Ekainaren 19an Diputatuen Kongresuak lege-proiektu bat onartu zuen: 121/000022 Proyecto de Ley Orgánica de protección integral a la infancia y la adolescencia frente a la violencia. Lege-proiektu horretan haur zein gazteekiko biolentzia forma ezberdinak zerrendatzen eta horiekiko erantzuna gogortzen da, oro har. Baina 23. artikulua jarri nahiko nuke jopuntuan gaurkoan, horrela baitio:
Artículo 23. Prevención de la radicalización en los niños, niñas y adolescentes.
Las Administraciones Públicas competentes adoptarán las medidas de sensibilización, prevención y detección precoz necesarias para proteger a las personas menores de edad frente a los procesos de radicalización y adoctrinamiento que conducen a la violencia en cualquier ámbito en el que se manifiesten, (...).
Azken urteotan, Europar Batasunaren baitako erakunde ezberdinak buru-belarri ari dira gizartearen masa zabalari ohartarazi nahian gazteriaren erradikalizazioa igotzen ari dela, eta horren aurrean, esku hartzeko beharra azpimarratzen ari dira[1]. Esku-hartze lerro horrek bat egiten du Europar Batasunaren gainbehera ekonomikoarekin, eta hortaz, bloke geopolitiko gisa izandako dekadentziarekin. Zentzu horretan, PSOE-Podemosen gobernuak proposatutako lege-proiektu honek badu funtzio bat eta badu izateko arrazoi bat ere.
Gehienontzat oharkabean pasatu dira artikulu honen existentzia eta aurkezpena. Izan ere, artikulu hau aurkezteko erabili duten marko teorikoak zein testuinguru orokorrak, bere zentzua diluitzen dute erabat. Artikuluaren interpretazioa lege-proiektuak aurkeztu duen marko teorikoaren baitan jasotzen bada, zaila da nerabeak babesteko asmoa besterik ez duen artikulu gisa baino zerbait gehiago bailitzan interpretzea. Esaten ari naizena ulertzeko: 150 artikulu inguruko lege-proiektu bat litzateke aurkeztutakoa, non gazteek eta haurrek pairatzen dituzten biolentziaren forma arrotzenak aipatzen diren eta, oro har, hauek biktima diren egoeren erregularizatze eta prebentzio saiakerak irudikatzen diren; hori da ideia orokorra, eta hori da ikuspuntua berau ulertzeko ia testu guztian zehar. Testuinguruak zeharo eragiten du egoera edo auzi baten interpretazioan, eta, kasu honetan, legearen inplikazio politikoak oharkabean igarotzen dira; hau da, gazteon kriminalizaziorako urrats argi bat dena, ez da hain erraz hautematen.
Lege-artikuluaren testuinguruaz gain, erabiltzen diren terminoen kontzeptualizazioa ere oso bestelakoa da, dugunarekin alderatzen badugu. Izan ere, Europako Komisioak erradikalizazio terminoa honela definitzen du: «instituzio sozial eta politikoen sakoneko aldaketa eta berregituratzearekiko defentsa edo konpromisoa, zeinak status quoa sostengatzen den muga tradizionalak eta prozedurazkoak gainditzeko desira inplikatzen duen»[2]. Termino horren baitan estatuarekiko edo burgesiarekiko kontrakotasunean kokatzen den ia edozein adierazpen barne biltzen da. Berba definitzeko orduan, duela urte batzuk oinarrizkoak ziren kontzeptuak ezabatuz joan dira, hala nola, biolentziaren erabilera edo antolakuntzaren premisa, eta gaur, kritikotasunaren adierazpen oro barne hartzen du erradikaltasunaren kontzeptuak.
Erradikaltasunaren kontzeptua definitzerakoan biolentziaren erabilera determinantea ez bada ere, iruditegi sozialean biolentzia iradokitzen du. Horrek, halabeharrez, biolentziaren inguruko hausnarketa bat ekarri beharko luke. Izan ere, biolentzia terminoa guztiz morala da. Testuinguru sozial eta eduki etikoaren bidez sailkatzen da ekintza bat biolento gisa, eta marko horiek burgesiak inposatzen ditu, testuingurua zein edukia. Zentzu honetan, status quoa kolokan jartzea biolentoa litzateke, burgesiaren ongizatea eta existentzia bera kolokan jartzen baititu, gizartearen masa zabalaren aurkako ekintza gisa nabaritzen dena, orokorrean.
Erradikaltasuna, kontzepzio orokorrean, arazo bat da gizartearentzat. Problematikoa denaren kontsentsu horrek burgesiaren, eta era berean, estatuaren esku-hartzea errazten du, eta arazoaren dimentsioaren pertzepzioa handituz joan ahala, onartzen den esku-hartzearen gogortasuna ere handiago bilakatzen da. Horrela ba, gazteriaren baitan erradikalizazio prozesu bat ematen ari denaren ideia hedatu da eta prozesu instituzionalizatu baten bidez gazteriarekiko kriminalizazioa garatu da. Modu publiko eta zabalean, gazteriaren aurkako oldarraldia ematen ari da, adostasun sozial batek baimendu duena. Estatu aparatuek, gazteriaren irudi zehatz bat ekoiztera jarri dituzte haien instituzio kulturalak, iritzi bat sortzera: hezkuntza zentroetan irakasgai eta materia zehatzak emanez, kriminalizazioaren aurkako ikastaroak emanez, gizarte hezitzaileen esku-hartzeak bideratuz, komunikabideetan hizkuntza jakin bat erabiliz, telesailetan estereotipo batzuk erreproduzituz… Horrek guztiak iritzi eta kontzientzia bat sortzen ditu jendartean, horrelako legeen inposaketak baimentzen dituzten kontzientziak, hain zuzen.
Lege-artikulu honen existentziak, gaur-gaurkoz, bi eratara eragiten digula esango nuke: batetik, gazteen «erradikaltasun prozesu saiakerak» bultzatzen dituzten eragile edo antolakundeak zorrotzago zigortuko direla eta, bestetik, prozesuak eteteko esku-hartzeak latzagoak izango direla. Lehenari dagokionez, itxuraz berehalako inplikaziorik ez baldin badu ere, indar korrelazioan posizioak irabazten joan ahala, gazte antolakundeen zein ikasle antolakundeen jarduna, esaterako, zeharo kriminalizatuko da, militantzia zein interpelatzen den subjektuaren zaurgarritasuna aitzakia gisa erabilita. Horrek, ezinbestekoa zaionean, potentzialitate iraultzailea itzaltzeko balioko dio burgesiari. Bigarren ideiari jarraiki, erradikalizazio zantzurik duten nukleoak nahiz orokorrean subjektua, hau da, gazteria, erradikalizatzen hasten denaren ideia hedatuz jarraitzen baldin bada, prozesu horiek eteteko, esku-hartze eta errepresio prozesu gogorragoak abiatuko ditu burgesiak. Arestian esan bezala, subjektu bat kriminalizatzeak, diziplina-prozesu bat baimentzen du subjektu horrekiko, eta oinarrizko eskubide politiko zein zibilak ukatzea ahalbidetzen du. Hori guztia, gainera, askotan aipatu dugun premisa ahaztu gabe: gazteriarengan esku hartzeak etorkizuneko langile klasea ezaugarritzea esan nahi du. Horregatik, lege-artikulu hau diziplinatze sozial zorrotzagoak inposatzearen gelaurrea da, etorkizuneko proletalgoa makurrarazteko beste pauso bat.
[1] “Parisko Deklarazioa”, 2015eko martxoak 17; “Marco Estratégico Educación y formación 2020” ET2020, Erasmus+ programa 2014-2020 edo INJUVEk 2018an CITCOrekin batera eskainitako ikastaroak dira horren adibide.
[2] “Radicalism is the advocacy of, and commitment to, sweeping change and restructuring of political and social institutions which involves the wish to do away with traditional and procedural restrictions which support the status quo” (European Commission, 2017: 12)