Euskal Herrian eguneroko ogia bihurtu dute: burokratak komunisten aurka. Ezker Abertzaleak autoritarismoz zapaldu zuen bere gazteriaren eztabaidarako grina hainbat sasieztabaida prozesu eta kongresutan. Ordutik, gainera, gazteria komunistarekin eztabaida arrazionalerako aukera oro deuseztatzeaz arduratu da. Antzera ari da Esquerra Independentista Herrialde Katalanetan: iaz hainbat militante gazte antolakundetik dekretuz eta atzeko atetik bidali zituen, gazteen artean hedatzen ari zen ikuspegi komunista eta kritikoaren garapena errotik mozteko esperantzaz. Orain PCEko zuzendaritza norabide autoritario berean kokatu dela salatu du UJCEk (alderdiko gazte antolakundea).
PCEko burokratek gazte antolakundeko zuzendaritza kanporatzea eta haren ordez talde kudeatzaile bat izendatzea onartu zuten azken bilkuran. Gazte antolakundeak, berriz, erabakiari men ez egitera eta kudeatzaile taldeari legitimitaterik ez onartzera deitu ditu bere militanteak. Azken hilabeteetan agerian gelditu da bi antolakundeen arteko distantziamendua eta tentsioa. Gazteek alderdiaren deriba erreformista salatu dute, eta alderdi komunista berreraikitzearen beharra mahaigaineratu. PCEk hartu duen jarrera, berriz, tesi komunista iraultzaileen aurka jazarpena erabiltzean eta isilarazten saiatzean gotortu da.
Maiz errepikatu du Mugimendu Sozialistak bizi dugun krisi kapitalistak belaunaldi arteko haustura forma hartu duela, baita horrek tesi komunisten hedapenerako eta politika iraultzailerako aukera apartak irekitzen dituela ere. Antolakuntza komunistak momentu historiko honetan garapenerako duen potentzialitatearen lehen zantzuak ezagutzen hasiak gara Euskal Herrian. Gero eta argiago ikus daiteke, gainera, aukera horiek ez direla Euskal Herriko ezaugarri partikularretara mugatzen.
Litekeena da PCE lanpetuta harrapatu izana. Lanpetuta beren sozio Sánchezek ezarritako atzera kontaketan ados jarri nahian Díazekin, Belarrarekin eta enparauekin. Kasurik onenean koalizio gobernu berri batean ministerio edo karguren bat lortzeko esperantza izango dute, eta gero eta gordinagoa den proletarizazio prozesu honen erdian miseriaren kudeatzaile eta erantzule zuzen izateko helburua, ezkerraren zirku berrian parte hartuz. Horregatik ere begirunez tratatzekoa da UJCEko gazteen hautua. Askok gazte antolakundea mugatu nahi duten liberatu, burokrata eta politikari profesionalak sortzeko funtzioari uko egin baitiote komunismoaren printzipioei leial izaten jarraitzearren, bai maila pertsonalean eta baita antolakunde modura ere. Determinazioz ari dira, gainera, ondorioak beren gain hartzeko borondatez. Zalantzarik gabe, duintasunez beteriko ekinbidea.