Analisi sozioekonomiko laburra: ofentsiba kapitalista eta emakumeen proletarizazioa

2020ko otsailaren 20a


Versión en castellano

(itzulpena)

Artikulu honek lan-merkatuak emakumeak izan duen bilakaera aztertzea du xede, haiek betetzen dituzten lanpostu nagusiei eta lanpostu horien ezaugarriei erreparatuta. Helburua da genero auziaren egoeraren azterketa sistematikoari hasiera ematea, ezinbestekoa baita fronte honetan ere politika antagonista bat garatu ahal izateko.

Egungo testuinguru soziopolitikoa: krisi kapitalista, emakumearen lan-indarraren debaluazioa eta lan-malgutasuna

Hasteko, azpimarragarria da azken hamarkada hauetan zehar, mundu mailako kapitalismoaren eraldaketekin batera, lan-merkatuan feminizazio agerikoa ari dela gertatzen. 70eko hamarkadaren ondorengo urteetan, lan-merkatuan sartu ziren emakume kopuruaren igoera nabarmen handiagoa izan zen gizonezkoena baino, eta hori izan zen, hain justu, garai horretako ezaugarririk esanguratsuena. Gainera, ez da ahaztu behar emakumeen presentzia sistematikoa oso ezaugarri jakinak dituzten lanpostuetan gertatzen dela: nagusiki lanaldi partzialak dituztenetan, lan-malgutasun handia dutenetan, soldata baxuak dituztenetan

Literatura feminista zabal batek tinko argudiatzen du lan-baldintza kaskarrek generoa dutela. Hori erabateko irmotasunez baieztatzeko tresna analitiko nahikoren faltan, ni honako hipotesi honen alde lerratuko naiz: jada 2000. urtetik zenbait autorek planteatu duten soldata-erregimen berri baten sorrera, lan malguetan zein ezegonkorretan oinarritzen dena. Horien arabera, emakume langileak ordura arte nagusitzen ziren enplegu-arauak desegiteko tresna moduan erabiliak dira, eta horrela, soldata-erregimen berria langile-klase osora hedatzeko erreminta ezin hobea bilakatzen dira1.

Urte batzuk geroago, neurri batean, baieztatu egin da hipotesi hori. Inperialismoaren erdigunean dauden herrialdeen proletarizazio gorakorraren ondorioz, langile-klaseko gero sektore gehiago lan-baldintza ezegonkorretara bultzatzen dira dira, eta euren oinarrizko erreprodukzio-beharrak asetzeko nahikoa ez den soldata jasotzen dute. Horren erakusgarri da belaunaldi gazteen eta helduen arteko haustura ekonomikoa: gazteak dira burgesiak proletalgoari inposatu nahi dizkion kultura- eta soldata-aldaketen abangoardia.

Gauzak horrela, artikulu honetan aurkezten ahaleginduko naiz gazte-sektoreak ez ezik, emakume langileok ere erabili egiten gaituztela ofentsiba burgeserako tresna moduan, hots, etorkizuneko lan- eta bizi-baldintzak langile-klase osora hedatzeko bitarteko gisa.

Emakumeen lan-merkatua: feminizazioaren fenomenoa eta proletarizazioari buruzko datu argigarriak

Lehenago ere aipatu dudanez, azken mendean gertaturiko munduko kapitalismoaren eraldaketek areagotu egin dute «lan-indarraren feminizazio» gisa ezagutzen den fenomenoa, eta horrek emakume langileen bizi- eta lan-baldintzak okertzea eragin du. Hori, inondik ere, lanaren banaketa sexual latzaren emaitza da, zeinak zilegiztatu egiten duen emakumeak gutxietsitako lan-alorretan kontratatzea eta soldata baxuagoak izatea2.     

Lanpostuak jarduera-adarretan banatzen dituen 2011ko datuei erreparatuta, ikus daiteke, alde batetik, gutxi direla emakumeen kontzentrazioa gizonena baino handiagoa duten adarrak. Gizonen artean nagusitzen diren hamar adarren artean, sei zerbitzuetakoak dira eta beste lauak bigarren sektorekoak. Emakumeei dagokienez, hamarrak dira zerbitzuetakoak. EAEn, enplegu-kopuru handiena sortzen duten 16 jarduera-adarren artean, zazpitan bakarrik da emakumeen kopurua % 60tik gorakoa: etxeetako jarduerak (% 90), beste zerbitzu pertsonal batzuk (% 84), osasun-jarduerak (% 77), txikizkako merkataritza (% 70), hezkuntza (% 69) eta ostalaritza (% 62). Emakumeen eta gizonen arteko lanpostu-banaketa ez da parekidea, eta horrek dudarik gabe eragina du sektore batzuk maskulinoak eta beste batzuk femeninoak izatean3.

Bestalde, korrelazio zuzena dago zenbait lanbidetan emakumeek duten kontzentrazioaren eta ordainsarietan dagoen generoen arteko aldearen artean: emakumeen ehuneko handiena duten okupazioak dira, hain zuzen, orduko batez besteko irabazirik txikienak dituztenak. Ostalaritzan, emakumeek jarduera-sektore guztietako soldatarik baxuena jasotzen dute. Era berean, «administrazio-jarduerak» eta «zerbitzu osagarriak eta beste zerbitzu batzuk» sektoreetan, Estatu osoko soldatarik txikienak jasotzen dituzte. «Segregazio horizontal» dei geniezaiokeen fenomeno horri María Pasos Moránek «segregazio bertikal» deitzen diona gehitu behar zaio: nagusiki emakumeena den eskulana zerbitzuetan, osasun-jardueretan eta pertsonen zaintzan zein kualifikatu gabeko lan-sektoreetan kontzentratzen da, eta lanpostuen batez besteko soldatetan soldata baxuenak kobratzen dituzte. Gainera, esan behar da kualifikatu gabeko emakume langile gehienak betiko gelditzen direla eskala horretan.

Lehen esandakoari gehitu behar zaio lanaldi partzialak emakume langileen lan- baldintzen ezaugarri orokorrenetakoak bilakatzen ari direla; izan ere, agerikoa da haren aldeko apustua 2012. urteko lan-erreformen, baita 2013aren amaieran onartutako aldaketetan ere. EBko partzialtasun-tasen datuek adierazten dute partzialtasuna nagusiki emakumeen kontua dela. Lanaldi partzialeko kontratuetatik % 73,86 emakumeek egiten dituzte, hau da, 4 enplegutik 3. Emakumeak horrelako lanaldietara bultzatzen dituzten arrazoi nagusiak kualifikaziorik eza, lan-sektorea bera (gehienbat zaintza-sektorean egiten badute lan) eta lanaldia familia-betebeharrekin uztartu beharra dira. Gainera, lanaldi partzialeko enpleguen orduko irabazia lanaldi osoko enpleguena baino % 30 txikiagoa da. Beraz, lanaldi-mota horren feminizazioa ikusita, batez besteko irabaziak oso desberdinak izango dira gizon eta emakume langileentzat4.

Aipatu ditudan ezaugarri horien guztien (lanpostu ezengonkorren, soldata negargarrien, eta partzialtasunaren) sintesia «zaintza-lanen merkantilizazioa» deiturikoan ikus daiteke. Aintzat hartu behar da zaintzaren alorra (gehienbat mendekotasuna duten hirugarren adineko pertsonen zaintza izaten da) metaketa kapitalistaren beharrei (lan-indarraren debaluazioa) eta eszenatoki sozio-demografiko berriei (populazioaren zahartzea) erantzuteko formula ohikoena dela, batez ere Europa Hegoaldeko herrialdeetan. Hala, 2013an, sektore horrek emakumeen enplegu osoan duen garrantziari dagokionez, EAE lehen postuetan zegoen5.

Laneko ezegonkortasunak, diru-sarrera baxuak, gizarte-prestaziorik eza eta lanaldi gogorrak, eta beren ondorio diren akidura eta isolamendu soziala zaintza-lanen merkantilizazioaren ezaugarri batzuk baino ez dira. Hori gutxi balitz, beste hainbat eragozpen ere badaude, esaterako, langabeziagatiko babesgabetasunik eza edo Gizarte Segurantzako kotizazioen kostua handitzea lehen etapetan.

Gainera, batez ere Europa Hegoaldeko herrialdeetan, zaintza-lanen merkantilizazioak batik bat emakume migratzaileei eragiten die. Adibidez, EAEn, hamahiru mila eta hamabost mila artean zegoen lanposturen bat duten emakume migratzaileen kopurua, 2009 eta 2013 urteen artean. Azken urte horretan, estatistikek diotenez, etxeko lanen sektoreko lanak izan ziren emakume migratzaileen lanpostu gehienak (% 42)6.       

Ondorio modura

1. Ondoriozta dezakegu lanaren banaketa sexualak hainbat forma hartu dituela garaian garaiko kapitalaren beharrei erantzuteko, betiere emakumeen lan-indarra are gehiago debaluatzeko helburuz, eta, aldi berean, langile-klase osoaren lan-indarra ere debaluatzeko xedez.

2. Langile-klaseko sektore zapalduak (migratzaileak, gazteak, emakumeak) erabiltzen dira lan- eta bizi-baldintzen modernizazio kapitalista gauzatzeko. Lan-ezegonkortasuna eta lan-malgutasuna moduko fenomenoak langile-klaseko sektore zaurgarrienetan inposatzen dira, hala proletalgo osoa diziplinatzeko bere etorkizuneko bizi- eta lan-baldintzak izango diren horietan.

3. Beharrezkoa da sistematikoki aztertzea zer instituzio eta bizimoduren bitartez antolatzen duen burgesiak lan-esplotazioa, horien aurrean proletalgoak bere burua babesteko tresna efektiboak gara ditzan7. Soldata-erregimena dominazio burgesaren mekanismo soziala da, eta, ondorioz, beharrezkoa da hura funtzionarazten duten lanpostuak, instituzioak eta antolakuntza politikoa ulertzea, horrela bere arrazionalitate politikoa ulertzeko eta hari aurre egiteko. Horretarako saiakera xumea izan da nirea.

 

1 Ikus http://revistafacso.ucentral.cl/index.php/rumbos/article/download/130/126/

2 Ikus: Luz Burgueño C. (2019), Igualdad ante la ley, desigualdad ante la vida: feminización del trabajo y precariedad laboral.

3 Ibidem

4 Larrañaga Sarriegi, Mertxe eta Martínez Tola, Elena (2017) Desigualdades económicas de género en la Comunidad Autónoma del País Vasco. Ekonomiaz N.º 91, 1º semestre.

5 Nogueira Domínguez, Julia eta Zalakain Hernández, Joseba (2015), La discriminación múltiple de las mujeres inmigrantes trabajadoras en servicios domésticos y de cuidados en la Comunidad Autónoma de Euskadi.

6 Ibidem

7 Ikus: https://burdinhesia.wordpress.com/2019/06/09/kapitalaren-despotismoa-eta-proletariotza/