Emakume bat atxilotu dute Madrilen eta bere alabaren tutoretza galdu lezake datozen egunetan. 27 urteko emakumeak alaba bakarrik utzi du gauez, hiriko taberna baten lan egin behar zuela-eta. Umea gosez omen zegoen eta baldintza txarretan zegoen etxe batean bizi omen zen, hormak lizunduta eta hozkailua hutsik. Egoera horri gehitu behar zaio herrialdetik kanporatua izateko arriskuan dagoela, emakumea paperik gabe eta hortaz modu irregularrean bizi baita Espainiar Estatuan.
Kasu konkretuan gehiago sartu gabe (esateko asko badago ere) eta xehetasunak alde batera utzita (ezagutzen ez ditugulako), proletalgoaren amatasun baldintzak argitara ekartzeko aprobetxatu nahiko nuke. Emakume langilearen kasuan bi afera dira komunismotik aldarrikatu beharrekoak amatasunari dagokionez: ama ez izateko baldintzak eta ama izatekoak. Ama ez izateko baldintzek haurdunaldia eteteko eta modu libre batean egiteko aukera errealak eskaintzea dakarte: mediku-baldintza onetan gauzatzea, biolentzia obstetrikorik gabe, baldintza moralik inposatu gabe, erabaki errealki librean eta babes psikologikoa bermatuta izanda, kasua edozein dela ere.
Ama izatearen baldintzak bermatzeaz ari garenean, kasua konplexuagoa da. Oinarri moduan, esan dezakegu gurasoak izatea eskubidea den bezala, guraso izatea ez dela eskubide bat. Ama izatea ez dela eskubide bat diogunean, ulertzen dugu indibiduoak ez duela helburu horretara (ama izatera) daraman jardun osoa era legitimoan betetzeko ahalmen osoa; esaterako, ezin duela Europa ekialdeko emakume langileen –ezta beste inongo ere– sabelen salerosketan aritu, ezin dezakeela periferiako herrialdeetako haurren adopzio irregularrik egin… Finean, ezin duela bere ametsetako familia eraiki langile klasearen miseriaren bizkarretara. Oso bestelako kasua da, ordea, proletalgoarena, ukatu egiten baitzaio ama izateko aukera.
Emakume langilearen amatasuna hertsiki lotuta dago haren baldintza ekonomikoekin. Izan ere, norberaren bizitza erreproduzitzea ere ozta-ozta lortzen duen horren soldatak seme-alabak erreproduzitzea ere lortu behar du. Horren aurrean, emakume langileak bi aukera ditu, umeak edukitzeari uko egitea edo klase moduan antolatu eta alternatiba errealak planteatzea.
Burgesiak eta ertain klaseak baditu hainbat alternatiba seme-alaben zaintzarekiko arduragabekeria diruz estaltzeko; familia proletarioek askotan ez dute ezintasunari aurre egiteko alternatibarik ere. Zer egin behar du etorkizun hobe baten bila zentro inperialistara etorri eta alabaren ahora eramateko apurrik ere ez duenak? Kontziliaziorako ezintasuna, familia aurrera ateratzeko diru falta, ordainpeko oinarrizko zerbitzuen eskuragarritasun falta, bajak ezin hartzea… Hori horrela, komunismoaren esperientzia historikoetatik ikasita (Sobietar Batasunaren kasutik, adibidez), ikusi dugu beharrezkoa dela norbanako gisa agertzen zaizkigun baina oinarrian klase-problematikaren parte diren arazoei modu kolektiboan erantzutea, eta emakume langilearen beharrizanak lehen lerrora ekartzea.