Gabriel Arestiren figura bakarretan bakarra da gure kultur tradizioan eta halaxe izaten jarraitzen du gaur ere, ekainean haren heriotzaren berrogeita bosgarren urteurrena bete berri den honetan. Bakarra da, alde batetik, ukaezina delako bilbotarrak Euskal Herriko bizitza kulturalean eta literarioan izan zuen garrantzia. Euskal literaturak izan duen poeta onenetakoa da, obra aberats eta sendoa utzi zigun, eta obra horrexekin bultzatu zuen harago, bai edukiz eta bai formaz, mantso samar zegoen euskarazko literatur ekoizpena; euskararen inguruko hainbat gairi hartu zien aurre, euskara batuarenari edo langile-immigrazioaren auzi linguistikoarenari, besteak beste; euskaraz posizionamendu proletario bat hartzea posible zela erakutsi zuen; kritiko eta polemista zorrotza izan zen gai sozial eta kultural askorekin eta oraindik baliotsu zaizkigun hainbat lan-ildo urratu zituen; heriotzara arte lagundu zien hurbil sentitzen zituen gazteei. Gauza gehiago aipa daitezke, baina aipatutako edozerk ez luke haren figuraren garrantzia berretsi besterik egingo.
Garrantzi hori, hala ere, egin zituenetatik harago bilatu behar da. E. P. Thompsonek William Morris artista sozialista ingelesari buruz zioena parafraseatuz, Aresti ez da garrantzitsua egin zuen guztiagatik, jarduera horiek guztiak biltzen dituen ezaugarri bategatik baizik: haren etikagatik. Koldo Izagirrek azpimarratu zuen, «Gabriel Arestiren poesia etika bat da», baina gehiago ere esan daiteke; haren figura bera da etika bat, eta etika hori da ulertu behar dena Aresti ulertu nahi bada. Bigarren zentzu batean, horrexegatik da bakarra Arestiren figura: inork gutxik ulertu duelako benetan, nire ustez. Saiakerak asko egon dira. Nazionalismotik begiratu dionak espainolismoa ikusi du haren posizionamendu sozialistan edo, kontrara, haren «aitaren etxea» desklasatzeko saiakera egin du; beste batzuek balizko humanismo abstraktu bat ikusi dute haren «beti paratuko naiz gizonaren alde» maximan, ulertu gabe Arestiren «gizona» oso zehatza zela, proletario zapalduez ari zela soil-soilik; eta, azkenik, egon da haren ni poetikoan indibidualismoa baino ikusi ez duenik ere, Arestiren poesiak daukan kontzientzia historiko nabarmenari ez ikusi eginda.
Kontzientzia historiko hori dago Arestiren posizio etikoaren muinean, eta kontzientzia historiko horixe izan da, nire ustez, haren figura ulertzeko oztopo nagusia. Arestiren posizioa komunista da oso-osorik: proletario gisa zeukan bere burua, kontsekuenteki eta kontzienteki hartu zuen Euskal Herriko eta mundu zabaleko langile-masen klase-posizio bera, eta etengabe aldarrikatu zuen gizarte sozialista posizio hori gainditzeko modu bakar gisa. Nire iritziz, Aresti ulertu nahi bada, haren posiziotik bertatik egin beharra dago, tradizio komunistatik, alegia, eta horregatik, hain zuzen ere, egin dute porrot hura interpretatzeko eta kritikatzeko saiakera ugarik, haren posizio politikoa ez dutelako aintzat hartu edo ez dutelako konpartitu. Komunistontzat, Gabriel Arestiren garrantzia haren etika sakonki politikoan dago. Ertz askotatik begiratu dakioke gai horri, baina artikulu honetan haren ekoizpen poetikoari begiratuko diot batik bat, arte sozialistaren inguruko eztabaidan lagun diezakegula uste izanda.
Aresti erdi ahaztua eta desitxuratua izan delako, hain zuzen, da beharrezkoa berriro haren jatorrizko testuetara jotzea. 1960an Donostiako udaletxe zaharrean irakurri zuen «Poesia eta euskal poesia» hitzaldian, esaterako, poetaren eginbeharraz hitz egiten du aurrenekoz. Arestirentzat poeta «ideien asmatzalea, edo, hobeki esanik sentimenduen asmatzalea» da, eta «mandatu» bat dauka, «zer eta zergatik» galdetu behar du «eta batez ere, beste gainerako gauza guztien gainetik, zertarako». Alegia, Arestiren ustez, poetak zerbaitetarako idatzi behar du poeta izateko, eginbehar bat eduki behar du: horra bere posizio etikoa poesiara eramana. Gerora garatuko duen ikuspegi sozialista helduagoarekin alderatuta, hogeita zazpi urteko Arestiren posizio etikoak inozenteagoa irudi luke, baina bizitza osoan iraun zion sendotasuna erakusten du ordurako: «gizonak gizona katigatzen» duela adierazten du bilbotarrak, aipatzen du «munduan mila miloika persona daude[la] gutxi jaten dutenak» eta aldarrikatzen du, egoera horretan, «behekoak bere burrukaldia hasten du[ela] goikoaren kontra». Ez zait kasualitatea iruditzen Aresti gazteak klase-borrokaren gaia ekartzea poesiaz ari delarik, hor kokatuko duelako bere burua une oro, langile-klasearen aldean eta burgesiaren kontra, horixe izango delako bere «mandatua», oraindik argi adierazten ez badu ere.
Arestik ez du bere posizio etikoaren eta estetikoaren arteko alderik ikusten, harentzat poetak «bere burua saltzen duen momentuan bertan, poetatza abandonatuko» du. Horri lotuta, 1960ko hitzaldi hartan ezin izan zuen beste ideia bat aipagabe utzi: «Poeta da gizon bat egia maitatzen duena, egia hori hitzaren medioz esplikatzen eta kantatzen duena». Haren obra guztian etengabe errepikatuko da: poetak egia esan behar du eta azken muturreraino eraman behar du printzipio hori, idazteko eskua eta kantatzeko mihia moztu behar badizkiote ere, poetak ezin dio «inoiz / inola / inun» egia esateari utzi, Harri eta herri liburuko poema gogoangarri batean dioen bezala. Egia hori, ordea, ez da egia metafisiko bat, ez da poetaren iritzi pertsonala soilik, posizionamendu etikoari eta kontzientzia historikoari zuzenean lotutako egia bat da. «Nik ere / badut / nire egia, / eta bankero jaunarenak / bezainbat / edo baino gehiago / balio du», dio Arestik, eta argi uzten du egiaren bere ulerkera klase menderatzailearenarekin aurrez aurre eta, ondorioz, proletalgoaren ondoan kokatzen duela. Egia hori beraxe da langileen kondizio alienatua seinalatzen duena, klase menderatzaileari eta haren lagunei «burjes» deitzen diena, «Dirurik eztagoen egunean / ezta / gizonik / erosiko» aldarrikatzen duen egia bera da. Arestiren egia, beraz, ez da berea soilik, proletalgo osoaren egia da, kontzientzia historiko bat eta etika kolektibo bat ditu aurrebaldintza. Hor dago haren politikotasuna.
Izan ere, bilbotarrak esana da «poesia / mailu bat / dela», edo, bestela esanda, politikoa izan daitekeela poesia. Arestik ideia hori konpartitu zuen Bertolt Brecht idazle alemaniarrarekin, zeinaren obra ondo ezagutzen baitzuen eta lan batzuk euskarari ekarri baitzizkion aurrenekoz. Brechtek, bere proiektu artistikoaren oinarri batzuk esplikatu asmoz, dio berak nahi lukeen arteak popularra eta errealista izan behar duela. Harentzat, horrek zera esan nahi luke, besteak beste: langile-masekin lerrokatzen den artea, haien posizioa hartu eta aberasten duena, ikuspegi sozial dominantea klase dominantearenarekin berdintzen duena eta hori agerian uzten duena. Bat datoz Brecht eta Aresti artearen mailutasunean: lanabesa da, alde batetik, burgesiak nahiko lukeen leku pribilegiatutik proletalgoaren eskuetara ekarria, eta arma, bestetik, sozialismo iraultzaileak egoki erabiltzen badu.
Ez dut nahi, inola ere, Brechten errealismoa edo Arestiren eredua hitzez hitz jarraitu beharreko kontsigna gisa ulertuak izan daitezen. Bi figura hauek berreskuratu nahi izan ditut gogorarazteko proletalgo iraultzailearen kontzientzia historikoak aplikazio artistikoak ere izan dituela, baita gure herrian ere, urrunegi joan gabe. Arte burgesaren izaera errotik zalantzan jarri eta langileen iraultzaren mesedetan ipini zuten euren ekoizpena osoki, edukitik hasi eta formaren gaineko eztabaidaraino. Hainbati zentzugabekeria irudituko zaio orduko artisten espiritu hori, zaharkitua geratu dela irudituko zaio. Burgesiak eta erreformismoak beti pentsatu izan du artearen eginbeharra beraiek sortu eta erreproduzitzen duten mundu anker hau edertzea dela. Egungo proletalgo iraultzaileak, aldiz, kontrara pentsatu behar du: artea oraindik mailu bat dela sinetsita, badaki bere proiektu historikoa gauzatzeko bidean tresna beharrezkoa izango duela.