Gaur-gaurkoz agerikoa da aberriari bakar irizten bazaio ere ugariak direla bere esanahiak. Ia Aberri Egunean mintzatu den eragile, antolakunde eta alderdi beste zentzu har zezakeen aberriak, eta norberak sentitzen duen horren araberakoa ere izan zitekeen baldin eta ez balego kontsentsu zabalagorik. Bada, ordea, aberriaren ulerkera orokorra, konpartitua, eta zehatza oso ez izan arren interpretazio orori propioa zaiona. Aberriaz ari denak haren jatorriaz ezer dio, historia bat du akorduan edo euskara ahotan, amaren etxea defendatu zuen eta etsaiak sortu bere identitatea, tradizionalista da, proletarioa edo ilegala. Esan nahi baita: aberriaren definizio batek edo bestek, agian denek, elementu amankomun batzuk izan ohi dituzte eta horien artean sarrikoenak hizkuntza, jatorri historikoa, lurraldea eta egitura sozioekonomikoa izaten dira. Azal-azaletik denok deritzogu aberriari berdin, edo antzerako; hala ere, xehetasunean ez dugu bat egiten. Horregatik ez dugu elkarrekin batzerik izan gaurko egunean.
Bakoitzak bere aldetik ospatu eta aldarrikatzen du Aberri Eguna, euskaldun guztiok ez baitugu asmo bera: ezberdin bizi dugu herria, bere aberastasun eta miseriak, eta zori ezberdina opa diogu gal ditzan gauza batzuk eta beste berririk ekarri. Ondorioz, aberria aipatzean aberri bakarraz ariko bagina ere zatituta dago dena delako hori, aberria osatzen dugun asko elkarren aurkari gara eta. Abstrakziotik aldenduz gero, adibidez, nazio proiektu anitzen arteko oposizio zuzena igarriko dugu, egunerokoan, bederik, errealagoa dena. Izan ere, bada Euzkadi bat, eta Euskadi ere, bada izenondo bako Euskal Herria eta Euskal Herri Langilea, edo motibo hutsa: euskal langileria. Denak dira, nolabait, zenbait identitate ezaugarriren aitortza (izan baden nazioarena) eta etorkizuneko komunitate edo estatu baten intentzio-deklarazioa (nazioaren balizko bilakaerarena). Denak dira, halatan, elementu berdintsu batzuk kontuan hartzen dituzten nazio proiektuak, baina borondateon xedeek ez dute elkarrekin zerikusirik. Nazio proiektuak, gainera, antagonikoak izan daitezke: EAJ-PNVren nazio proiektua, gaur egun indarrean dena, Espainiako Estatu burgesean da posible (eta soilik da posible estatu horretan), aitzitik, euskal komuniston nazio proiektuak Espainiako eta Frantziako estatuekin haustea dakar nahi eta nahi ez. Bata edo beste izango da etorkizunean, eta bata edo beste ez da denon aberri izango.
Horrenbestez, komunistok aberriaren kontzeptu (nazioaren teoria bat, kasu) zehatza garatu behar dugu, batik bat argi argudia ditzagun nazioaren elementu konstitutiboei oposizio erreal bat berezkoa zaiela: klase oposizioa. Eta, horrez gain, zera defendatu behar dugu kementsu: garrantzitsuena bakoitzak duen nazio proiektua da. Zeren eta iraganaren zentzua, azken batean, bizi dugun une honetan datza, eta oraingoa etorkizunean. Horregatik, komunistontzat nazio proiektu bat bidezkoa da baldin eta soilik euskal langileriaren, bai eta langileria klase osoaren, askatasun politikoa ziurta badezake. Hau da, langileriaren emantzipazio unibertsalarekin bat egiterik badu. Batasun berri baten ilusioz, guk badugu gure hautua egina: Euskal Estatu Sozialista.