AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Azaroaren 25a da gaur, eta hamaika mobilizazio daude deituta Euskal Herrian. Biolentzia matxista justifikatzen duten diskurtsoen gorakada nabarmena bizitzen ari gara, eta, batez ere, eguneroko ogia izaten jarraitzen dute eraso eta erailketa matxistek. Horri kaleetan erantzutea nahitaezkoa da. 

Orain dela urte batzuetatik hona, estatuaren kudeaketa zentrista eta sozialdemokrataren testuinguruan, eskuinak eta faxismoak lortu zuten beren diskurtso erreakzionarioa sistema politikoaren aurkako bezala kokatzea. Eskuineko antisistemak bailiran, sistema politikoa wokismo bezala izendatuz, politikoki ez-zuzenak omen diren ideiak defendatzen dituzte, tartean, jarrera matxistak edo etorkinen aurkakoak. "Pentsatzen dudana esaten badut kartzelera noa" litzateke hainbat eta hainbat jarrera erreakzionario barne hartzen dituen adierazpena. Antisistema izan ordez, baina, erreakzioaren eta faxismoaren agenda kulturalak ikaragarrizko finantziazioa eskuratu du azken urteetan, fenomeno sistemiko hegemonikoa izateraino, Trumpen gobernuak erakusten duen bezala. Eta agenda ideologiko horren barruan, garrantzia handia daukate matxismoaren normalizazioak eta emakumeak bigarren maila batera jaisteak. 

Ezker burgesak diosku erreakzioaren gorakada fenimismoaren arrakastaren ondorio dela, ziklo feministaren mugei buruz autokritika egitea erabat baztertuz. Orain dela hamar urte, milaka militanteren lanaren ondorioz, matxismoaren aurkako kontzientzia aktibatu eta jarrera erreakzionarioak zokoratzea lortu zen. Feminismoaren instituzionalizazioak, emakume langileen bizi-kalitatea hobetu eta biolentzia matxista bukatzeko baldintzak jarri baino, ondorengoa eragin du: instituzio burgesetan barruraino sartzea, kaleak hustea eta programa feminista performance ideologikoen parametroetara eramatea gehien-gehienean. Hori gutxi ez, eta Euskal Herriko Bilgune Feministaren ingurune politikoak erreakzioaren zakuan sartu nahi du, besteak beste, Mugimendu Sozialista, emakume langileen askapenaren alde aktiboki aritzen den arren eta indarkeria matxistaren aurrean lehen lerroan dagoen arren. Zergatik eta feminismoaren instituzionalizazio-prozesuarekin kritiko izateagatik.

Indarkeria matxistaren aurrean kaleak hartu behar ditugu, eta matxismoa ontzat ematen duten diskurtsoei ez diegu gailentzen utzi behar. Horretarako beharrezkoa da militantzia aktiboaren alde egitea eta aldarri sozialista iraultzaileek eta apurtzaileek zentralitate politikoa berreskuratzea. 

Biolentzia matxista suntsitzeko, erasotzaileen inpunitatea suntsitzea beharrezkoa da, baita emakume eta gizonen arteko berdintasunean oinarritzen den sistema bat eratzea ere; Estatu Sozialista eraikitzea, alegia.

EZ DAGO IRUZKINIK