Komunikabideen itxiera eta zentsuraren inguruko agertoki benetan kafkiarra izan dugu gure aurrean azken egunotan. Otsailaren 27an Sputnik eta RT medioen zentsura txalotzen zebiltzan sasi demokrata guztiek eskuak burura eraman dituzte informazio faltsua zabaltzea debekatzen duen Errusiako lege berriak martxoaren 4an CNN, BBC eta Bloomberg hedabideak herrialdetik bota dituenean. Aurpegia behar da, gero, 5 eguneko epean gauza bat eta gero guztiz kontrakoa defendatuta lasai geratzeko. Sputnik eta RT hedabideek gobernu errusiarraren alde egiten dute, are gehiago gerra egoera batean, RTVEk eta BBCk hurrenez hurren gobernu espainiar eta britainiarraren alde manipulatzen duten bezala, eta Mediaset edo Vocentok beren administrazio kontseiluetako kideen interesen alde egiten duten bezala.
Zer zentzu dauka prentsa zein informatzeko askatasunen bortxaezintasuna sistema demokratikoaren fundamentu gisa aurkezteak egun batetik bestera deuseztatzen badira? Gerra, terrorismoa edo pandemia diskurtso liberal-demokratikoaren hipokresia honetarako eszenatokiak dira; ustez demokraziaren printzipio sakratuak direnei muzin egitea errutina bihurtzen ari da. Pariseko 2015eko atentatuen ondoren Vallsen gobernuak 2680 polizia zein militar plaza berri sortu zituen, desagertzeko prozesuan ziren 7500 postu militar mantendu zituen, eta inolako kontrol judizialik gabeko espioitzarako lege bat onartu zuen. Logika berberean baimentzen da azken egun hauetan ere errusiar kutsua duen edo besterik gabe objektiboki informatzeko asmoa duen ororen aurkako ehiza: abeslariak, margolariak, filmak… Nagusi den totalitarismoaren barnean edozeren debekua dago baimenduta Ukrainako hilotzen izenean. Krisi bat deklaratu orduko neurri diktatorialak hartzen dituzte Europako agintariek, eta azken boladan krisia iraunkorra ari da izaten.
Globalizazioaren urrezko aroaren amaieran gaude, eta egoera honetan autoritarismoaren gorakadaren salaketak politika komunistaren zutabeetako bat izan beharko du. Izan ere, merkatu ekonomia bloke ezberdinetan banatzen den heinean, ziurrenik gogortzen joango da horien arteko gatazka, eta Ukrainakoa ez da beste adibide bat baino izango. Gatazka hauek oinarrizko askatasunen aurkako erabakiak hartzeko tranpolinak ari dira izaten. Hain zuzen ere, halako testuinguruek bultzatutako chauvinismo neurrigabeak autoritarismo hau estali dezake. Testuinguru horretan, erraz zigortu daiteke militantzia politikoa «etsaiaren propaganda» zabaltzeagatik (RTren moduan) edo akusazio faltsuetan oinarrituta (Poloniak kazetari euskaldun batekin egin duen gisan), edo besterik gabe nazionalismo faltagatik.