AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Pasa den asteartean bi gazte atxilo hartu zituzten Lekeition. Goizean goizetik bertaratu zen polizia eta euren etxeak hiru orduz miatu ostean atxilotuak Deustuko polizia-etxera eraman zituzten. Komisaldegian pasa zuten gaua biek, eta hurrengo egunean, bideo-konferentzia bidez deklaratu zutenez gero, aske geratu ziren, kargupean. Antza, 2020ko udaberrian, Patxi Ruiz preso politikoak borrokaldia hasi eta jateari eta edateari utzi zion garai berdintsuan, ekintza batean parte-hartu izana leporatzen die Espainiako Auzitegi Nazionalak. Atxiloketak Espainiako Auzitegi Nazionalak berak agindu zituen.

Ez da kontu erraza militantzia politikoa garaiotan, are legediaz gaindi jokatzea ezin kriminalagoa izan denean azken urte luze honetan. Miseria areagotu besterik ez da egin, ekonomikoa, politikoa eta zibila, eta miseria orokortuak berau borrokatzeko bideen kriminalizazioa ekarri du. Aspaldidanik dakar, aspaldikoa baita miseria bera, baina egoerak (langileok elkarrekin batu, militatu eta borrokatzeko ahalak) denbora motzean okerrera egin du. Aurten politika, eta hau bizi garen gauzen egoerari eragiten dion praktika kontziente legez ulertuta, legedira (sindikatuetara, kasu) eta parlamentarismora mugatu nahi izan du burgesiak eta alderdi politiko ofizial gehienek babesa eman diote gure klase etsaiaren asmo horri. Kaleak hustu nahi izan dituzte, alarma egoeraren aitzakiapean baina betiko, eta, halaxe, gizarte zibilaren «osasun publikoa» ezintasun politiko bihurtu zaio proletariotzari. Eta orain, nola lagunduko dio proletariotzari, militante errepresaliatuari edo Euskal Herriko borroka tradizioari ustez denon onerako askatasun politiko eta zibilei eraso egin dien horrek? Miseria ez dator eta bere kabuz, ez badu inork ekartzen; nola emango diozue buelta egoera honi?

Proletariotzak nahi eta nahi ez legeditik kanpo kokatu beharra dauka haren ekinbide politikoa, zenbaitetan baita haren bizibidea ere; hori dela eta, ilegala dena inoiz baino gehiago jazarri eta zigortzen den garaiotan burgesek proletariotza bera legez kanpokotzat hartu dutela esan genezake. Esan nahi baita: testuinguru ekonomiko honek dakarren ofentsiba politiko burgesak zuzen-zuzenean eragingo die proletariotzaren bizimodu, baliabide  eta ohitura ilegalei, haren kulturari oro har; elkarrekin batu eta ordena burgesa borrokatzeko proletariotzak duen ahala txikiagoa egin daitekeelarik. Hau da, proletariotzak bere praktikak legediaz gaindi kokatzen dituenez gero, zigortua izango da, egoera miserable eta sumiso berri honetara moldatzen den artean behintzat. Proletariotzaren egoerak okerrera egin duenez, haren programa politikoa, iraultza komunista, zailagoa izan daiteke burutzen; alabaina, borrokarako eta militantziarako baldintzak (orokorrean) kaskartu diren honetan, Euskal Herrian militantzia politiko iraultzailearen gorakada nabarmena jazo izan da. Paradoxikoa irudi duen arren, horren ebidentzia da Mugimendu Sozialistaren hazkundea.

Proletariotzaren ilegalizazioa eta errepresio neurrigabea prozesu beraren parte dira. Menpean hartu nahi gaituzte, militantzia politikoa zigortuz. Asteartean Lekeition gertatutakoa, horregatik, gogor salatzen dugu. Atxilotuek militante komuniston babes osoa dute eta euren absoluzioaren alde borrokatuko gara. Bi gazteen konpromiso politikoa adibide zuzentzat harturik, ordea, honakoa azpimarratu nahi dugu: babes adierazpenak ez dira nahikoa, konpromezu eta militantzia politikoa ezinbestekoak dira errepresio kasuei aurre egin eta basakeria kapitalistari amaiera emateko. Ondorioz, ez dadin berriz horrelakorik gertatu eta ilegalizazio prozesu hau geldi ditzagun, antolakuntza komunistara egiten diogu dei proletario orori.