AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

“Kitchen” kasuak hautsak harrotu ditu, eta goi karguen arteko espioitza kasuen ikerketak Euskal Herrian ere hartu du tokia. Ateratzen ari diren kasuen artean argitara atera den azkena da EHUko Segurtasun Buruak irakasle baten informazioa filtratu ziola poliziari. Espioitza kasuen atzean botereen arteko lehiaren logika omen dago, eta horrek giroa asaldatu du. EHUk, ordea, urteak daramatza poliziarekin kolaboratzen (beste hainbat instituzio publikoren antzera), ikasle antolakuntza oztopatzeko espioitza kasuetan, militante belaunaldiei sistematikoki jazartzeko kolaborazioetan edo unibertsitatearen funtzio eta dinamikak oztopatu litzaketen langileen jarraipenetan.

Zenbait errektoretza igaro dira EHUren zuzendaritzatik eta kasu denetan egon da campusetako eskubide politikoen aurkako jazarpena. Unibertsitateak pentsamendu kritikoaren haztegi bezala saltzeak baina funtzioz pentsamendu eta jardun kritikoaren errepresore izateak etengabeko kontraesanetara eraman ditu behin eta berriro unibertsitateko agenteak.  Errepresioaren eskala determinatzeko orduan, erabakigarria izan da militantzia politikoaren zilegitasuna eta indarra, campusetan zein haietatik kanpo. Gaur-gaurkoz, testuingurua geroz eta autoritarioagoa bilakatzen ari da, eta antolakuntza politikoa geroz eta auzi periferikoagoa bilakatzen. Hori horrela, normalizatuta dago eskubide politikoak deuseztatzea eta errepresioa igotzea, eta, ondorioz, ia oztoporik gabe exekutatzen dituzte aurretik ikusi gabeko praktika batzuk (espedienteak irekitzearena, kasu). Desagertu da EHUk izan ahal zuen espazio kritikoaren irudia, lan indarraren formaziorako eta diziplinamendurako instituzio moduan indarra hartzen doan heinean.

Gazte belaunaldi militanteek urte luzez salatu dituzte lan politikorako ezintasunak. Izan ere, normalizatuta dago antolakuntza independentearen hautua egiten duenak askatasun politikoen urraketa sistematikoa onartu behar duelako ideia. Hortaz, komunismoaren proiektu politikoaren hedapenarekin ezinbestekoa da proiektuaren aldeko militantziaren zilegitasuna eskuratzea. Politika erreala instituzioetatik kanpoko koordenadetan kokatu behar da, eta militantzia iraultzaileak horretan duen garrantzia azpimarratu.

Salatu beharrekoak dira unibertsitateko etengabeko oztopo burokratikoak, campusetan poliziaren presentzia handitzea, ikasleen aurkako espedienteak irekitzea, irakasleen espioitza kasuak…  eta horretan guztian dagokien ardura eskatu behar zaie errektoretza honi eta aurrekoei. Horretarako, proletalgoa miseriara kondenatzen duen eta burgesia aberasten duen unibertsitate ereduaren aurka borrokatzea zilegi eta beharrezko den neurrian, gazte belaunaldien borroka hauspotzea da bidea.