AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Borrokatzen duenarentzat printzipio ideologikoek beste garrantzi du ohoreak. Izan ere, borrokaren aitortza soziala da ohorea, eta militante politikoari zor zaion errespetu eta miresmena ikusarazten ditu publikoki. Badu, beraz, zerbait moraletik, eta, horrez gain, konpromiso politikoz ari den horri indarrak batzeko balio dio: egin beharrekoa egin dezan eta egindakoa onartu. Alabaina, printzipioetan datza gure ekintzen zuzentasuna, bai eta zuzen gabiltzalako kontzientzia ere. Politika-auzietan ideologia edo argitasuna, halatan, honakoa da: alde batetik, estrategia eta taktika zuzenen ezagutza; eta, bestetik, esku zikinekin kontzientzia garbi mantentzeko era. Bata zein bestea ezin beharrezkoagoak; bata zein bestea kaltegarriak oso, ideologiak ohorearen tokia eta ohoreak argitasunarena hartzen badu. Horrexegatik komeni da elkarrengandik bereizita mantentzea biak; borroka baten arrazoi moral eta ideologikoen arteko oreka galduz gero, ohoreak itsutu baikaitzake eta baieztapen ideologiko soilak merezimendurik gabeko harrotasunera bultzatu.

Nahasmendu horren zantzurik antzeman daiteke, esaterako, bai EPPK-k eta bai Sortu alderdiak «ongi etorrien» harira argitaratutako irakurketetan eta egindako agerraldietan. Elkarbizitzaren eta bakearen alde, eta sufrimendua arintzeko, hartu omen dute erabakia, zeinagatik aurrerantzean presoei soilik «hurkoen giroko esparru pribatuan» baimenduko baitizkie harrerak Ezker Abertzaleak. Arkaitz Rodriguezen hitzetan, EPPK-k hartu berri duen erabakiak «ekarpen kualitatiboa egiten dio herri honetan bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzari», eta halaxe komunikatu zuen erabakia kolektiboak berak ere: «garaile eta garaituen errelatoa» aintzat hartzen ez duen aurrerapauso modura. Militanteei egindako harrerek, baina, ez dute balio politiko positiborik ez badira espazio publikoan eta denon begi-bistan egiten (militanteak publikoki aurkeztea ezinbestekoa da, soilik halaxe berma daitekeelako borrokaren eta militantzia politikoaren onespen eta legitimitate historikoa). Militanteen aitortza publikoa, horrez gain, printzipio politiko jakin batzuen arabera borrokatzeko aukeren baieztapen sinbolikoa denez, programa politiko baten indarraren adierazle ere bada. Sinbolo baten desagerpena, ondorioz, programa politiko jakin baten eta bere historiaren ukazioa izan liteke. Eta, nola ez, baita bere erreprodukzioarena ere.

Harrera publikoak ukatzean, ohorea ukatzen zaio borroka bati, eta borroka horri propioak zaizkion printzipio ideologikoak auzi pertsonal bihurtzen dira (ez publiko, ez politiko, ez praktika…). Gauzak horrela, desegokia bainoago, gezurra irizten diogu EPPK-k eta Sortuk delako erabakia justifikatzeko darabilten argudioari. «Ongi etorriak» bertan behera utzi nahi izatea presoen borondateaz gaindi Ezker Abertzaleak bai ala bai hartu behar izan duen erabaki politikoa da gure ustez, zeina aurrerapauso modura aurkezten baitute ez direlako beraien porrota publikoki aitortzeko gai. Ezker Abertzalearen programa politiko historikoa garaitua izan da; bada, «garaile eta garaituen errelato» zintzoa izan ezean, sekula ez dute beraien erabaki politikoen egiazko kontakizunik eskainiko. Soilik garaitu, garaile eta antzeko termino politikoen bidez uler daiteke halako erabakien arrazoia eta nahitaezkotasuna. Ez badute porrota onartzen, beraz, kostata utziko dio Ezker Abertzaleak bere programa politikoa zanpatu duen horren morroi izateari. Halatan, Ezker Abertzaleak gezurrak esateari utzi beharko liokeela uste dugu (bere printzipio politiko klasikoak aldera utzi dituela aitortu beharko du, adibidez), bere militanteen ohorea berreskuratzeko lehen pausoa horixe baita.