Azkar moldatu da gizartea ziklo berri honek ekarri duen miseriara. Berregokitze ekonomikoak aldaketa kulturalak eta politikoak ekarri ditu berarekin, eta oposizio handirik gabe, erraz, bilakatu dira lazeria eta zoritxarra normaltasun berriaren parte. Erresiliente izatea dagokiela uste duten horiei eta inoiz etorriko ez diren ongizate-estatuen urrezko aro berriekin amestea aukera bakarra dela uste duten horiei: bizitzea merezi duen alternatiba bat eraikitzea dagokigu.
Denbora da ordezkaritzako demokraziak, gure interesak ez ordezkatzeaz aparte, gehiengoa ere ez duela ordekatzen kuantitatiboki. Zuzenbide-estatuetako botereen banaketa eliteen interesen pean dago zentralizatua, estatu liberalek merkatuaren libertatea soilik bermatzen dute, desegin egin dira ongizate-estatuan eraikitako bake sozialaren oinarriak, gero eta ohikoagoak dira politika totalitarioak gizartearen kontsentsu falta argiaren aurrean; finean, krisian daude azken hamarkadetan ezagututako estatu modernoak.
Kapitalaren alderdiak, ordea, tematuta daude demagogia merkean beren gaitasun eta eskumenetatik haratago doazen promesak egiten dituztenean. Politika instituzionala, berriz, alderdien arteko botere-kuoten lehiara mugatzen da, hain zuzen, burgesiak menperatzen eta bideratzen dituen prozesuen xehadura batzuen gaineko eskumenak eskuratzeko norgehiagokara. Beraz, botere-kuota horien norgehiagokan, politika elektorala alderdiei beren alderdia bera eta posizioa hobetzen lagunduko dien prozesu moduan ulertu behar dugu. Oligarkiak eta haren mesedetan jarduten duten instituzioek zentralizatzen dituzte alderdiak eta beren politikak finantzatu eta babestu ditzaketenen boterea eta dirua. Hortaz, politika parlamentarioaren abiapuntua ezinbestean da Banku Zentralari edo bestelako elite ekonomiko batzuei zein Europar Batasunari edo NATOren moduko estatus gaindiko instituzioei subordinatzea. Ez dago alternatiba errealik proletalgoaren kontrako ofentsibaren erantzuleen aurka, hau da, oligarkiaren aurka. Izan ere, Kapitalaren alderdi batek berak ere ez dio aurre egingo beren politikei bide ematen dien horri.
Maiatzaren Lehenean sozialismoa alternatiba erreal bilakatzeko beharra azpimarratuko dute Kontseilu Sozialistek, proletalgoaren boterean oinarrituko den indar bat eraikitzeko beharra dagoela aldarrikatuko dute. Izan ere, basakeria kapitalista honi guztiari kontrajartzeko programa komunista eraikitzeko, gaurdanik eraiki behar da fartsa parlamentarioari kontrajarriko zaion botere sozialista.