Badira aste batzuk Arran antolakundeko zuzendaritzak — Esquerra Independentistako gazte antolakundeetako bat— Valentziako taldea antolakundetik formalki kanporatu zuela. Antolakunde berean norgehiagokan dauden joera politikoetatik bat jokoz kanpo uzteko maniobra burokratiko klasiko baten bidez egin zuen, eta "zatiketa" eragitearen aitzakiapean, gainera. Ildo beretik, zuzendaritzak zatiketaren egikaritze modura ulertu du eztabaidarako eta hausnarketarako espazio politiko berri baten sorrera, Herrialde Katalanetako gazteria komunistaren adierazpen organo gisara aurkeztu den Horitzó Socialistaren sorrera, hain zuzen ere. Modu horretan, zuzendaritzaren komunikatuan lerro artean irakurri daitekeenez, azken horiekin bat egiten duen oro, automatikoki, antolakundetik kanpo legoke. Horitzó Sozialistako kideak, ordea, oraingoz, beren burua aurkeztera eta beren proposamen politikoaren oinarriak azaltzera mugatu dira. Herrialde Katalanetan sozialismoaren alde lan egingo duen langileriaren antolakuntza modu independentea sustatzeko borondatea adierazi dute.
Arraneko zuzendaritzak, ezadostasun eta talka politikoak arrazionalki eta eztabaidaren bitartez ebatzi beharrean, nahiago izan du zuzendaritza postuak aitortzen dion botere posiziotik modu autoritarioan kudeatu antolakunde barneko norgehiagoka; kolpe burokratiko baten eta errepresio politikoaren bitartez, hain zuzen ere. Hain da begi-bistakoa eztabaidari muzin egiteko zuzendaritzak egin duen hautua, antolakundeko sektore zabal bati eztabaidatzeko borondaterik ez izatea eta eztabaidak behin eta berriz ireki eta inposatzen saiatzea leporatu diola. Dena batera eta komunikatu berean. Eta hori guztia, gainera, eztabaida anitzei ekarpena egiteko borondatez aurkeztu den espazio baten sorrerarekiko erreakzio modura. Litekeena da hemendik aurrera ere zuzendaritzaren jarrera orain arteko berbera izatea.
Gauzak horrela, sozialismoaren aldeko indar metaketa baten ikuspuntutik, ez dirudi hautu eraginkor bat oro har gazteria langilea osatzen duten masa zabalentzat hutsala den antolakunde bateko barne norgehiagokan trabatzea. Aldiz, ez da txikikeria bat, eratze prozesuan dagoen mugimendu politiko batentzat behintzat, hari buruz sortu nahi duten iruditegi negatibo eta interesatuari aurre egitea, horrek proposamen politiko batek epe motzera eduki dezakeen arrakasta baldintzatu dezake-eta.