Han-hemenka agertu da «Abstente tú que ya decido yo. Bozkatzen ez baduzu haiek irabaziko dute» jartzen duen propaganda pegatina eta muraletan. Geroz eta gazte sektore zabalagoek politika instituzionalarekiko duten atxikimendu faltak eragindako inpotentziak mugimendu eta posizionamendu bat infantilizatzeko eta erridikulizatzeko saiakeran bukatu du.
Gazte Koordinadora Sozialistaren estetika erreproduzitu eta abstentzioaren aurkako kanpaina bat egitea izan da EH Bilduk gazte bozka bereganatu dezan egin duten azken saiakera. GKSren estetika kopiatu izanak Mugimendu Sozialistaren militantziari eta inguruari zuzenduta legokeela iradoki dezake. Baina litekeena da tarteko sektore bati zuzendutako kanpaina izatea, EH Bilduren azken urteetako erabakiekin eta norabidearekin ados ez dauden horiei. Lortu nahi izan dutena zera da: abstentzioa ezkerkeriatzat saltzea, ez bozkatzeari egoztea faxismoaren gorakada, eta, beste behin, gaitzetan txikiena direnaren ideia sendotzea, horrela boto zalantzati batzuk lortuz. Horretaz aparte, Ezker Abertzalearen oinarri sozialaren baitan inpunitatez eta erantzukizunik gabe Mugimendu Sozialistaren estrategiaz trufatu nahi izan dute. Sektore politiko horren etika eta zintzotasun faltaren erakusle argia.
Mugimendu Sozialistatik inoiz ez da ukatu instituzioek baliabide eta aukerak eman ditzaketenik proletalgoaren bizi baldintzak hobetzeko. Era berean, instituzioetan existitzen diren baliabide eta gaitasunak proletalgoaren mesederako eta beharretarako antolatuta egon behar direla ere aipatu da. Hortaz, hemen kritikatzen dena bestelakoa da: Estatuaren egituren baitan guztiz integratua izatea eta harekiko guztizko menderatzea. Horren hainbat adibide ikusi ahal izan ditugu: aurrekontuak onartzea, NATOren aginduei men egitea, gorputz polizialak zuritzeko saiakerak, antolakuntza komunistaren jazarpena… Gaitzetan txikienaren politikara kondenatuta dagoen programak ez du bide oparorik, hobekuntza aro moduan saltzen baitute proletalgoa objektiboki okerren dagoen eta okerrerantz doan garai hau. Demagogia erabiltzen du, eta, beraz, iruzurra besterik ez da langile klasearentzako. Ezintasun eternal baterako kondena.
Gero eta gazte gehiago dira programa politiko eta antolakuntza independente bat aldarrikatzen duten mugimenduekiko atxikimendua sentitzen dutenak. Geroz eta handiagoa da komunismoaren programak sortzen duen ilusioa. Gainera, belaunaldiaren osagaia biziki garrantzitsua da haustura politiko horretan. Izan ere, sozialdemokraziaren programa politikoak egungo testuinguruan garatzeko eta aplikatzeko dituen ezintasun nabarmenek oligarkia finantzarioaren mertzenario izatera kondenatuko du sozialdemokrazia.