Torturaren gaia sentsibilitate handikoa da Euskal Herrian. Guztiok ditugu inguruan torturatuak izan diren militanteak; informazioa eskuratzeko, beldurra eragiteko edota militanteak psikologikoki deuseztatzeko mekanismoa izan da torturarena. Eraginkortasun handia erakutsi du torturak eta horregatik erabili dute ezkerreko zein eskuineko gobernu kapitalistek.
Historia oso luzea eta dimentsio globala dauka torturak. Mota askotako etsaien aurka boteredunek beraien pribilegioak mantentzeko erabili duten mekanismoa da. Eskrupulu faltak eta humanitate ezak ezaugarritu ditu klase jabedunak historia osoan zehar; euren boterea edozelako bitartekoen laguntzaz mantentzearen alde egin dute. Nabarmentzekoa da proletalgoaren aurkako tratu txarren eguneroko erabilera: presoen, atzerritarren edota «jende arriskutsuaren» kontra erabiltzen dena. Zer esanik ez estatu kapitalistaren agintea kolokan jarri duten mugimendu politikoen aurkakoa: torturaren milaka adibide daude Euskal Herrian azken hamarkadetan.
Ez dadila inor nahasi, tortura ez da desagertu Espainiako Estatuan; latente mantentzen da. Hau da, gatazkaren intentsitatea jaitsi izanak tortura erabiltzeko premia kendu die agintariei. Baina inork ez dezala zalantzarik izan: beharrezkoa zaien momentuan, ezein mugimendu iraultzaileren aurka erabiltzeko prest dagoen erreminta kontrairaultzailea da tortura.
Torturari aurre egiteko bide bakarra berau denboran zehar aplikatu duen klase dominatzailearekin eta haren interesen arabera antolatutako jendarte eredu klasistarekin bukatzea da. Norabide horretan errepresioari aurre egin eta justizia egiteko erabili den kontsigna amnistiarena da: preso politikorik eta torturarik gabeko jendartearen bermea estatu sozialista da.
Gizatasuna kentzen duten praktikekin amaitzearen bermea izan behar dugu komunistok. Torturak ez dauka lekurik komuniston jardun politikoan; ez orain, ez boterea eskuratuz gero ere. Hala zioen Fidel Castrok, arrazoi osoarekin. Hori guztia dela eta, ez ahanzturarik ez barkamenik torturatzaileekin eta haien arduradunekin, askatasunaren aldeko militanteak bitartekorik krudelenekin suntsitzen saiatzeagatik.