AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Quim Torra presidentearen kargugabetzeak Espainiako Gobernuaren ekinbide autoritario eta errepresiboa berretsi du; gertakizun hau, gainera, beste errepresio adibide baten efemerideak ekarri digu.

Duela hiru urte burutu zuten Katalunian delako «autodeterminazio» erreferenduma; bada, orduan egindakoak, eta prozesuak berak gerora izan duen eragina, ebaluatzeko une egokia izan liteke hau. Proposatu ebaluazioak, hala ere, iraultza-programa sozialistari propioak zaizkion borondate eta ardurei erreparatu behar die; komuniston motibazio politikoaz ari bagara behintzat, halaxe behar du: proletariotzaren ongizate eta askatasun gogoak, nolabait, prozesu harekin bat egin zutenez gero, prozesuaren ahala zein izan den argitzea garrantzitsua da oso. Jakingura arriskutsua baina zintzoa, ezagutza estrategikoa zabaldu asmoz ondo egindakoak eta hanka-sartzeak bereizteko gai izan behar duena. Askok Kataluniako independentzia prozesu izendatu duen hori honako bi hausnarketa edo pentsamendu erronken objektu da; hemen, irakurleak bere ardura bihur ditzan, era eskematikoan aurkeztuko dira hurrenez hurren:

a) Langileriaren nazio-proiektu eta egitura zein marko burgesen arteko talka; hau da, nazio gisa (beraz, komunitate bereizi bezala) langileriak lurralde jakin batean bere bizitza amankomunari antolaketa sozioekonomiko eta kultural propioa emateko beharrezkoa duen botere-antolaketa geografiko orokorrak (klase internazionalismoak posible egiten duen hori) nolakoa behar lukeen pentsatzeko gonbita luzatzen digu independentzia prozesu katalanak. Izan ere: kapital-metaketa marko geografiko egonkortuak (Estatuak adibidez) berau desegin lezaketen nazio-proiektuen kontrakoak dira; hori dela-eta, burgesiaren nazio proiektu jakin batek ezin du langileriaren ongizate zein interesik ordezkatu. Esan nahi baita: burgesiak nazio-proiekturik muturreraino eramateko borondatea balu, lan-indarraren esplotazio baldintza egokiagoak lortu asmoz gidatuko luke delako independentzia prozesua eta, bestalde, ez balu berau gauzatzeko benetako borondaterik, hau da, burgesiaren xedea apurketa antzeztuz eskumen politiko gehiago bere egitea balitz, engainu hutsa izango litzateke langileria klasean hedatu duen itxaropena (eta haren emantzipazioaren aurkaria). Edonola ere, langileriaren ongizateak eta burgesiaren borondateak ez dute elkarbizitza edo komunitate terminotan, horrenbestez, nazioari dagokionez ere, bateragarriak izaterik.

b) Batik bat Europan, Hego Amerikan eta Ameriketako Estatu Batuetan, «haustura demokratikoa» iritzi izan zaion kontsigna estrategikoa bere egin du sozialdemokraziak azken hamarkadetan. Ulerkera estrategiko horren arabera, estatu-instituzioei zein agente-politikoei eraso bortitzik egin gabe (baina beharrezkoa balitz indarrean den legediari bizkarra emanez, hau da, legediaz gaindi jokatuz), eta politikagintza ofizialetik aldendutako parte-hartze ereduak sustatzearekin (bada, paraleloak izendatu daitezkeen jokabide eta praktikez ari gara, izan ere, «haustura demokratikoak» sortutako ekinbideek ez diete Estatuaren funtzionamenduari zuzenean eta bat-batean eragiten), hiritarren borondatea, gobernuak kontuan izan ez duen hori, gauzen egoera kontserbadoreari gailen dakioke. Aldebakartasuna oinarritzat duen estrategia da hau, oro har zera duena proposatzen: joka dezagun gure aldetik eta izango da uneren bat, parte-hartze hazkunde jakin baten ondorio, gobernuak gure asmo eta borondatea, nahi eta nahi ez, bere gain hartu beharko duena. «Haustura demokratikoak» orduan eragiten dio Estatuari, dimentsio kuantitatibo jakina garatzean, alegia, balizko gertakizun bati derrigorrez jaramon egin behar dionean gobernuak (legeren bat edo beste aldatuz, esate baterako), gertakizunak berak eragindako errealitate berriak ez omen du-eta atzera-bueltarik izango. 2017ko urriaren 1ean Katalunian burututako erreferenduma ekarri zuen autodeterminazio prozesua, aste hauetan berretsi legez, estrategia horrek porrot egin duenaren adibide da. Halaxe, «boterearen konkista» kontsigna komunistak berarekin dakarren ulerkera errealista berreskuratu asmotan, «haustura demokratikoa» estrategiaren kritika historiko eta politiko zurruna ezinbestekoa zaigu; honek eragiten duen pentsamolde sinplista garesti ordain liteke-eta.