AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Joan den maiatzaren 11an antolakuntzaren beharraren erakusleiho izan ziren Bartzelonako kaleak. Faxismoaren aurka eta espazio autogestionatuen defentsan ehundaka herritar atera dira hiriko kaleetara. Horrela, Desokupek aurreikusita zuten desalojo bat konfontratu eta ekidin dute. Hemendik, babesa eta elkartasuna bidali nahi diegu El Kubo eta CSO La Ruinaren defentsan zein faxismoari aurre eginez kaleak hartu dituztenei.

Desokupek inpunitate osoz jarduten dute Espainiar estatuan, poliziaren eta politikarien babesa ez ezik, babes kulturala ere bereganatzen ari baitira. Alde batetik, izaera faxista duten pentsamenduen zabalpena eta normalizazioa ikusten ari gara. Bizi-baldintzak suntsitzen ari diren bitartean, klase ertaina deskonposatzen ari da halabeharrez, eta horrek faxismoaren moduko pentsamendu erreakzionarioak indartzea eragiten du. Horren ondorio dira horrelako talde faxistak ugaritzeak. Izan ere, kolektibo zaurgarrienen aurkako konfrontazio eta biolentzia zuzena erabiltzen duten talde faxistek klase ertainaren zentzu komunetik edaten dute, haien ustetan proletalgoa baita beren gaitzetako bat. Eraso fisikoak gorantz doazen honetan, halakoak zuritzea ahalbidetzen duen testuingurua sortzen ari dira, proletariotzaren bizi ereduaren aurka etengabe erabiliz kriminalizazio juridiko, politiko eta mediatikoa. 

Beste alde batetik, aipatzekoa da okupazioa izaten ari den kriminalizazio kanpaina mediatikoa, zeina nabarmen hazi baita azken bizpahiru urteetan. Jabetza pribatuaren aitzakiapean –Ongizate estatuen oinarrizko kontsetsurako elementua–, errealitatean defendatzen dituzten interesak putre-funtsenak eta jabe txiki errentatzaileenak dira. Alderdi politiko guztiek beren boto-emaileen eta beren politikak finantzatzen dituztenen interesak defendatzen dituzte, eta, horregatik, etxebizitzaren negozioak burgesiarentzako baina baita ere klase ertainarentzako ere duen garrantziaz jakitun, fokua etengabe desbideratzen dute etxebizitzaren problematikaren egiazko oinarritik. Arazoari errotik heltzeko asmorik ez duten aldaketa eta limosnak eskaintzen dituzte, baina, berez, etxebizitzarako sarbide unibertsala ukatzen dute, eta okupazioaren inguruko falazia eta gezurrak zabaltzen dituzte. 

Lehen lerroan jarri behar dugu proletalgoaren espazioaren gaineko kontrolaren garrantzia. Kanpaina politikoen eta kulturalen bitartez oinarri berri batzuk ezarri behar ditugu, espazioen gaineko kontrol unibertsal eta bidezkoak defendatuko dituztenak, bai etxebizitzen kasuan, baina baita espazio politikoen edo antolakuntzarako espazioen kasuan ere. Horrek derrigor eskatzen du espazioen berehalako erabilera legitimatzea, eta, beraz, okupazioa behar sozial eta politiko gisa ulertzea. Era berean, faxismoaren antolakuntza eta forma ideologiko guztien aurka borrokatu behar gara gaurdanik. Horrek, proletalgoaren aurkako ideologia horiek guztiek burgesiarengandik edaten dutenez, ezinbestean eskatzen du haren ofentsibaren aurrean antolakuntza indartsu bat garatzea, antzeko edozein erasoren aurrean proletalgoa defenda dezan eta agente horien inpunitatea buka dadin.