AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Pasa den astean, eskuineko eta ultraeskuineko komunikabideen zein alderdi politikoen partetik jasandako kriminalizazio-kanpaina salatu zuen Mugimendu Sozialistak (MS). Iruñean egindako agerraldian EHKSk esan zuen EAJk abiatu zuela kriminalizazio-kanpaina hori, urriaren 12an faxistak babesten eta antifaxistak atxilotzen ibili ostean. Etetetik urrun, larunbateko futbol-partidaren atarian, bi kalejira zirela-eta eutsi zioten kanpainari. EH Bildu ere kriminalizaziora batu zen, inork galdetu aurretik, kalejira horiek baketsuak izan behar zirela esanez. Are okerragoa da, ordea, Otegik En Jake programan esandakoa. Bakoitzak bere interesak ditu kriminalizazioa aurrera eramateko, eta biek ala biek dinamika errepresiboa elikatzen dute.

Palestinarekin Elkartasunak eta Euskal Zaletuek ofizialtasunaren alde, palestinar erresistentziaren alde eta Israelgo estatu terroristaren aurka egin zuten deialdiak 20.000 pertsonatik gora batu zituen, eta aldarrikapen horiek egon ziren kalejiraren erdigunean. Esan beharra dago mobilizazio horren gehiengoa, eta are gehiago Gernika Palestinak deitutakoarekin alderatuta, gazteek osatzen zutela. Gazteen eta belaunaldi helduagoen arteko tartea agerian utzi zuen larunbatekoak, baita gazteenen artean horrelako kanpainek daukaten eragin urria ere; probokazio-kanpaina EAJren partetik eta ahultze-kanpaina EH Bilduren aldetik, eta bien asmoak zapuztuta.

EAJren inguruan, beren ildo politikoa aurtengo ikasturtean honakoan oinarritzen ari da: gazte komunisten aurkako kriminalizazioa gauzatzean eta eskuin muturraren marko politikoa EAEko politikara ekartzean, besteak beste, segurtasunaren auziari dagokionean. Horretarako bi arrazoi ikusten ditugu: EH Bilduri boto batzuk harrapatzea, batetik, eta MSren aurkako kanpaina egitea, bestetik. Horrek ez gintuzke harritu behar, enpresarien interesak ordezkatzen dituen eta sakonki kontserbadorea den alderdi baten aldetik. Eta aipatutakoaren adibide dira "ezezagun batzuek" egindako pintaketei eman dieten dimentsioa, "istiluak" nola handiagotu dituzten, edo Ertzaintzari kritikak erasotzat hartzea.

Bueltatu gaitezen Otegiren azken adierazpenetara, merezi dutena baino arreta gutxiago eskaini diegu-eta orain arte. Elkarrizketatzaileak galdetu zion ea GKSren partetik biolentziaren areagotze bat ikusten duen, eta honakoa erantzun zion: ez dakiela GKS dagoen biolentziaren areagotzearen atzean, baina intelektualki eta politikoki baietz. Nola da posible bere burua ezkerrekotzat daukan buruzagi politiko batek, galdera hori problematizatu beharrean, ontzat eman eta GKSren kriminalizazioan sakontzea? Zergatik ez zuen erantzun ez dagoela halako gorakadarik, eta dagoena eskuin muturraren antolakunde, diskurtso eta biolentziaren gorakada dela? Nola da posible ez problematizatzea urriaren 12an hemeretzi antifaxista atxilotu izana, eta Falangekorik ez atxilotu izana? Nola daukate hain lotsa gutxi, Vito Quilesen ekitaldia gelditzeko ezer ere ez egin ondoren, behin protesta ondo ateratzean ekintza hori eurenganatzen saiatzeko eta astebetera protesta hori bultzatu zutenak kriminalizatzeko? Hori da sozialdemokrazia bete-betean, antifaxisten jarduna beren interes elektoralak elikatzeko eurenganatzen duena eta antifaxista horien kriminalizazioan sakontzen duena. Beranduagoko elkarrizketa batean, Otxandianok Otegiren hitzak leundu zituen, baina ordurako atera beharreko lerroburu guztiak aterata zeuden, eta mugimendu iraultzaile baten estigmatizazioa areagotuta.

Argi dagoena da MSren hazkundea problematikoa dela alderdi burgesen eta erdi-mailako klasekoen optikatik begiratuta. MS osatzen dugun kideok zazpi urtetik gora daramatzagu kalean politika egiten. Hazkunde hori ekiditeko, demonizazio-kanpaina bat abiatu dute duela denbora batetik, MS biolentziarekin lotzeko eta bere ideiekin eta praktikarekin bat egin dezakeen jendea aldez aurretik urruntzeko. MS faxismoaren aurka instituzioek egin ez dutena eta egingo ez dutena egiten aritu da, hots, langileon aurkako mehatxu horren aurka mobilizatzeko baldintzak jartzen, beste alde batera begiratu beharrean. Izan ere, estatu burgesa eta faxismoa aliatu naturalak dira, eta espainiar instituzioak, salbuespena baino, horren adibide argia dira. Garbi dago etsai eta aurkari politikoek ez dutela komunismoaren hazkunderik nahi eta edozelako trikimailuak eta eskura dituzten erreminta boteretsuak, hala nola komukabideak, erabiliko dituztela hura geldiarazteko. Denon ardura da egoera honi inteligentziaz begiratzea eta MS erreferente antifaxista eta antikapitalista gisa hegemoniko bilakatzeko baldintzak jartzea, egungo indar-harremana zein den eta pentsaera nagusiak zein diren aintzat hartuta.

EZ DAGO IRUZKINIK