AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Askok uste du Marxen Kapitala ekonomia testu bat dela; ekonomia arloan kokatu beharreko testua, alegia, eta bi zentzutan irizten zaio halaxe. Alde batetik, modu historikoan: Kapitala lanean, Marxek XIX. mende erdialdeko ekoizpen eredu industriala aztertzen omen du askoren aburuz. Eta, bestalde, ekonomia politiko klasikoaren ondorengotzat jotzen dute akademiko gehienek: Kapitala lanean Marxek D. Ricardo eta A. Smithen (besteak beste) teoriei heldu zien, eta zenbait ekarpen egin zituen «balio-lana» teoria klasikoan. Akademian gaurdaino indarrean izan diren tesi horiek zer nolako garrantzia politikoa duten erraz antzeman dezakegu euren ondorioei erreparatzen badiegu. Izan ere: 1) orduko industria eredua duenez aztergai, Marxen obrak ez digu balio gaur egungo gizartea ulertzeko; eta 2) eskola austriarrak «balio-lanaren» teoria okerra dela erakutsi zuenez, Marxen lanak ez du balio zientifikorik. Halatan, Marxen garrantzia edo interesa «historikoa» da; baina, praktikan, ez digu ezertarako balio.

Alabaina, Marxena ez da testu ekonomiko soila, ezta ekonomia politiko klasikoaren tradizioan koka daitekeen testu zaharkitua ere. Marxen Kapitala kritika bat da, eta liburuaren azpitituluak horixe bera dio: Ekonomia Politikoaren Kritika. Bada, ekonomia politikoa, Marxentzat, burgesiaren kontzientzia zientifikoa zen, hau da, burgesiak garai hartan zuen bere buruaren (gizarte moderno burgesa, alegia) ulerkera sistematizatu eta argiena. Diskurtso akademiko eta ofiziala zen beraz, zeina burgesiaren mundu-ikuskeraren, balio moralen, zuzenbidearen filosofiaren eta anbizio politikoen bildumatzat har baitzitekeen. Marxen aburuz ekonomia politikoa (arlo horretan ikerlariek zientzia-ekarpen esanguratsuak egin bazituzten ere) erabat ideologizatuta zegoen. Halaxe uste zuen euren teoriek ez zutelako lan-indarraren zapalkuntza aintzat hartzen eta, ekoizpen eredu kapitalista eredugarritzat jotzen zutenez gero, burgesiaren klase menderakuntzaren alde ageri zirelako. Azken batean, klase diskurtso zientifikoa izan zen ekonomia politikoa: aristokrata feudal eta proletario modernoei zuzendutako burgesiaren apologia.

Ekonomia politikoaren kontraesan kontzeptualak agerian utzi zituen Marxek Kapitala lanean, balizko arlo zientifiko horren izaera ideologikoa zertan zetzan definitu zuelarik aldi berean (horretarako, ekoizpen eredu kapitalistaren oinarria lan-indarraren zapalkuntza dela frogatu zuen). Hori dela-eta, ezin daiteke Marxen Kapitala ekonomia politikoaren arloan kokatu. Ekonomia politikoaren kritikaz ari garenean, hortaz, ekonomia arloaren mugez gaindi ari gara (Marxena ez baita teoria ekonomiko alternatiboa, ekonomia arloaren ukapen praktikoa baizik) eta plusbalioaren ekoizpenean sortzen diren klase interes antagonikoei erreparatzen diegu (ekoizpenetik gizarte osora hedatzen diren klase interesei, hain zuzen ere). Ekonomia politikoaren kritika = klase borrokaren marko analitikoa. Izan ere, Kapitala-ren ondorio nagusia, ekonomia politikoak ez zukeena onartzerik izango, honakoa da: proletariotzaren ongizatea eta askatasun politikoa ezin daitezke kapitalismoan lortu, horretarako iraultza beharrezkoa da (proletariotzaren lan-indarra zapalkuntza kapitalistatik askatuko duena). Tesi hori, Kapitala-ren esentzia dena, politika sindikal eta erreformistei zuzendu zaien kritika handiena da, baina Marxek bazekien zeinen beharrezkoak diren, era berean, proletariotzaren unean uneko interesak (bizi-baldintzak, kasu) borrokatuko dituzten antolakundeak.

Soldata igoeraren eta askatasun zibilen aldeko borrokei «proletariotzaren ekonomia politiko» izena eman zien Marxek; seinalatu asmoz, «ekonomia politikotzat» zituen heinean, ekoizpen eta klase harreman kapitalisten baitan jazo zitezkeen borrokak direla, ez dutenak zertan, berez, diktadura ekonomiko burgesa kaltetu. Borroka horiek epaitzeko modua, halatan, euren eragin orokorren azterketan datza. Emaitza politikoetan, alegia, zeintzuek proletariotzaren antolakuntza iraultzailea indartu edo ahuldu baitezakete. Proletariotzaren ekonomia politikoa, orokorrean, erreformista, kolaborazionista eta klase traidoreen bandera da, antolakuntza komunista zanpatzen duten horiena (sarritan soldata igoeren eta askatasun zibilen borrokan, nahi edo nahi ez, langileriaren subordinazioa areagotzen dute-eta); izan zitekeen, hala ere, proletariotzaren antolakuntza independente eta iraultzailea indartzeko bidea. Langile mugimendu komunista edo marxistak, behintzat, horixe baieztatu izan du beti. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek argitu beharreko auzia da hori; proletariotzaren eguneroko premia eta erronken bidez egin behar denez aurrera (horietara mugatu gabe, noski), sozialismoaren eraikuntza ekonomikoak eta botere-hartze politikoak gaurdanik zer esanahi taktiko duten argitzea, hain zuzen ere.