Pedro Castillo Peruko presidente ohiaren kargugabetzearen inguruan jazotako gertakizun sortak perutarrek azken urteetan bildutako ezinegonak eztanda egitea eragin du. Agintariak, indar militarrez lagunduta, larrialdi egoera ezarri dute, eta gogor oldartu zaizkie herritarrei: ehundaka zauritu, atxilotu eta 25 hildako eragin dituzte. Tentsioak behera egingo duen zantzurik ez da ikusten, horren kontrara, areagotzen ari baita. Herrialdearen desegonkortasun politikoa urteetan egon den desegonkortasun sozial eta ekonomikoaren isla gisa ulertu behar da. Peru munduko kobre esportatzaile handiena izanda ere, hango biztanleen laurdena pobrezia handian dago. Herrialdeko burgesiak bere alde aprobetxatuko du egoera, gaitasuna baitu, indar militarren, botere ekonomikoaren eta estatuko komunikabide garrantzitsuenen jabe den heinean, egoera bere mesedetara manipulatzeko. Era berean, periferiako herrialdeen desoreka sozial eta ekonomikoak beti izan dira aukera politiko zentro inperialistako eliteentzat, eta hurbiletik jarraitu beharko dira interesok.
Antzeko muturreko kasuak salatu izan ditugunean eta babesa adierazi hango edo hemengo proletalgoari, internazionalismo proletarioaz aritu izan gara. Internazionalismo hori, ordea, ez da sarritan, beste batzuek ulertarazi nahi izan duten moduan, elkartasuna adierazteko keinu soil bat. Internazionalismo proletarioa langileria osoaren interesak defendatzen dituen oinarrizko elkartasun eta antolakuntza printzipioa da. Bere baitan inplizituki daraman ideia zera da, burgesiak, hemen eta han, interes berdinen defentsa egiten duela (tarteka interesen arteko talka egon badaiteke ere), hau da, bai hemen eta bai han burgesiak langileria inongo eragozpenik gabe zanpatzen duela etekin ekonomikoen eta boterearen izenean. Peruko proletalgoaren bizi baldintzak okertzeak, eskubide politikoak deuseztatzeak, kaleen militarizazioak eta agintarien eskuetan dauden hilotzek oposizio sozial espontaneo bat eragin dute. Hala ere, azken urteetan herrialdean izan den faxismoaren gorakadaren ondorioz, sakoneko krisiaren ondorioz eta antolakuntza komunistak duen presentzia urriagatik, nabariak dira erantzun espontaneo horiek klase liberazio forman gorpuzteko izango dituzten zailtasunak. Izan ere, gatazka momentuetan langileriaren mesedetara gorpuztuko den botere posizio bat lortzeak antolakuntza sendoa eta zuhurtzia estrategikoa eta taktikoa eskatzen ditu.
Komunismoaren desartikulazio globalak ezinezko egiten du, guretzat ere, dimentsio handiko gatazka internazionaletan esku-hartzea, baita sarritan egiazko informazioa jasotzea ere. Sozialismoa ahalik eta lurralde gehienetan antolatzeko baldintzak bultzatzea da gure eginbeharra, komunismoa hegemoniko bilakatzea ahalik eta langileriaren masa zabalenetan, ahalik eta lurralde gehienetan. Gaurdanik eraiki behar ditugu errealitate berri horren oinarriak eta komunismoaren garapenerako bermeak, noski, eta bien bitartean, elkartasuna adieraztea dagokigu egoeraren ondorio latzenak jasaten ari den Peruko herriari eta salaketa irmoena agintariak gauzatzen ari diren arpilatze eta biolentziari.