AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Hitzen esangurak leher egin dio zenbaiti aurpegian. Akatsak, bada, nork bere buruari zintzotasunez heltzeko balio lezake. Hutsegitea ordea publikoa izanez gero, edonondik antzeman liteke oker dabilen horren arrazoia, ispiluak berak begira daukan pertsona adina alde izango lituzke-eta. Oraingoan jatorriari egin dakiokeen aipamena ekidin arren (erantzule ugari baitago ala, alderantziz ere, horren baita anonimo eta orokortua, ezen ez duen arretarik merezi), behin-behineko definizioa zehaztearekin batera proletarizazioaz ari garenean “proletarizazio” zeri deritzogun argitzea dagokigu. Proletarizazio kontzeptuaren esanahia mugatzean, txarto-esaka ari diren horiek ezin izango dute gure ahotan ezer arrotzik jarri. Honako lerro hauek, ordea, gutxi dira eta aipatu eginkizunari ezin diote erantzun aproposik eskaini; halatan, inork ez luke azken hitzat hartu behar hau. Sinpletasunak edukiari kalte ere egin baitiezaioke, maximoak zehaztu nahian gabiltzala gogoan izan behar dugu era berean. Helburua bikoitza baita: 1) tesi komunistei obrerismo akusazioa egin dion horren ezgaitasuna azalaraztea; eta 2) printzipio iraultzailearen baieztapena.

Bere aspaldiko adieran uler zitekeen erreferentzia berria eman zion Modernitateak proletariotza hitzari; orduan industria-kapitalak berarekin zekarren lan-indar berriaren eta Aintzinako Erroman proletarii zeritzon horren klase-ezaugarri nagusia berdina baitzen. Alabaina, ezberdin hartu baitzituzten menpean, soilik baldintza formal batek berdindu zitzakeen (XVIII. mendeko azken hamarkadetan eta XIX. mendean zehar bizi izan ziren) industria-langileak eta proletarii erromatar hura: bere zein senideen lan-indarraz gain ezein baliabiderik gabe bizi zenari iritzi zitzaion, beraz, proletario. Marxek, esate baterako, proletariat izendatu zuen Manifestu Komunistan (1848) lantegian zebilen soldatapeko behargina; proletariotza harentzat soldatapeko lanaren morrontzan zegoen klase-soziala zen, garai hartako industria-langileria. Lantegia eta industria-kapitala, aitzitik, ez zen gauza bera Marxen aburuz eta soldatapeko-lanak (industria-kapitalaren ekoizpen ereduak, lantegi modernoak sorrarazi zituen hori) gainontzeko ekoizpen-esparruak (nekazaritza, adibidez) berenganatu zitzakeela jakin bazekien. Are gehiago, kapitalaren hedapena baitzuen aztergai, industria-kapitalak guztiz menpean hartuak ez zituen estratu-sozial horiek proletarizazio prozesu bat bizi zutela idatzi ere egin zuen Marxek Gotha Programa kritikatzean (1875). ADAV alderdi lasallearrak eta August Bebel zein Wilhelm Liebnechten SDAP alderdiak izan zuten hizpide Gotha Programa, urte hartan Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata (SPD) sorrarazi zuen bateratze-kongresua elkarrekin burutu zutenean hain zuzen ere. Bertan, industria-langileriari aitortu zitzaion iraultza-ahala, hau proletariotzari zegokion-eta, eta menpekoak ziren gainontzeko estratu-sozialak erreakzionariotzat jo ziren; Marxek, berriz, uko egin zien halako baieztapen obreristei, izan ere, haren ustez proletariotza zabalagoa izan zitekeen.

Industria-kapitalaren jabetza-pribatu modernoak, soldatapeko-lana medio, menpean hartu zituen horiei eman zien Marxek proletario izena.  Halaxe, “proletarizazioak” esanahi trinkoa du: nor proletario bilakatu. Eta “proletarizazio prozesuak”, honenbestez, ekimenari berari zuzentzen zaion beste hau: norbanakoaren edo gizarte-talde zabal baten bizi-baldintzen eraldaketa garaia (eraldaketak, hemen, proletarizaio hitzaren zentzua hartzen du). Bigarren definizioa ez da lehenengoaren hedadura soila, burgesiaren eta langileriaren klase-interesek azal litzaketen antolaketa ereduak bere gain hartzen ditu-eta. Pentsamendu taktikoari bide ematen dio, alegia. Orohar bi proletarizazio prozesu bereiztea komeni zaigu: a) proletarizazio prozesu historikoa, ekoizpen-eredu kapitalistaren osaera garaiari dagokiona. Marx, esate baterako, prozesu honetaz mintzo zen, hau da, Antzinako Erregimenean menpeko izan ziren estratu-sozialak soldatapeko-langile bihur zitezen gertatu beharrekoaz. Eta b) lan-indar merkantziaren proletarizazio prozesua. Kapitalismoaren historia-jaiotzak bukatua behar du ordurako eta burgesiaren diktadura ekonomikoak, soldatapeko-lanaren esklabutza kondizioak, egonkortua eta mundu mailara hedatua. Lan-indar merkantziaren proletarizazioa, bada, langile-batek ukan ditzakeen bizi-baliabideen murrizketari deritzo; langile hark, prozesu horren poderioz, bere lan-indarra besterik ez baitu edukiko, kapital-metaketa ezintasunak eragin duen krisialdi garai batean agian ezin izango dio biharko egunari biziraun. Herrialde europarrek lan-indarraren delako debaluazioa bizi dute egun, estatuek behin hola izan zuten gastu-publiko gaitasunaren desagerpenarekin batera. Horrez gain, langile gutxik du dagoeneko finantza-zirkuitoetan parte-hartzeko aukera erreala eta kreditu zein hipoteken interes-tasek (proletarioek ordaindu ezin ditzaketen horiek) diru-kapitalaren aginte gaitasuna areagotu dute; ondorioz, langileei hamarkadetan zehar berenganatu duten jabetza kentzeko ahala indartu zaio burgesiari.

Proletariotzak ez du bizi-aukera “aburgesaturik” eta Ongizate-Estatuen politikek
ezin diote haren egiturazko kondizioari eragin; alabaina, kapitalak proletarizazio onfentsiba abiarazi du eta hitzartu litekeen klaseen arteko paktu-sozial berriak ez dio proletarioaren existentzia miserableari aterabiderik eskainiko; argudio-komunista, beraz, menderaezina zaie sozialdemokratei. Bitartean proletarizazio prozesu hau aztertu eta taktikoki-pentsa dezagun militanteok.