AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Azken aldiko emakume langileen inguruko berriak lazgarriak izan dira. Hiru erailketa matxista izan dira Euskal Herrian urtea hasi zenetik, hiru sexu-esplotaziorako sare atzeman dituzte Bilbon azken urtean, eta bien bitartean eraso sexistak gorantz doaz, emakume proletarioaren gorputzaren merkantilizaziorako forma berriak sortzen, sektore feminizatuetako lan baldintzak are gehiago prekarizatzen… Itaiak asteburu honetan erakutsi du, beste urte batez, dinamika horien guztien kontrapisua izateko borondatea duela. Mila lagunetik gora elkartu ziren larunbatean emakumearen askapen errealerako bide-orrian aurrerapausoak emateko, hain zuzen, emakume langilearen zapalkuntzaren erpin desberdinak mahaigaineratu, testuinguru politiko eta sozialaren analisi zorrotza egin eta gaurdanik hasita emakume langilearen askapen errealerako baldintzak eraikitzeko proposamen politikoa aldarrikatzeko. Jardunaldiak kontsigna batek zeharkatu zituen: ez dago emakume langilea askatzerik sozialismorik gabe, eta, era berean, ez dago sozialismorik emakume langilea askatu gabe.

Komunismoaren aurkako bataila politiko eta kulturalak programa politiko horren inplikazioak erridikulizatu, infantilizatu eta desitxuratu ditu hamarkada luzez. Sozialismoaren aldeko borroka Estatuaren bitartez gauzatu beharreko neurri ekonomiko batzuen aplikazio soilera erreduzitzeak ezinezko egiten du hura gizarte antolaketa aske baten bezpera moduan atzematea. Auzi ekonomikoak eta produkzio ereduak eragin zuzena dute gizarte antolamenduaren nolakotasunean. Emakume langilearen auziari dagokionez, argi ikusten da nolako eragina duen ekoizpen ereduak: familia nuklearraren ereduan, lanaren banaketa sexualean, lan indarraren salerosketan... Baina, era batera edo bestera, gure bizitzen aspektu guztietan eragiten du kapitalismoaren oinarria den kapital metaketak. Hortaz, emakume langileon askapena posible egiteko, ezinbestekoa da oinarri hori abolitzea. Hori guztia, halaber, egungo gizarte egituraketa betikotzea eragiten duten ideologia, bizi ohitura, tradizio eta abarren amaierarekin batera egin behar da. Zentzu horretan egiten dute lan emakume langileen antolakunde sozialistek, emakumea azpiratzen duten gizarte ereduaren erroak kolpatu eta emakume proletarioa subjektu politiko moduan garatzeko; auzi femeninoa borrokaren lehen lerrora ekarri eta emakume langilea mugimendu askatzaile eta borroka oso batera batzeko.

Itaia emakume langilearen baldintza politiko, ekonomiko eta sozialak hobetzeko borrokatzen da, eta hori guztia sozialismoaren eraikuntza indartzean kokatzen du. Gizarte kapitalistan genero zapalkuntzaren formak aldatuz joan dira, momentu historikoaren behar eta ezaugarrietara moldatuz, baina behin ere ez da sortu emakume langilearen zapalkuntza gainditzeko baldintza errealik. Sozialismoak soilik jar ditzake hori posible egiteko oinarriak. Gero eta gehiago dira horren aldeko hautua egin duten emakumeak, eta hori nabarmen geratzen da Itaiak antolatzen dituen ekimen eta mobilizazioetan. Lan handia eta bide oparoa dute aurretik.