AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Hainbat politikari katalan eta euskaldun Pegasus software israeldarrarekin zelatatu dituztela dioen filtrazioak Espainiako parlamentu burgesa aztoratu du. EAJko Esteban «profundamente preocupado» omen dago, bat-batean, 2022an, inteligentzia-zerbitzuen espioitza dela eta. Voxeko Olonak gehiago zelatatzea eskatu du. EH Bilduk, Esquerrak, Puigdemontek eta abarrek 78ko erregimenaren kloaka edo estolderia delakoetan jarri dute fokua, eta Podemosek, antzerako analisi batekin, kontuak eskatu dizkio Sanchezi, haiek gobernuarekin zerikusirik izango ez balute bezala. PSOEk berriz, CNIren bitartez eta nolabait onik ateratzeko edo, politikari katalan (Pere Aragonès Generalitateko presidentea tartean) eta euskaldun nazionalisten espioitza epaileen baimenarekin eta legea errespetatuz egin dela dio, eta filtratu du Sanchez presidentea eta Robles eta Marlaska ministroak ere Pegasusen bidez zelatatu dituztela. Espioitzaren egiletza, gainera, Marokora eta modu independentean jarduten duten inteligentzia-zerbitzuetara bideratzen saiatzen ari da, eztabaida desbideratu eta gobernua ahalik eta gutxien zipriztintzeko. Hori guztia egiten duten bitartean, PPrekin batera espioitza kasua ikertzearen aurka bozkatu dute.

Maroko eta Estatuaren estoldak dira, beraz, politikariek Espainiako parlamentu burgesak bizi duen azken krisiari eman dioten erantzuna. Lehenengoari dagokionez, estatu kapitalisten arteko ika-mikek ezer gutxi axola beharko ligukete komunistoi, horiek langileriaren bizitzetan izan dezaketen eragina ez bada.

Estatuaren estolda delakoa, berriz, gutxienez problematikoa da kontzeptu analitiko modura, eta inpotentea borroka ideologiko komunistarako. Kontzeptu hori legez kanpo, forma independentean eta irizpide politiko propioekin jarduten duten Estatuko funtzionario frankista ultraeskuindar edo ultranazionalistei erreferentzia egiteko erabiltzen badute, konkretuan zertaz ari gara? Non hasten da eta non amaitzen da «estolderia» hori? Esan nahi ote da GAL estoldetako antolakundea izan zela? Izan ere, gobernuaren kontrolpean zegoen. Marlaska epaile zenean estoldetakoa zen, baina ministro denetik ez? Eta Robles berdin? Non kokatzen da Roldanek CNIren bitartekoak legez kanpoko ekintzak egiteko erabili izana? Edo PPk Estatuko egiturak interes partidistei jarraikiz arerio politikoei jazartzeko erabiltzea? Eta Juan Carlos errege jauna?

Kargu publikoen legezko jarduera (zilegia) eta legez kanpokoa (estoldetakoa, zilegi ez dena eta eten beharrekoa) modu horretan banatzeak, beste ezer baino gehiago, lehenengoen izaera antiproletarioa eta autoritarioa zuritzeko balio du. Hori baino zuzenagoa da estatu burges edo kapitalistaz hitz egitea bere osotasunean, jardun legal eta ilegalaren arteko sintesi modura, bata zein bestea erabiltzeko prest dagoena eta gobernantza forma ezberdinak hartu ditzakeena garai historikoaren eta indar-korrelazio politikoaren arabera.

Gainera, espioitza eta jazarpen politikoa, ilegala izanda eta Estatuaren estolda direlakoetan sortuak badira ere, ez dira Espainiaren asmakuntza eta ezta haren berezitasun bat ere, are gutxiago euskaldunoi eta kataluniarrei bakarrik eragiten digun zerbait. Esaterako, badakigu Pegasus bera hainbat estatu kapitalistak erabili dutela; Mexikoko Estatuak, adibidez, duela urte gutxi 43 ikasle zelatatu, bahitu eta erailtzeko erabili zuen.

Gramscik zioen estatuek indarra erabiltzeko zuten joera krisi organiko garaietan areagotu egiten zela, kontsentsuak efektu gutxiago sortzen duelako. Badirudi kontrolean, jazarpenean, errepresio politikoan eta autoritarismo orokortuagoan aurkitzen ari dela Kapitala datozen urteetako gobernantza eta estatu eredua.

Espioitza eta jazarpen politikoa bada estatu kapitalistek masa zabalei eskaintzeko daukatena, guk intimitaterako eskubidea eta askatasun eta eskubide politikoak aldarrikatzen eta defendatzen ditugu. Intimitaterako eskubidea, ez Olona faxistak dioen moduan ezkutatzeko zerbait daukagulako, gizartean duintasunez eta askatasunez bizitzeko beharrezkoa dela ulertzen dugulako baizik. Eskubide politikoak, berriz, benetako demokrazia baten aurrebaldintza dira.