Espetxe zigorra ezarri diote Pablo Haseli, baina hark ez du bere burua entregatuko. Halakoren batean, hamar eguneko epea bukatzean, haren bila joko dute polizia-indarrek. Bada, menderakuntza burgesari propioak zaizkion krudelkeria, zikinkeria, lotsagabekeria zein terrorea printzipio komunistekin salatu izanagatik hartu nahi dute atxilo Hasel; Zuzenbide Estatu burgesen adierazpen askatasuna, eskubidea bera, horixe baita: nahi beste kritikatzeko aukera, baldin eta soilik baldin ez badu proletariotzaren programa komunistarekin bat egiten kritikak. Eragozpenik gabe gaitzetsi dezake edonork gauza bat edo beste, izan ere batek esan dezake «horrela ez dago bizitzerik, hari edo honi jipoi bat emango diot halakoren batean» eta besteren batek «zeinen mundu bidegabea hau, errotik aldatu beharra dago dena». Eta ez du ardura, antzeko iritzi gehienek ez dute kalterik egiten. Alabaina komunistena ez da kexu hutsa, antolakuntza egitasmoak izaten baititu komunistak eta haren ikuspuntua errealista izaten da; hau da, bizimodu militantea dauka (ez du uste bera denik ongiaren eta gaizkiaren neurria eta arrazoian oinarritutako autoritate kolektiboa onartzen du) eta klase-borrokan zer den posible, zer ezinezko eta, ez dagoenean beste aukerarik, nahitaez zer egin behar den epaitzeko kapaz da (iraultzaren ulerkera historikoa du, badaki hautatutako bidea zeinen deserosoa eta zaila izan daitekeen). Edo bestela esanda: komunistarena ez da kritika abstraktua. Pablo Haselen kantak legez komuniston adierazpenak izen propioz josiak daude, arazoei euren izen eta abizenez deitzen diegu, eta, horrez gain, soluzio konkretuak proposatzen ditugu.
Proletariotzaren antolaketa politikoa (burgesia borrokatu eta menpean hartzeko langileriak gara dezakeen antolakuntza) indartu dezakeen ezer ilegala denez, komunista baten iritzia kartzelarekin zigortu dute oraingoan. Kondenatuak, aldiz, ez die bere letrei bizkarrik eman eta kemen handiz egin dio aurre epaiari. Ohore!