Iragan diren hauteskundeetan hainbat elementu bereizgarri behatu ahal izan ditugu Hego Euskal Herrian, tartean, EH Bilduk azken udal hauteskundeetatik hona izan duen gorakada, eta, bide beretik, EAJ-PNVren beherakada nabarmena. Gaur-gaurkoz, EH Bilduren proiektu politikoa klase ertain nazionalistaren interesen ordezkari legitimo bilakatzen ari da. Hau da, EH Bilduk, estatuaren baitan integratuz joan ahala eta bere programa politikoa despolitizatu ahala, badirudi masa elektoralaren babesa eta interesak ordezkatzeko gaitasuna bereganatu dituela (eta batez ere klase ertainak osatzen du masa elektorala). Era berean, EAJren programa politikoaren (burgesia nazionalaren interesak defendatzen ditu) masa elektorala murriztuz doala ikus daiteke. Tendentzia horrek horrela jarrai dezakeela aurreikus daiteke, gizartea proletarizatzen den heinean aurreikustekoa delako burgesiaren proiektu politikoak indarra galtzea eta hark zailtasunak izatea belaunaldi berrietan eguneratzeko.
Hala ere, politika iraultzailea egin nahi duen horrentzat ezinbestekoa da abstentzio tasa gorakorrei erreparatzea. Bi motibo nagusirengatik: lehena, abstentzioak biztanleriaren ia erdia ordezkatzeaz gain, klase osagai nabarmena duelako. Gaur-gaurkoz, proletariotza da abstentzioaren alde masan egiten duen estratu soziala, eta, bereziki, gazteria langilea. Bigarrena, politika instituzionala masa zabalengan desatxikimendua eragiten ari delako, bai kapitalaren alderdiekiko konkretuki eta baita ere estatuarekiko modu orokorrago batean. Horrek politika beste parametro eta logika batzuetan eraikitzeko aukerak handitzen ditu. Izan ere, komunistontzat garrantzi berezia du instituzioetan ordezkaririk ez duten masa zabalak politikoki antolatu eta haien emantzipazioa errealitate bihurtzea.
Espainiar estatuan, ordea, PSOE, zeina gobernu progresistaren ardatza izan den, zigortua izan da. Litekeena da gobernuak erakutsi duen ezintasun politikoaren frustrazioa eskuinak kapitalizatu izana. Horrela, udal hauteskundeetan eskuinaren garaipena ikusi da han-hemenka. Izan ere, maiz azpimarratu baldin badute ere gobernuaren bidez hobekuntzak ekarri dituztela gure bizitzetara, jendarteak eta batez ere proletariotzak aho batez esan dezake azken lau urteetan hobekuntzarik ez izateaz gain, nabarmen okertu zaizkiela bizi baldintzak eta bizi kalitatea. Horren aurrean, Pedro Sánchezek hauteskunde orokorrak aurreratu ditu, bere alderdiak abendura arte izango lukeen higadura ekidin eta ezkerreko bozka kapitalizatzeko ahaleginean. Horri gehitu behar zaio Podemos ahul dagoela eta Yolanda Diazen proposamena, berriz, guztiz hankamotza dela.
Europar Batasunetik heldu berri diren albisteek murrizketa berriak iragartzen dituzte. Egoerari aurre egiteko ezkerraren ezintasunak eta eskuinaren gorakadak eta autoritarismoaren normalizazioak ziklo elektoral etsigarria dakar. Horretaz gain, aurreikustekoa da proletarizazio fasea sakondu eta gordindu egingo dela. Zirku elektoral berri baten atarian, argi izan behar dugu demagogian eta promesa faltsuetan oinarritutako kanpainek proletalgoarentzako miseriazko politikak estali besterik ez dituztela egiten. Hori horrela, ezinbestekoa zaigu proletalgoaren interesen arabera artikulatuko den antolakuntza independentea indartzea, miseriazko politikek ez baitute inoiz irtenbide errealik eskainiko proletalgoaren bizi baldintzak okertzearen aurka.