AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Ikasle Abertzaleak (IA) antolakunde historikoa, hemendik aurrera, Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialistaren (IAS) izenean arituko da. Orain dela hamarkada batetik baino gehiagotik eta azken hiru kongresuetan militantziaren gehiengoaren hipotesia zena, IAk bide iraultzaile bat irekitzeko ekarpena egin behar zuela, modu honetara zehaztu da hamarkada baten buruan. Ordutik hona handia izan da ekarpena, Euskal Herriko oinarri militantea ezerezean geratzeko arriskua baitzegoen, eta besteak beste IA garrantzitsua izan da hipotesi iraultzailea bizirik mantentzeko. Iraunarazteko eta eguneratzeko.

Aurreko ziklo politikoaren berrikuspen kritikoa egitea edozein mugimendu iraultzaileren egiteko nagusietako bat da. Kritika ez da akusazio pertsonalekin nahastu behar, kritika estrategikoa da. Izan ere, aurreko ziklo politikoan egindako saiakera iraultzaile guztiek jarri dituzte baldintzak ziklo berri bat existitu dadin. Hortik abiatuta, orain dela hamarkada bat Ezker Abertzalearen bueltatik zetozen hainbat eta hainbat gaztek erreformismoan oinarritutako estrategia berria alboratu eta hipotesi iraultzaile eta kritikoak egiteari ekin zioten. Komunismoa berreskuratu zuten eta interklasismoari zein etapismoari kritikek zentralitatea hartu zuten Mugimendu Sozialistaren sorreratik. Burgesia nazionala, langileriarentzako bidelagun gisa baino, oztopo gisa agertu baita Euskal Herriaren historia garaikidean zehar, bai independentzia eskuratzeari begira, eta zer esanik ez sozialismoaren eraikuntzari dagokionez. Fasekako estrategia batek ez ditu ekarri ez bata ez bestea, ez lehenik independentzia ezta ondoren sozialismoa ere. Larunbatean Berriozarren IASeko militanteek esan zuten moduan, komunismoaren estrategia internazionala da, eta komunismo kontsekuentea zapalkuntza guztiak suntsitzeko mugimendua da. Euskal Herrian nazio-zapalkuntza deuseztatzea lehentasunezkoa da. Antolakuntza propioan eta autodeterminazioren zein Euskal Estatu Sozialistaren aldarrikapenetan zehazten da hori guztia.

Belaunaldi indartsu bat dago IASen bitartez sozialismoaren eraikuntzari ekarpena egiteko prest. Ideia faxista eta atzerakoiak indarra hartzen ari diren testuinguru honetan, aurkako joerek hazi behar dute eta hegemoniko bilakatu behar dute. Hori guztia ez da erreformismoaren eskutik etorriko, gazte-belaunaldi komunisten bidetik baino. IASeko militante guztiei: eskerrik asko iraultzaren grina bizirik mantentzeagatik. Bidelagun izango gaituzue etapa berri honetan.

EZ DAGO IRUZKINIK