan dago antolatuta. Klase-etsai dugunari erantzuteko moduko indar
antolaturik sortzeko gai ez bagara, ezingo ditugu inolaz ere gure bizi-baldintza
zikoitz hauen mugak gainditu. Orduan bai, oi! Porrotera kondenatuak!