Etxebizitza espekulaziorako, lukurreriarako eta negoziorako bitartekoa da. Ikusi besterik ez dago: 3.600 lagun inguru bizi dira kale gorrian Euskal Herrian, alokairuen prezioak maximo historikoetan daude EAEn, Nafarroan 3.000 etxebizitzatik gora hutsik daude, Ipar Euskal Herrian etxebizitzen ia % 30 luxuzko etxebizitza dela esaten da, eta 2022an 700 etxegabetzetik gora izan ziren EAEn; bitartean, enbargo kasuek esponentzialki ugaritzen jarraitzen dute.
Proletalgoaren bizi bitartekoak suntsitzen ari dira, eta geroz eta handiagoa da oinarrizko bizi bitartekoetara iristen ez direnen kopurua. Etxebizitza eskubidea guztiz ukatzen zaio proletalgoari, jabetza bat eskuratu ezinda eta diru sarrera minimorik gabe alokairurik ordaindu ezinda baitabil. Hori horrela, etxebizitzaren problematikari aurre egiteko, geroz eta jende gehiagorentzako da okupazioa alternatiba bakarra.
Etxebizitza eskubide erreal moduan ez dagoela bermatua ez da sekretua, eta gobernuak ez duela proletalgoaren etxebizitza arazoa konpontzeko borondaterik ere ez. Arestian aipatu bezala, askorentzat aterabide bakarra da okupazioa. Horretaz jakitun izanda ere, Espainiako Gobernuak desokupen mafiak zuritzen jarraitzen du, legez kanpoko etxe-kaleratzeak baimentzen ditu, etxebizitza sindikatuak kriminalizatzen ditu, haien aurkako errepresioa ekonomikoa eta haien jardunaren kontrako jazarpena bultzatzen du, okupazioaren aurkako legedia gogortzen du, Cañada Realen moduko auzoen eraisketa baimentzen du…
Okupazioaren aurkako ofentsiba bat abiatzeaz gain, Gobernuak ez du etxebizitzaren arazoa gainditzeko intentziorik, horretarako eskumena izanda ere: eskala handiko desjabetzeak egin ditzake, putre-funtsen espekulazioa eteteko bitarteko juridikoak jar ditzake, bloke desokupen gaineko kontrola areagotu dezake… Finean, badu etxebizitzaren espekulazioan esku hartzeko gaitasuna. Gutxienez orain egiten duena baino gehiago. Hala ere, ez zaio komeni lur-jabe eta ugazabekin gatazkan sartzea. Izan ere, proletalgoaren beharrizanek jabe txikiekin (eta, kasu honetan, handiekin ere) kontraesanak baditu, Gobernuak bigarrenen alde egingo du beti, ertain klasearen interesen ordezkaria baita.
Asko dira hauteskunde kanpainako demagogietatik haratago etxebizitza sindikatuetan antolatuz praktika espekulatzaileei eta proletalgoaren aurkako ofentsibari aurre egiten ari direnak. Geroz eta gehiago dira modu koordinatuan etxebizitzaren auziari proletalgoaren beharrizanetatik abiatuta erantzuten dieten militante sareak, okupazioaren kriminalizazioaren aurka dihardutenak, bai maila ideologikoan eta baita ere praktikoan lanean ari diren militanteak, espazio horien administrazio proletarioaren aldeko hautua egiten dutenak. Finean, geroz eta gehiago dira etxebizitza unibertsal, doako eta kalitatezkoaren norabidean lanean dabiltzan militanteak. Proletalgoaren etxebizitzaren eskubidearen bermeak haren antolakuntza politikotik erdituko dira, eta ez pobrezia kriminalizatzen duen Gobernutik.