Frantzian, pentsioen erreforma aurrera doan bitartean, kaleek su hartu dute. Erreformarekiko ez ezik Macronen gobernu osoa gaitzesteko protestek ehunka atxilotu eta zauritu utzi dituzte. Estatu demokratiko eta ongizate estatuen gainbeheraren adibide argi bat ari gara ikusten Frantzian. Hain justu, urtea hasi denetik Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabili den hamaikagarren aldia izan da, eta hori, saldu nahi duten demokrazia liberalaren kontrara, boterearen zentralizazioa gero eta normalizatuagoa dagoen erakusle da. Artikulu horren erabilerak asanblearen onespenik gabe erreforma dekretuz onartzea ahalbidetu du. Era berean, aipatzekoa da azken urteetan agerikoa dela proletarizazioaren hedapena, hala nola osasun zerbitzuen degradazioak, dirulaguntzak murrizteak eta bizitzaren garestitze orokorrak erakusten dutenez.
Frantzian urtarrilean hasi ziren protestek goia jo dute hilabete honen hasieran, azken hamarkadetako greba jendetsuenarekin. Sindikatuek, ordea, ez dute gaitasunik izan indar hori erreformaren aurkako oposizio erreal moduan egituratzeko. Alde batetik, hori horrela izan da atzerakada ekonomikoaren garai honetan txikitu egin zaizkielako baldintza ekonomikoen hobekuntzarako marjinak; izan ere, sozialdemokraziak eta bere sindikatuek gero eta ezintasun nabariagoak dituzte langileriaren lan-indarraren salmenta-prezioa adosteko. Hori horrela, sozialdemokraziak indarra galdu du langileriaren onurarako agente politiko moduan, erreformak egiteko gaitasuna egoera ekonomiko global oparo batean soilik izaten baita. Baina, beste aldetik, arazoa da sindikatuak ez direla gai gaur egun kapitalaren ofentsibari aurre egiteko, borroka ekonomikoak borroka politikotik aparte egiten dituzten neurrian. Sindikatuek, langileon bizi-baldintzetan hobekuntzak egiten dituztenean, ez dute helburu langileriaren demokrazia erreala inposatzeko baldintzak eraikitzea, hau da, ez dute anbiziorik soldatapeko lanaren erregimena bermatzen duten instituzioak ezabatzeko.
Ordea, borroka ekonomikoak borroka politiko zabalago batean txertatu behar dira; proletalgoaren bizi-baldintzen hobekuntzek langileriaren boterea garatzea ekarri behar dute. Horretarako, beharrezkoa da Frantzian ikusi diren tankerako mobilizazio eta protesta jendetsuak modu antolatu eta independentean egituratu eta norabidetzea, eta estrategia eta taktika egoki baten baitan garatzea, indar akumulazio hori benetako aldaketa baterako motorra izan dadin, eta masa-mobilizazio jendetsuak benetan aldaketarako berme eta langileriaren frustrazioaren aterabide izan daitezen. Sozialismoak oposizio errealik ez duenean lortuko du proletalgoak bakea, eta bien bitartean sozialismoaren aldeko borroka hauspotzea dugu eginbeharra.
Azkenik, elkartasuna adierazi nahi diegu Frantziako protestetan dauden langileei, errepresioa eta poliziaren bortizkeria pairatu behar izan duten guztiei.