Ezker Abertzaleak Mugimendu Sozialista karikaturizatzeko egindako saiakerek absurdoaren goia jo zuten joan den astean. Ezker Abertzaleak denbora luzea darama Mugimendu Sozialista Frente Obrerorekin parekatu nahian. Roberto Vaquerok, ordea, 50 minutu luze dituen bideo bat grabatu du bien arteko etsaitasuna agerian utziz, biak parean jartzeko saiakeren helburua difamatzea eta intoxikatzea soilik izan dela erakusten duen beste adibide argi bat.
FOk eta Mugimendu Sozialistak ez dute bat egiten ez azaleko kritiketan ezta sakoneko proposamenetan ere. Kontrara, proiektu kontrajarriak dira: bata klase gizartea gainditzeko helburua duen proposamena da, eta, bestea, aldiz klase gizartea betikotzekoa. Beraz, kritikak eta jarduna kontrako norabidean egiten dituzte nahitaez. Mugimendu komunista batentzat marra gorria da mugimendu batek klase borrokaren elementuak neutralizatzeko lan egitea, eta, zeresanik ez, FOren moduko muturreko kasuetan, zeinak proletalgoaren aurkako mugimendutzat har baitaitezke.
Ezker Abertzalearen eta FOren proposamen politikoaren kontraesan handienetariko bat auzi nazionalarena da, euskal abertzaletasunarena, hain zuzen. Bestela, antzekotasun nabarmenak dituzte: subjektu berdinari zuzendutako proposamenak dira –FO langile aristokrazian zentratzen da batez ere–, langile klasearen ikuskera zeharo obrerista dute, proletalgoaren geruza osoak subjektu horretatik kanpo uzten dituzte, eta hortik abiatuta industria nazionala (edo enpresa eredu propioa) indartzeko proposamenak ere egiten dituzte, baina, batez ere, estrukturalagoa den zerbait partekatzen dute: biak ala biak proposamen erreformistak direla eta beren aspirazioak estatu aparatuetan botere kuotak handitzea eta horien marjinen barruan politika egitea dela.
Mugimendu edota alderdi integratu guztien artean bada kontsentsu bat: sistema kapitalista gizartea antolatzeko forma egokia delako adostasuna. Kontsentsu hori proposamen politikoen oinarrian kokatzen da; beraz, gizarteko arazoen edo ezinegonen aurrean iritzi ezberdinak izan bai, baina irtenbidea pentsamendu sistema berberaren baitan elaboratzen da. Kasu horietan, politika egitea, errealitatea sistema kapitalistak ahalbidetzen dituen aukeren barruan moldatzea da.
FOk behin eta berriz jokatzen du bere diskurtsoak eta irudiak ematen duen ulerkera anbiguoarekin. Baina Vaquerok erabiltzen duen hiztegi marxistak eta komunismoaren iruditeriak ez du adierazpen praktikorik beren proiektu politikoan. Kontrara, FO zerbait bada fronte erreakzionarioa da, «rojipardoa», eskuin muturreko hainbat sektoreren gotorleku eta apustu politikoa.
Ezker Abertzalea hedabide nazional eta internazionaletan duen oihartzunaz baliatu da Mugimendu Sozialistaren aurkako etengabeko intoxikazio kanpainak zabaltzeko. Eztabaida politikoa argumenturik gabe emateko kultura politiko bat sustatzen du, non erraz irensten diren falazia eta kategorizazio manipulatuak. Larriak dira Ezker Abertzalearen kanpaina antikomunistak, baita sustatzen duen kultura politikoa ere. Argi dagoena da garrantzia handia duela FO bezalako taldeen aurka borrokatzeak eta horien hedapenerako espazio eta erreminta oro problematizatu eta neutralizatzeak.