Jendarme agente batek Naël izeneko 17 urteko gazte bat hil du Nanterren (Frantzia), sabelean tiro eginda. Komunikabide handiek zabaldutako bertsio polizialaren arabera, gaztea autoarekin polizia harrapatzen saiatu zen, eta hark, halabeharrez, tiro egin zion autodefentsa modura. Ordu gutxira, ordea, nabarmen geratu zen bertsio ofizialaren fartsa, gertakarien testigu batek grabatu eta sare sozialetan zabaldu zituen irudi bortitzei esker. Berriro ere polizia masa zabalen aurka biolentzia erabiltzen eta pobreak erailtzen ari da, eta bitartean komunikabideak gezurretan eta estatu aparatuak inpunitatea bermatzen.
Naëlekiko eta haren gertukoekiko elkartasun keinuek Frantzia osoa zeharkatu dute eta milaka izan dira kalera atera direnak. Hainbat hiritan poliziaren komisaldegi eta udaletxeen aurka ere jo dute, egunero sufritzen duten biolentziaren eta Naëlen erailketaren erantzule zuzenak kolpatzeko intentzioarekin seguruenik. Amorruz eta inpotentziaz bete dira kaleak. Badirudi masa zabalak ukatua zaien kaleen eta munduaren jabetza eta kontrola bereganatu nahian dabiltzala, egun, ordu edo minutu gutxian bada ere. Bortxaz ukatua zaien duintasunaren aldarrikapena.
Krisia miseria areagotzen ari da, estatuak gero eta bortitzago ari dira proletariotzaren aurka eta masa zabalak, erreferente politikoen faltan, irrikitan daude mundu honen erantzuleak seinalatuta eta larri ikusteko. Alderdi ezkertiarrak, bitartean, lanpetuta daude biztanleriaren erdiak ere parte hartzen ez duen hauteskundeei begira eta instituzioen kudeaketarekin amesten. Horregatik mintzo dira polizia ereduaz: badakitelako, noizbait gobernuetara iritsita ere, poliziak funtsean berdin jarraituko duela eta euren politikak azaleko moldaketa batzuetara mugatuko direla.
Polizia burgesiaren defentsarako eta langileria azpiratzeko bizi da, kapitalismoaren eta estatuaren defentsa armatua da. Bestela, galdetu diezaietela ezkerraren polizia-ereduaz Cádizeko metaleko grebalariei edo bankuari emateko helburuz etxebizitzarik gabe utzi dituzten milaka familiei. Hori da ezkerraren benetako eredua: miseria ezkutatzen saiatzeko gezurrez, promesa faltsuz eta itxurakeriaz betetako politikak. Eta horregatik ari dira komunistak iraultzaz eta sozialismoaz.