Denbora da ez gaituztela harritzen estatuaren politika antiproletarioek, eta, esaerak dioen moduan, basta ederragatik astoak asto izaten jarraitzen duenez, Espainiako gobernu «progresistako» alderdiak ere betiko bide beretik doaz. Azken asteetan PSOE-Podemosen gobernuak antisemitismoa aitzakiatzat hartuta Palestinaren ukazioari eta palestinarren aurkako ofentsibari bide ematen dion lege proposamena egiteaz gain, okupazioari ere hordagoa bota dio. Biek ala biek egiten diete mesede estatu inperialistei, elite ekonomikei, eta kasuan kasu, baita jabe ertainei ere; inolaz ere ez noski, proletalgoari.
Horrelako lege proposamenak besterik gabe aurrera ateratzea zentzu komunean naturalizatuta dagoen zerbaiten emaitza da. Horrelako politikak zentzu komunaren iruditegian dagoen errelatoaren instituzionalizazioa dira, alfer/langile, pizti/demokrata edo bestelako edozein dikotomia faltsuren isla. Izan ere, auzi bakoitzaren atzean ezkutatzen den klase borrokaren elementua sistematikoki ezabatzen da kapitalismoan. Guztiz desitxuratzen da nor den borreroa eta nor biktima. Nola izan litezke palestinarrak borrero, Israel bezalako estatu baten aurrean? Israelek dituen baliabide ekonomikoei, aliantzei eta gaitasun armamentistikoei begiratu besterik ez dago ikusteko argudio hori absurdoa dela. Era berean, nola izan liteke biktima higiezinen akumulaziotik eta espekulaziotik ogibidea egiten duena, etxebizitza batera sarbiderik ez duen proletario baten aurrean?
Politika proletarioak, beraz, gizartean barneratuta dauden errelatoen logiketatik haratago doaz. Guretzat politika gatazken atzean dauden klase interesak mahaigaineratu eta proletalgoarenak defendatzean datza. Horrek, halabeharrez, politika proletario, edo zuzenago, politika komunistak etengabeko jopuntuan egotea eragiten du. Horregatik egiten diogu aurre egunerokotasunean burgesiaren zein klase ertainaren interesak defendatzen dituen alderdien partetik jasotzen dugunari; etengabe desitxuratzen dute mugimendu komunista, egiten den lana etengabeko zikintzen eta gure oinarri eta etika etengabe manipulatzen duten bezalaxe. Horregatik antolatzen gara instituzioekiko modu independentean.