AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

No se trata de saber lo que tal o cual proletario, o aun el proletariado íntegro, se propone momentáneamente como fin. Se trata de saber lo que el proletariado es y lo que debe históricamente hacer de acuerdo a su ser. Su finalidad y su acción histórica le están trazadas, de manera tangible e irrevocable, en su propia situación de existencia, como en toda la organización de la sociedad burguesa actual. (K. Marx eta F. Engels. La sagrada familia, 1844).

 

Aurreko sarreran, emakume langileoi zehazki eragiten digun auzi sozial kapitalistaren aurrean politika antagonista bat garatzeko beharrizana azaltzea nuen helburu. Abiapuntutzat ideia orokor batzuk eta eskema orokor bat idatzita utzi nahi izan nituen, beharbada, egunen batean, teoria eta praktika politikoaren garapenaren lekuko, bertara itzuli eta ideia eta kontzeptuok ere garatzen jarraitzeko. Hala ere, aurrekoan airera jaurtitako ideiok emakume langileon askapen bidean abiapuntu egokia direla uste dudanez, horiek esateko dutenaz zertxobait gehiago luzatuko naiz hurrengo sarreretan.

Aipatu nuen «potentzial iraultzailea duen subjektu unibertsala langile klasea dela» eta, segidan, «sektore kaltetuenen bizi baldintzen defentsarako mekanismoak sortzea berehalako eginbehar gisa izango duen minimoetan oinarritutako programa baten beharrizana» iradoki nuen. Gaurko artikuluan, orduan esandakoa uler dadin, emakume langilearen klase baldintzaz mintzatzea gustatuko litzaidake, bere zapalkuntzaren forma kulturala bere funtzio ekonomikoak edo, kapitala-lana harremanean betetzen duen posizioak baldintzatzen duela azaltzeko.

Datu estatistikoei gainetik erreparatuz gero, ohar gaitezke, bizi baliabideen eskasiari loturiko indize gehienetan, emakumeen portzentajeek batez besteko portzentajea gainditzen dutela: INEren datuen arabera, Espainiako Estatuan pobrezia arriskuan dagoen biztanleriaren tasa lehendik altua izanik ere (% 25 inguruan), azken 10 urteetan % 4,1 hazi da emakumezkoen kasuan; gizonen kasuan, aldiz, % 2. EUSTATeko datuei begiratuta, EAEko emakumeen % 8,5 mantenu pobrezian bizi zen 2018an[i], hau da, oinarrizko beharrizan materialei aurre egiteko baliabide ekonomikoen faltan; batez besteko errenta pertsonalari dagokionez, EAEn, 2016an, emakumeena % 18 baxuagoa zen gizonezkoena baino. Enpleguari dagokionez, soldata baxuak eta lanaldi partziala dira nagusi emakume proletarioek betetzen dituzten sektore feminizatuetako lan-baldintzetan[ii]. Biolentzia matxista kasuen joera ere beherakorra izatetik urrun dagoela nabari da egunkariak zabaltzen ditugunean, beraz, berau kapitalismoak planteatzen dituen arazo larrien artean kokatzea ez litzateke disparate bat izango[iii]. Begirada azkar soilez antzeman dezakegu, hortaz, gure errealitate miserable honek garrasika aldarrikatzen digula mekanismo eraginkorren beharra, forma oso anitzetan gauzatzen den biolentzia honek norma kultural izateari utz diezaion.

Baina tresnok garatu ahal izateko ez gaitezen azaleko begiradan soilik geratu, datuok ez baitiote kapitalismoarengandik apartekoa den sistema ideologiko bati erantzuten, ez bada kapitalaren metaketarako emakume langilearen zapalkuntzak betetzen duen egiturazko funtzioari: lan-indar femeninoa debaluatuta agertzea eta emakume langilea (beste sektore batzuekin batera) prekarietate baldintza aurreratuenen lehen lerroan dagoen subjektu sozioekonomiko izatea[iv], besteak beste. Hau guztia, noski, emakume langileon gutxiespen soziala zilegi egiten duen lan banaketa sexuala oinarri duela, kapital metaketaren beharrak aldatu ahala, formaz aldatzen doana. Esan genezake azken hamarkadetatik hona, emakume langileon kontrako ofentsiba burgesak lan-indarraren feminizazio baten forma eta emakume langilearen bizi baldintzen narriatze baten itxura hartu duela. Ni ez naiz izango emakume langilearen auziaz gain, emakume burgesei edo burges txikiei eragiten dien aparteko auzi femeninorik existitu daitekeela ukatuko duena; ordea, esan nahi dudana da, inguruari pixka bat tentuz begiratzea besterik ez dagoela emakume langileoi eragiten digun zapalkuntza klase zapalkuntza dela ohartzeko. Eta horrela izanik, emakume langileari eragiten dion auzi femeninoa –nolabait deitzearren– haren proletario izaerak eragiten diola.

Itzul gaitezen, momentu batean, aipatutako lehenengo esaldira. Proletalgoa kapitalismoaren produktua da, eta, horrenbestez, diogu subjektu unibertsal eta potentzialki iraultzailea dela, mundu guztian existitzen delako eta kapitala-lana harremanaren produktu gisa interes berbera duelako. Errealitate sozialean langile klasea interes kontrajarriak balitu bezala agertzen da, baina aditzari erreparatzen badiogu, agertu ez da izan, eta langile klase globala etsaiaren boterea indartzen duen dinamika sozialean parte hartzera behartuta dagoenez, bere etsaiarekiko duen bizi dependentziak ezaugarritzen duela ulertuko dugu, botere materialik eta askatasun politikorik gabe ageri baita munduan. Baina menderakuntza ekonomiko horren baitan zapalkuntza forma desberdinak gertatzen direla jakin badakigu, klase menderakuntzak dituen azaleratze forma desberdin bezala edo, aukera desberdintasun eta diskriminazio forma ezberdinak bizi dituzten subjektibitate sozial desberdin bezala.

Esandakotik bi ondorio atera ditzakegu: alde batetik, aukera desberdintasunaren oinarria zein berdintasuna lortzeko ezintasuna proletario izaera honek azaltzen duela eta, bestetik, emakume langileak bere menderakuntza egoerara kondenatzen duen gizarte burgesa suntsitzeko potentzialitate iraultzailea daukala subjektu proletario gisa, baldin eta horrela eta horretarako antolatzen bada. Mugimendu sozialista indartsurik gabe, ordea, proletalgoa subjektu ekonomiko bezala existitzen bada ere, ez da bloke politiko eta kultural gisa errealitate sozialean ageri. Bere egoera iraultzeko gai den indar sozial gisa ager dadin, ulermen eta ekinbide marko propioa dituen subjektu politiko gisa eraiki beharko da. Bestela, bere egoeraren aurrean erreakzionatzen ez duen bitartean edo erreakzioa erantzun espontaneoetara mugatzen duen bitartean, proletalgoa baldintza miserableetan bizitzera ohitzea beste aukerarik ez duten pertsonen multzoa izango da, kapitalismoaren harreman forma lehiakor eta erasokorrak bere artean erreproduzitzen jarraituko duena eta ez duena bere interes komunen jakitun izan gabe gizartearen etorkizuna bere eskuetan hartzeko hauturik egingo. 

Emakume langileon egoera aldatzeko urgentzia politikoa, hortaz, proletalgo honen kontzientziaren berregituraketan aurki dezakegu, haren forma kultural eta politiko baten berregituraketan, hain zuzen ere. Norabide horretan ahalko baititugu antolatu gure borrokak, gaurko baldintzekin eta gaurko beharren arabera. Eta, honezkero, hasieran aipatutako bigarren ideiara heldu gara: zergatik da lehentasunezkoa emakume proletarioen bizi baldintzen defentsarako mekanismoak sortzea? Bada, alde batetik, hauek narriatzen dituen ofentsiba burges bat abian delako eta ez dagoelako hauen defentsa erreala egingo duen beste agente politikorik (ez bada kontzientzia espontaneo burgesetik abiatuta kanpaina egiteko). Bestetik, botere propioa eraikitzeko berehalako beharrizanetatik abiatutako borroka esperientziak beharrezko zaizkigulako; izan ere, antolatzeko oinarria zein gure oinarrien baliagarritasuna mahai gainean jartzen dute. Beharrizan konkretuetatik abiatuta, behar horiek, norberarenak izatetik urrun, kolektiboak eta klasearekiko komunak direla ulertu eta klase unibertsal baten eraketarako aukera ematen dutelako, potentzian, objektibitate berri bat sortzeko abiapuntua izan daitezkeelako. Finean, emakume proletarioen bizi baldintzak hobetzeko borroka defentsiboek, iraultzaren bidez proletario izaera eraldatzeko jomugan kokatuta baldin badaude, klase dominazioaren printzipioa erasotzeko gaitasunak handitzeko baldintzak jartzen dituzte.

 



[i] Ziurtasunez jakiterik ez badut ere, esango nuke, bizi dugun testuinguruaren jakitun, aurtengo zifrak altuagoak izan daitezkeela.

[iii] Ongi aztertu beharko litzateke ea zergatik gertatzen den hau, ea krisi testuinguruak nola eragiten duen biolentzia matxistaren gorakada hipotetiko batean edo zein forma konkretu hartzen dituen honek egungo testuinguruan.

[iv] Ibíd. «Gazte-sektoreak ez ezik, emakume langileok ere erabili egiten gaituztela ofentsiba burgeserako tresna moduan, hots, etorkizuneko lan eta bizi baldintzak langile klase osora hedatzeko bitarteko gisa».