AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 29an egingo dituen manifestazioen berri eman zuen atzo. Agerraldian esandakoaren arabera, bi manifestazio izango dira: bata Bilbon eta bestea Iruñean. Bada, bozeramaileak burgesiaren ofentsiba ekonomikoa eta politikoa borrokatzeko premiaz mintzatu ziren, eta azpimarratu zuten, testuinguru honetan, alderdi politiko instituzionalizatuek ez dutela proletariotzaren interesak defendatzerik. Hori dela-eta dei egin digute urtarrileko manifestazioetan parte hartzera, alderdikeriak alde batera utzi eta, Burgesiaren diktadurari aurre egin! lelopean, gauzen egoera hau sufritzen dugunok elkarrekin batu gaitezen.

Krisialdi garaiek errealitatearen «esentzia» ikusarazten dute askoren aburuz. Horixe uste dutenek, halatan, krisiek, bai ekonomikoek eta bai politikoek, gizartearen oinarri berezko baina ordura arte ezkutukoak lurrazalera ekarri ohi dituztela diote. Esaterako: krisialdi ekonomikoetan agerikoa da plusbalioaren ekoizpena dela gizarte burgesen printzipioa, orduan plusbalioaren ekoizpenak baitauzka burgesak arduratuen. Ikuskera hori zuen Hegelek, bai eta Marxek zein Leninek ere. Alabaina, gaurkoan Gramsci ekarri nahi dugu gogora, eta kartzelako eskuizkribuetan krisiez eta alderdi politikoez idatzitako hori hain zuzen ere.

Gramscik zera idatzi zuen: krisialdi garaietan alderdi politiko guztiak bi alderdi nagusi edo historikotan banatzen direla. Hau da, klase borroka une latz batean, zeinetan burgesiaren eta langileriaren klase interesak hala moduz eta agudo defendatu behar baitira, klase sozial beste alderdi dira, besterik ez: bata burgesiarena eta bestea langileriarena. Are, Gramscik idatzi zuen gizarte burgesetan beti direla bi alderdi bakarrik (bi klase eta bi klase-interes orokor diren bezalaxe), baina krisialdietan ageri direla, bere ustetan, bi unitate bakun modura alderdiok. Une historiko jakin batean alderdi bat edo beste, beraz, klase baten edo bestearen interes ekonomiko, politiko eta sozialak babesten eta borrokatzen dituzten indar antolatuetan datza, eta krisialdiek sigla eta izen ezberdinen azpian diren klase batasun politikoak (burgesiaren alderdiarena eta langileriarena, bakoitza bere aldetik) denon begi bistan jartzen dituzte. Hori idatzi zuen Gramscik, eta horixe bera antzeman dezakegu guk une honetan, egunero (azken urteetan, adibidez, nabarmena izan da oso alderdi politiko guztiek burgesiaren neurri diktatorialak babestu dituztenean).

Hitzez langileriaren interesak defendatzen dituzten baina, izan, Burgesiaren Alderdiaren parte diren horiei guztiei bizkarra emateko unea da GKSren arabera. Zentzu gramsciar horretan ulertu behar ditugu urtarrileko manifestazioak, baita aurrerantzean (eta ondoren) egin beharreko lan militantea ere: izenezko ezberdintasunak ahaztu, batasun errealei erreparatu eta Alderdi Komunista (horrela izendatzen du Gramscik langileriaren alderdi bakarra) eraikitzeko proposamen politiko modura. Indar metaketa handia lortu behar dugu datozen hilabeteetan komunistok; ekin diezaiogun, beraz, gogor lanari!