Iragarritakoak hutsik egin ez, eta negu gorriak bere egin gaitu. Madrilgo Udalak Cañada Real auzoaren desolojo-ofentsiban pauso bat haratago joateko erabakia hartu zuen. Bi urte igaro dira argia moztu zietenik, eta, geroztik, ondorio latzak utzi ditu erabaki horrek: iazko neguan gizon bat hotzak jota hil zen, eta hainbat haur ospitalizatu behar izan zituzten hipotermia zantzuekin. Hartutako azken erabakia, ordea, bizitokiak eraitsi eta hondakinak, arropa, altzari zein bertan geratu zitezkeen oroitzapenak lurperatzea izan da; finean, abenduko hotzaren atarian 4.000 pertsonatik gora kale gorrian uztea. Auzo horren eraisketaren ondorioz etxerik gabe geratu direnek ez dute aterperik eskuratzeko alternatibarik. Izan ere, testuinguru horri zera gehitu behar zaio: horientzat eta beste askorentzat alternatiba bakarra litzatekeela okupazioa. Ordea, okupatzeko aukera ere ezinezko bilakatzen du PSOEren desalojo azkarrerago lege berriak, eta horrek agerian uzten du zein den PPren zein PSOE-Podemosen gobernuen ofentsibaren norabidea, kaltetua nor den eta nor onuraduna.
Cañada Realen gertatutakoa muturreko adibide bat bada ere, Frantziako Gobernuak argi-mozketak egoteko aukera iragarri du urtarril hasierarako. Munduko potentzia nuklear handienetariko bat da –19 zentral nuklear eta 56 erreaktore ditu–, baina, hala ere, krisi energetikoan murgilduta dago herrialdea, estatalizazio- eta sozializazio-prozesuak gauza bera ez diren erakusten duen beste adibide bat. Urte luzez erreaktoreen mantentze-lanak bigarren planoan utzi eta industria militar nuklearrean sakondu du Macronen gobernuak, sektore estrategikoa, inondik ere, Europako eliteentzat. Orain, ordea, biztanleriaren % 60 aldi baterako argi-mozketak sufritzeko arriskuan dago. Horren aurrean, proletalgoa izango da guzti hau garesti ordainduko duena; izan ere, bera da etxea berotzeko alternatibarik izango ez duena, eskolek ixtean haurrak norbaitekin uzteko aukerarik izango ez duena edo garraiobide partikularrik izango ez duena toki batetik bestera joateko.
Krisi-testuinguruan elite ekonomikoaren ofentsiba asko gordindu da. Burgesiak bizi-bitarteko oinarrizkoenak garestitu eta geroz eta jende gehiagorentzat eskuraezin bilakatzen ditu, etxebizitzatik hasi, elektrizitatetik pasa eta elikagaietaraino. Bizirauteko bitartekoak ukatu ondoren, gainera, miseria horren erantzule gisa aurkeztu nahi dute proletalgoa. Ideologia aspirazionalak baimenduta, kontsentsu sozial zabala dago ongizate estatuetan eta klase ertain sendoa dagoen lekuetan, non pobrearekiko estigma sortzen den langile klasearen geruzetan. Pobre kondizioaren erroa norbanakoaren jarreraren edo borondatearen ondorio dela pentsatzeak pobre dena estigmatizatzen du, eta horrek, era berean, bide ematen dio proletalgoaren bizi-ereduaren eta kulturaren kriminalizazioari.
Baina proletarizazio-prozesu nabarmena gertatzen ari den honetan, hau da, pobrezia orokortzen ari den honetan, arrakalak sortzen ari dira kontsentsu sozial horretan. Horregatik, burgesiaren aparatuen bidez, bizi-eredu proletarioa kriminalizatzeko legediak, indar armatuak eta ideologia erreakzionarioak indartzea bultzatzen da.
Horren guztiaren aurrean, komuniston eginbeharra da egoera honek uzten duen testuinguru nahasia aprobetxatzea pobrearekiko estigma borrokatzeko eta burgesia seinalatzeko, zeina pobreziaren erantzule baita. Horretaz gain, pobrezia gainditzeko, hura betikotzen eta elikatzen duen sistema kapitalista eraitsi behar dela mahaigaineratu behar dugu, hau da, ez dela pobrezia gabeko kapitalismorik; eta, bitartean, proletalgoarentzako kalitatezko bizi-baldintzen alde borrokatu behar gara.