Ikasle grebaren atarian gaude. Hamarnaka ikastetxek eta ehundaka ikaslek babestu dute Ikasle Abertzaleakek ostegun honetarako egindako deialdia. Hezkuntzan gertatzen ari den ofentsiba kapitalista salatu eta hezkuntza sistema sozialista bat aldarrikatuko dute ikasleek Hego Euskal Herriko hiriburuetan, aldarri nagusien erdigunean hezkuntzaren gainbehera esponentziala jarrita.
Baliabide ekonomiko eta pertsonalak murrizteaz gain, hezkuntzan eskala handiko edukizko desartikulazio bat gertatzen ari da, hezkuntza ertainetik hasi eta unibertsitate edo lanbide heziketaraino. Hezkuntzak ez du beharko lukeen funtzio hezitzailea betetzen, ez guk ulertzen dugun gisara, bederen: ez da gizateriaren kulturizaziorako eta garapen intelektual eta pertsonalerako bitartekoa. Hezkuntzaren ulerkera horren arrasto bakan batzuk ikus daitezke irakasle batzuen borondatean, baina garatzeko ezintasun nabarmenak ditu. Hala ere, egia da guk aldarrikatzen dugun heziketaren paradigmatik haratago, kapitalarentzat ezinbesteko funtzio hezitzailea betetzen duela egungo hezkuntza-sistemak. Izan ere, bertan elite ekonomikoari ziklo produktiborako beharrezkoak zaizkion gaitasunak, jakintzak, portaerak eta jarrerak erreproduzitzen dira. Gizarte eredu berri bat ekoizten da hezkuntza zentroetan, kapitalaren logikarekiko diziplinamendu eta sumisio osoan oinarritzen dena.
Grebarekin bat egiteko arrazoiak mila badira ere (eta ez txikiak), oztopoak nabarmenak dira ikasle grebetan, eta batez ere hezkuntza ertainekoetan. Ikasle grebak pasiboki eta aktiboki boikoteatzen dituzten guraso, irakasle eta alderdiak daude. Ulertzen ez dutena da greba zapuzteko beraien saiakera bakoitza greba egiteko arrazoi bat gehiago dela.
Lan politikoa eragozteko polizia hezkuntza zentroetara bidaltzen dutenei, greba egunean falta jartzearekin mehatxatzen dutenei, ikasle greba batean erabili beharreko borroka moldeetatik zein bai eta zein ez den zilegi epaitzen dutenei, kartelak paretetatik kenduta komunikatzeko eta informazioa jasotzeko eskubidea urratzen duten irakasleei, militanteen klase-pasetan grebaren zentzugabekeriaz mintzo direnei, ikasleen argumentuak infantilizatzen dituztenei, egungo hezkuntza-sistemak proletalgoaren beharrizanak asetzen dituela defendatzen duten alderdiei: hezkuntza-sistema kapitalista hau eraisteko eta hezkuntza sistema sozialista aldarrikatzeko beste pauso bat ematera goaz ostegun honetan. Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu!